Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevue
Nerea Ibarzabal Salegi
Bertsolaria

«Ez nuen espero, baina lehiakorra ere banaizela konturatu naiz»

Markina-Xemein, 1994. Bizkaiko txapelduna. Bigarren Txapelketa Nagusia eta lehendabiziko finala. Berriro ere «lehen aldi bat» bizitzeko gogoz, eta gero eta lehen aldi gutxiago geratzen zaizkiola jakitun, festarako eta lanerako prestatzen ari da bere burua.

Nerea Ibarzabalen lehen final nagusia da.
Nerea Ibarzabalen lehen final nagusia da. (Jon URBE | FOKU)

Zer moduz zaude?

Pozik, nekatuta, ardura sentitzen hasten, inoiz bizi ez dudan egoera baterako mentalizatzen... baina batez ere pozik.

Pasada ederra eman diozu gorputzari. Txapelketa gogorra da fisikoki. Nola iritsi zinen Baionako saiora?

Energiaren %5arekin. Gotainen hasi nintzen, tirantetan, eta Baionara beroki lodiarekin iritsi nintzen. Urtaroz aldatzen da txapelketa eta zuk denbora horretan guztian obsesio bakar bat daukazu buruan. Baionara aukera gutxirekin iritsi nintzen eta pentsatu nuen ‘daukadan indar apurrarekin azken salto bat emango dut’. Orain indarrak berriz kargatzen ari naiz. Nahi barik, uste dut hiru saiorako bakarrik mentalizatu nintzela, Baionan amaituko nuelakoan. Baina bai, jan arren kontrolik gabe argaldu naiz, lo gaizki egin dut eta sekulako nekea sentitzen dut, bai mentala eta bai soziala. Uste dut Bizkaiko Txapelketatik dakardan nekea dela.

Ez dakit zu, baina bertsozale asko harrituta dago zure gaitasunarekin. Horrelako presioarekin, energia papur horiekin eta a zer-nolako saioa Baionan.

Nire buruak harritu egin nau. Beldur handia neukan barruan, baina konturatu naiz asmatu dudala erantzuten, presio horretatik aldendu eta nire oinarrira etorri naiz. Kontzentrazio ariketa horretan asko ikasi dut azken bi urteetan. Eta benetan ez nuen espero, baina lehiakorra ere banaizela konturatu naiz. Presio horren aurrean ihes egin ordez, une batean erabaki nuen apustu horri heldu egingo niola. Txapelketan izena eman nuenez –nahiz eta zalantzan jarri zenbateraino den sanoa eta zenbateraino feminista lehia hori–, ahulguneetan pentsatzen nuen azken unera arte eusteko indarra izan behar nuela.

Irungo saioaren ostean, triste, amorratuta... nola?

Irungo saioa eta gero astebete pasatu nuen baretasun susmagarri batean. Geroago sentitu nituen nekea, tristura eta amorrua, batetik indibiduala eta bestetik kolektiboa, eta ez nekien zein leku egin gorputzean horiei denei eta aldi berean aurrera jarraitu, bi asteren buruan beste saio bat nuelako. Nola kalibratu gorputzaldi hori eta aldi berean negar egin eta elkarri eutsi.

Irungo saioaz asko hitz egin da, jakin arren epaileen lana zaila dela, baina une batean sinbolikoa ere izan zen, bost emakumek kantatu genuen saioa izan zen eta baxutik puntuatu zen. Horren ondorioz asko finaleko borrokatik kanpo geratu ginen. Tristura eta neke historikoa sentitu genituen. Berriro. Uste genuen zerbait aldatu zitekeela eta berriro ezin aldatu geratu ginelako sentipena. Digestio gogorra izan dut, gero amorru forma hartu zuena eta uste dut horri esker lortu nuela Baionan lortu nuena.

Indibiduala eta kolektiboa aipatu dituzu. Txapelketa honetan emakume bertsolariek elkar zaintzeko konpromisoa hartu duzue.

Hori azkenean urtez urte plazetan lortu dugun saretze bat da, gauza asko zalantzan jarriz, elkar ezagutuz, elkar maitatuz, elkarrekin egoera desberdin mordoa partekatuz –tartean txapelketa, eta gogorrena hori da–.... Uste dut txapelketan ere asmatu dugula modu bat elkar eusteko eta plazako sentsazio horiek txapelketara ahalik eta gehien eramateko. Baina gero konturatzen zara benetako aldaketa plazatik etorri dela.

Txapelketa hasi zenean nik esperantza batzuk nituen finalari begira gizonen eta emakumeen kopuruari dagokionez. Zailak zirela jakin arren, posible zirela ikusten genuen. Eta une batean aukera horiek hainbeste murriztu zirenean sekulako tristura sentitu nuen. Nire buruari galdetzen nion, ‘ai ama, argazki hau plazaren atzetik geratuko al da? Plaza leku batean dago eta sinbolikoki gailur hau atzetik geratuko al da? Horrek frustrazioa sortzen zidan eta pentsatzera eraman ninduen aldaketa beste nonbaitetik etorriko zela, ez txapelketatik.

