Manex Altuna
Entrevue
Asier Goti
Sestao River taldeko jokalaria

«Athletic oso ondo dabil, baina gu ilusioz beteta gaude eta korrika egin beharko dute»

Athleticek eta Sestao Riverrek berriro neurtuko dituzte indarrak Kopan. 80. hamarkadan hiru aldiz gertatu zen eta 2020an ere errepikatu zuten. Kanporaketa guztietan zuri-gorriek aurrera egin duten arren, Asier Gotik ezustekoa ematearekin amets egiten du.

Asier Goti, Sestao River taldeko jokalaria Mungian bizi da.
Asier Goti, Sestao River taldeko jokalaria Mungian bizi da. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Mungiako Larramendi ikastolan hasi zen baloiari astintzen Asier Goti, taldekide dituen Kepa Uriarte eta Gorka Garai bezala. Ibilbide oparoa egin du Bigarren B mailako klub ezberdinetan -Lemoa, Bilbao Athletic, Barakaldo, Leioa, Burgos, Compostela eta Marbella- eta 33 urterekin bere bigarren denboraldia da Sestaon. Aitortzen duen bezala, xarma daukan taldea da River eta etxetik gertu egon nahi izan du familiarekin, aita izan berri baita.

Athleticen kontrako Kopako kanporaketa oso partida berezia izango dela onartzen du, hainbat jokalari Lezamatik igarotakoak baitira. Gotik ere zuri-gorrien lehen taldearekin entrenatzeko aukera izan zuen Bielsaren garaian, taldekide duen Markel Etxeberriak moduan. De Marcos, Muniain eta Balenziaga dira aldagela hartatik geratzen direnak. Realeko harrobian hezitako zenbait jokalari ere badaude Sestaon eta Japoniarekin nazioartean aritutako Daiki Niwa atzelari beteranoa.

Nola hartu zenuten Athleticen kontrako kanporaketa?

Zozketa egunean jokalari guztiak bazkaltzeko geratu ginen eta denok batera ikusi genuen pantaila handi batean. Egia esanda, taldeak ez zuen Athleticen aurka jokatu nahi. Taldekide asko bazkideak gara edo jokalari izandakoak. Erdiak baino gehiago Lezamatik pasatu gara eta lagunak dauzkagu bertan. Nahiago genuen beste talde bat, nire kasuan Sevilla edo Atletico adibidez. Hala ere, badakigu partida oso berezia izango dela eta sekulako giroa egongo dela harmailetan. Lehenengo Mailako talde bat Las Llanasera etortzea eta beraien aurka jokatu ahal izatea guretzako pozgarria da.

Hilabete bateko etenaldiaren ostean helduko da Athletic, eraginik izan dezake?

Guri berdin zaigu itxaronaldiak. Lehiatzen jarraitu dugu eta ligan egon gara buru belarri sartuta. Athleticen opor moduko atseden egun batzuk eta denboraldi-aurre txiki bat egin behar izan dute. Agian gure alde egiten du, baina ezin jakin eraginik izango duen.  Athletic denboraldi oso ona egiten dabil eta badakigu oso zaila izango dela.

Athletic indartsu dagoela dirudi. Zerk ematen du beldur gehien edo nola egin diezaiokezue aurre?

Lehen Mailako jokalariak dira eta erritmoa eta teknika maila nabaritu egiten dira. Athletic gainera Europa eta Txapeldunen Ligako postuetan dabil eta denak ematen du beldur apur bat: Williams anaien abiadura goian zein atzean daukaten sendotasuna. Guk, denok batera jokatu beharko dugu, elkar lagunduz eta inoiz baino gehiago korrika egin. Aldi berean, estrategia, falta edo kornerretan min asko egin ahal diogu Athletici edo edozein aurkariri. Zorte pixkat ere bilatu beharko dugu, futbolean denetarik pasatu daiteke eta. Gure ezaugarri nagusia da goian presioa egitea, ez uztea aurkariari baloiagaz irtetzen. Hala ere, badakigu Athleticek jokalari oso onak dauzkala, kalitate askorekin eta beste modu batean jokatu beharko dugu. Aurreikusten dudana da Athleticek baloia edukitzea eta guk ahal dugunean, azkar kontraerasoan ateratzea. Eta ea sortzen dugun aukeretako batean, zortea alde izan eta gola egitea lortzen dugun.

«Talde honek gosea dauka eta RFEFeko Lehen Mailara zuzenean igotzea da helburu nagusia»

Zein da zuen jokatzeko estiloa eta zer eskatzen dizue entrenatzaileak?

Aitor Calle teknikari gaztea da (46 urte ditu). Sestao Riverren ibilitakoa da jokalari moduan eta maila igotzea lortu zuena (Bigarren B mailara igo zen 2005-06 denboraldian Carlos Pousok zuzentzen zuen taldearekin). Beti aztertzen ditugu aurkariek izan ditzaketen gabeziak, analisiak eginez bideoen bitartez. 1-4-4-2 batekin jokatzen dugu, bi aurrelari edo punta erdi batekin, baina azkenean bi jokalari dira goian. Estilo aldetik, taldeari Las Llanasen betidanik eskatzen diotena egiten dugu. Presio altua, aurkariari baloiagaz pentsatzen ez uztea, intentsitatea,... Aldi berean, erasoan erdiraketa asko egiten saiatzen gara hegaletatik eta trantzisio azkarrak bilatzen ditugu aurkarien bizkarrera.

Esanguratsua da RFEFeko Bigarren Mailako multzoan liderrak zaretela nagusitasun osoz.

