NAIZ

Bera Berak beste garaipen bat kateatu du eta Beti Onakek berdinketa batekin itxi du urtea

Bera Berak, Superkopa irabazi berritan, balaztarik gabe jarraitzen du eta Porriñoren aurka, ligan, beste garaipen bat erdietsi du (29-36). Beti Onakek, bestalde, 2022. urteko azken partida jokatu du eta merituzko berdinketa erdietsi du Granollersen aurka (23-23). Zuazok ostegunean jokatuko du.

Beti Onakeko defentsa arerioaren jaurtiketa oztopatu nahian.
Beti Onakeko defentsa arerioaren jaurtiketa oztopatu nahian. (BETI ONAK)

Beti Onak talde nafarrak 2022. urte gogoangarria merituzko berdinketa batekin agurtu du. Nafarrek Granollersen aurka jokatu dute ligako 10. jardunaldia eta lehen zatia lau goleko desabantailarekin bukatu dute. Talde katalana, egun jaitsiera postuetan, ez da azken urteetako talde indartsu hura –soilik garaipen bat erdietsi du– baina nolanahi ere, aurkari guztiei gauzak zailtzeko abilezia ez du galdu. Eta horren isla izan da Atarrabian jokaturiko lehen zatia.

9-13ko markagailua kontran zuela bukatu dira lehendabiziko 30 minutuak. Azken hamar minutuetan alde egin dute katalanek markagailuan. 20. minutuko 8-8 markagailutik 1-5eko partziala ezarri baitu kanpoko taldeak, Brasil Pereira, Somaza, Jallow eta Ben Chayhaben golei esker.

Beti Onaki kosta zaio aldeak murriztea. Ayelen Garcia eta Loveraren golei erantzun azkarra eman die katalanek. 37. minutuan Santos bi minuturako kanporatu dute eta etxekoek ederki probestu dute jokalari bat gehiagorekin jokaturiko unea. Hasierako 2-0eko partzialari jarraipena eman baitiote Santosen zigorra bukatu denean ere, eta azkenerako 5-0eko partzialarekin markagailua erabat irauli dute (18-17).

Ez du etsi Granollersek eta berdindu egin du partida, baita berriz aurretik jarri ere (18-20) baina azken txanpan beste 5-1eko partziala ezarrita, etxekoek merituzko berdinketa erdietsi dute, sailkapenean 7. postuan kokatzeko. Beti Onakek 9 punturekin ixten du urtea; Granollersek, aldiz, 4 punturekin.

Balaztarik gabe

Superkopa irabazi berritan, garaipen gosez jarraitzen du Bera Berak eta hurrengo asteko Rocasaren aurkako lehia zinez garrantzitsua izango da, biak ala biak hamaseina punturekin iritsiko baitira partidara, sailkapenaren goialdean.

Porriñon ligako zortzigarren garaipena erdietsi dute donostiarrek (9 partida jokatuta, bakarra galdu dute). Hasiera makala azkar irauli dute, iaz bertan jasotako danbatekoa errepikatzea saihestuz. Galiziarrek aurrea hartu dute markagailuan lehendabiziko 10 minututan (7-5) baina ordu laurdena betetzerako donostiarrek berdindu egin dute (7-7) eta hortik aurrera nagusi izan dira. Lehen zatia 13-18 markagailuarekin bukatu da.

Bigarrengoan, balaztarik gabe jarraitu du Imanol Alvarezek zuzendutako taldeak. Azken emaitza are zabalagoa izan bazitekeen arren (hamaika goleko aldea iran du, esaterako, 18-29), azken txanpan markagailua apur bat atondu dute etxekoek (29-36).