Hori egon nintzen pentsatzen Baionako saioa baino lehen eta ez nekien oso ondo zein gorputzaldi aukeratu: zer aukeratuko dut ‘txapelketa ez da bidea eta berdin zait, beste bide batetik egingo dugu’ esaten duen mozorroa edo ‘honetan ere bagabiltza eta azken unera arte eutsiko diot’ esaten duen mozorroa. Bigarrena aukeratu nuen, sinistu nuelako une batean sinbolikoak diren tokietan egotea ere merezi dugula eta egon gaitezkeela, horretarako maila badugulako.

Majo lan eginda iritsi da Ibarzabal finalera. Jon URBE | FOKU

Esaten da txapelketak plazaren isla izan beharko lukeela eta askotan ez dela izan. Aurten ere akaso erabat ez...

Erabat ez da izango, plaza oso anitza delako. Segun non jartzen duzun lupa, beti faltako da zerbait. Azkenean zortzi aulki bakarrik daude. Beti faltako dira lurralde batzuk, adin batzuk, identitate batzuk... eta genero aldetik begiratuta ere, guztiz parekidea ez da izango. Baina finalak gauza asko ekarriko ditu; Iruñean izateak beste kolore bat ekarriko du, hiru finalista berri egoteak ere bai... Txapelketari dagokion pisua eman behar zaio, bidea urte osoan zehar izaten diren gertaera denak direla jakinda, gertaera horien guztien batura, bertsolaritzara gerturatzen den jende denaren batura.... eta txapelketa tontorra dela, dagoen zipriztin handiena eta ikusgarriena, baina egunerokoa beste toki batzuetan dagoela jakinda.

Euskal Herri ia osoa poztu da Nerea Ibarzabal finalean sartu delako.

Sekulako zortea dudala sentitu dut. Oso maitatua sentitu naiz. Nik bizitza osoa daramat bertsolaritzan bizitzen eta une batean nire azken hogei urteetako paisaiaren parte izan diren pertsona horiekin guztiekin hau dena partekatzeko aukera izatea sekulakoa izan da. Herri eta komunitate sentsazio izugarria sentitu dut. Oso gauza gutxik eman dezaketen sentsazioak dira, bertsoak eman ditzakeenak. Oso esker oneko sentitzen naiz.

«Txapelketa hasi aurretik Maialen Lujanbiok aholku bat eman zidan: jendearen bultzada hori presio bezala sentitu beharrean, sentitu ezazu gogo bezala. Irakurri aldrebes»

Ez duzu zamarik sentitu?

Ez. Txapelketa hasi aurretik Maialen Lujanbiok aholku bat eman zidan: jendearen bultzada hori presio bezala sentitu beharrean, sentitu ezazu gogo bezala. Irakurri aldrebes. Ez irakurri ‘Nerea, honaino heldu behar zara’, baizik eta ‘Nerea, izugarri poztuko gara honaino heltzen bazara’. Presio hori esanahiz aldatuta, dagoeneko ez da presioa, bultzada da. Eta ez bazara horraino iristen ez da ezer pasatzen, bertsolaritzan bizitzen segitzen duzu.

2017ko txapelketatik aldaketa hori igarri da. Orduan emakume bertsolari batzuek sentitu zuten zamak beste forma bat hartu ote duen aurten...

Nik ere hori sentitzen dut. Esango nuke ardatza aldatu egin dela 2017tik. Publikoa ere mugitu egin da, beste leku batean dago eta dagoeneko eztabaida ez da hain murritza: bigarren emakumea finalean bai edo ez. Iruditzen zait jendeak ulertu, sentitu eta maitatu egin dituela emakume bertsolariak. Dagoeneko demostratu dugu. Orain mezua ez da ‘demostratu egin behar duzue’, baizik eta ‘entzun egin nahi zaituztegu’. Eta hortik abiatuta oso desberdina da sorkuntza prozesu osoa eta zure buruari baimentzen diozun ausardia artistikoa. Beste puntu batetik abiatzen zara, eta askoz toki hobea da, edozein sortzailek merezi duena. Nik hau daukat esateko, nahi duzue entzun? Hori da abiapuntua.

Eta honaino iritsita, nabarmendu behar da finalean hiru emakume zaudetela?

Bai, gertaera historikoa da. Orain arte Maialen Lujanbio bakarrik aritu da eta bada mugarri historiko bat. Baina uste dut jendeak badakiela pozten txapelketan entzun dituen emakume guztiak elkarren artean guztiz desberdinak direlako eta ez direlako elkarren ordezkagarri. Banakako artistak gara, ez gara emakumeen ahots unibertsala. Ni pertsonalki motxila hori kenduta sentitzen naiz.

Iruñea. Nafarroa Arena. Nola irudikatzen duzu?

Leku aldaketak ilusio handia egiten dit. Ilusio handia daukat eta erronka fisiko eta mental bezala ere bizi dut. Ondo lo egin nahi dut, ondo jan, atsedena hartu... ondo iritsi nahi dut une horretara. Eta gero nola orekatu une hori bizitzen eta sentitzen egotea eta, aldi berean, inoiz egin beharko dudan lanik luzeena eta zorrotzena egiten aritzea. Festa giro horren barruan, lana egin behar dutenen gorputzaldia izan behar dut.