Hamarnaka pertsona bildu dira Ligi-Atherein Txomin Peillenen ehorzketan. Ostiral honetan egin den elizkizunera kultura eta euskalgintzako ordezkariak hurbildu dira. Ondoren Baionan, abenduaren 9an hil zen idazle eta euskaltzainari Eusko Ikaskuntzak Ohorezko saria emanen dio, bere ibilbideari gorazarre egiteko.
Idazlea, euskaltzaina, biologoa, etnografoa… zen Peillen, kultur gizona agurtzeko, Ligiko Julian donearen eliza bete da Familia eta lagunekin batera Euskal Herri osoko jendea bildu da. Han ziren besteak beste, Jean-Louis Davant, Joseba Sarrionandia, Carlos Garaikoetxea eta Battittu Coyos.
Azken honek hitza hartu du, eliza barruan egindako mezan. Annie Deleau, Peillenen iloba mintzatu da ere, eta idazlearen ’Les hirondelles’ olerkia irakurri du.
Sabin Oregi kazetari eta argitaldaria mintzatu da, eta Jon Miranderekin egin zuen lana ekarri du gogora, kulturaren ‘erraldoi‘ gisara definitu du. Hitzartzea bukatzeko, Peillenek 2005ean idatzi zuen ‘Lur andreari’ olerkiaren amaiera irakurri du: «Betirako egoitzan / sartuko naizenean / andere Lur maitea / batuko garenean / Lurra agur!».
Peillen Parisen sortu bazen ere, Zuberoakoak zituen gurasoak, jatorria ez zuen ahantzi, eta euskara ikasi zuen gaztaroan. Hori kontuan izanik, Jean-Louis Davant euskaltzain eta idazleak horrela agurtu du: «Goian dagoela Txomin, eta doluminak familiari, Euskaltzaindiari, Zuberoa Herriari».
Eusko Ikaskuntza saria
Ohorezko saria jaso behar zuen gaur Peillenek Eusko Ikaskuntzaren eta Baionako Herriko Etxearen eskutik, baina ezin izan du esku artean hartu, eta Battittu Coyos euskaltzainak jaso du bere ordez, eta ondoren familiari emango dio.
«Azken hatsa arte idatzi du eta lan egin du» nabarmendu du Coyosek, «sofritzen zuen, baina burua ona zuen, eta segitu zuen aitzina».
Peillenek saria aipatzen zuela jakinarazi du, eta jasotzea merezi zuela nabarmentzeko baieztatu du: «Bizi osoa eman dio euskarari eta euskal kulturari». Oroitu du zendu baino aste batzuk lehenago, bere ibilbide guztian zehar idatzitako poemak agertzen zituen liburua aurkeztu zuela. Azaroaren 15ean Baionako Euskal Museoan "Ene bertsoen bilduma" liburua ezagutzera eman zuen, Euskaltzaindiak argitaratuta.
Bi egun berantago bere urtebetetzea ospatu zuen bere etxean, 90 urte egin zituen, baina ordurako ongi ez zegoela aipatu du. «Euskaltzaindiaren osoko bilkuretara elkarrekin joaten ginen, azaroan Donostian izan zen, eta ez zen etorri ez zelako ibiltzen ahal, baina bestela hilabetero joaten zen».
Erakunde zientifiko-kulturaleko presidente Eguzki Urteagak aurkezpenean hitza hartu du, eta Peillenen ibilbidea izan du gogoan. Aipatu du ere, hileta elizkizuna egin den egunean berean saria ematean, «baliatu dugu omenaldi bat egiteko, aitortza egiteko bere lanari eta bere ibilbideari».
Coyosek bezala, nabarmendu du omenduak sariaren berri izan zuela zendu atzin, «jakin zuen jasoko zuela, eta plazer handia izan zuen». Gaineratu du: «Aitortza jaso zuen bizirik zegoen bitartean, poztasun hori sentitu zuen».
Eusko Ikaskuntzak eta Baiona Hiriak ematen dituen beste bi sariak banatu dituzte ere, Txomin Povedari ‘Expériences de la pensée radicale et de l'agir pragmatique au Pays Basque Nord’ soziologia tesiarengatik eta bideo sorkuntza Lanartea elkarteari ‘Loreak belaunetan’ filmearengatik.