Plantilla oso ona egin dute maila honetarako. Kirol zuzendari berria etorri da, Carlos Lasheras. Esperientzia handia dauka maila hauetan. Igoera asko bizi izan ditu Logroñesen eta Mirandesekin (Kopako finalerdietara iritsi zen ere 2012an). Profesionaltasunaren bidean ere pausu aipagarriak eman ditugu denboraldi honetan. Iaz Derion entrenatzen genuen arratsaldez eta aurten goizez aritzen gara Sestao inguruan ditugun instalazioetan.

Gainera, lehen partidatik oso ondo hasi gara, taldeak gosea dauka. Pasadan urtean minutu batzutara izan ginen igotzetik. Luzapenean galdu genuen eta jokalari asko geratu gara joan den urtetik. Arantza hori barruan gordeta daukagu eta ez dugu nahi errepikatzea. Lehen postuan amaitu nahi dugu eta zuzenean igo RFEFko Lehen Mailara. Hori da gure helburu nagusia, badakigu Kopan gure bidea laburra izango dela, Lehen Mailako taldeei irabaztea oso zaila delako, eta guk gure etorkizunari begiratu behar diogu.

Asier Gotik lau gol egin ditu denboraldi honetan. (@SestaoRC)
Asier Gotik lau gol egin ditu denboraldi honetan. (@SestaoRC)

Valverde eta bigarren entrenatzailea den Jon Aspiazu Sestaon jokatutakoak dira eta badakite ez dela kanporaketa erraza izango. Horren adibide, iaztik bi partida bakarrik galdu dituzuela etxean. Zer dauka Las Llanasek?

Zelai oso berezia da eta jendeak asko animatzen du beren herriko taldea. Sestaon River zaleak dira eta sentimendu hori daukate. Kamisetak eta koloreak toki guztietan ikusten dira. Kanpoan jokatzen dugunean ere autobusez joaten dira eta Las Llanasen asko babesten digute. Zelai txikia da eta jendea gainean daukazu etengabe. Zarata asko egiten dute eta aurkarientzako oso zaila izaten da. Athleticen badakite zer aurkituko duten eta zein den giroa. Agian horrek gure kontra egiten du, ohartarazita baitaude ez dela izango partida erraza eta ez dutela erraz irabaziko.

Hitz egin al duzue aldagelan orain dela hiru urteko kanporaketaz? Leandrok, Aritz Huetek eta Aitor Villarrek taldean jarraitzen dute.

Aipatzen dutena da giro itzela egon zela eta sarrera guztiak saldu zirela. Baita ere pena pixkatekin gogoratzen dute 0 eta 4 galdu zutela -Villalibrek eta Yurik bi gol egin zituzten bakoitzak-. Athleticek oso serio hartu zuen partida, azkar egin zuten gola eta ez zuen aukera askorik eman. 

Zeuk ere esperientzia daukazu. Orain urte pare bat Leioarekin Vila-realen kontra jokatu zenuen.

Bai, egurra eman ziguten. Pandemia garaian jokatu zen, publikorik gabe, eta apur bat tristea izan zen. Gainera, Vila-real Txapeldunen Ligako postuetan zegoen une hartan eta gainetik pasatu zitzaizkigun. Azken finean, Lehen Mailan munduko jokalaririk hoberenek jokatzen dute eta, horregatik, badakigu oso zaila izango dela Athletici irabaztea. Hala ere, ilusioz beteta gaude, futbolean edozer gerta daiteke eta beraiek ere korrika egin beharko dute guri irabazteko.

«Leandroren ostean, taldeko bigarren golegilea naiz eta hegaletatik jokatzea gustatzen zait»

Leandro erdiko aurrelaria eta zu zeu zarete taldeko golegile nagusiak eta taldearen erreferentziak erasoko jokoan.

Bai, lau gol daramatzat eta taldeko bigarren golegilea naiz. Niri hegaletatik jokatzea gustatzen zait eta ezkerretik zein eskumatik molda naiteke. Adinean gora egin ahala abiadura pixkat galdu dugu, baina oraindik jarraitzen dut korrika asko egiten. Gola egiteko tokietara heltzen saiatzen naiz eta eta azken paseak ematen. Leandrori dagokionez, nik uste maila bat gorago jokatu ahalko lukeela ziur. Oso momentu onean dago orain, golak eta asistenziak ematen, eta aprobetxatu beharko dugu.

Ibilbide oparoa izan duzu futbolean eta Euskal Herritik kanpo ere jokatzen egon zara. Athleticekin aukera bat izatea faltan botatzen duzu?

Batzutan pentsatzen duzu non egon ahalko zinatekeen aukera hori izanez gero. Baina badakigu oso zaila dela. Zortea eduki behar duzu eta baten batek konfiantza izatea zugan. Nik ez dut aukerarik izan. Hala ere, oso pozik nago futbolean egindakoarekin. Kanpoan jokatzen egon naizenean denetarik bizi izan dut. Compostelan esaterako, Bigarren mailara igotzeko taldea egin zuten eta jaitsi egin ginen. Desastre bat izan zen urtea. Hurrengoan Marbellara joan nintzen eta kontrakoa. Oso ondo atera zen arlo guztietan. Aukera izan nuen berritzeko, baina etxera itzuli nintzen Leioara. Gero orain Lehen Mailara igotzeko lehian ari den Burgos taldean egon nintzen eta esperientzia oso ona izan zen. Zaleen babesa sekulakoa da bertan. Pertsonalki ere dena bikain joan zen eta taldeko golegilea izan nintzen lehen urtean.

Goti Leandro aurrelariarekin gol bat ospatzen. (@SestaoRC)
Goti Leandro aurrelariarekin gol bat ospatzen. (@SestaoRC)