NAIZ

Gasteizko etengabeko osasun arreta zentroak «desegiteko plana» salatu du ELAk

ELAk salatu duenez, 2019ko udazkenean Osakidetzak Gateizko etengabeko arretako zerbitzua (EAG) «desegiteko plana» martxan jarri zuen. San Martinen zegoena itxi zuen, eta Olagibeleko osasun zentroan «arazoak jasanezinak dira».

Osasun publikoaren aldeko elkarretaratzea Gasteizko Olagibelgo osasun zentroan, ekainean.
Osasun publikoaren aldeko elkarretaratzea Gasteizko Olagibelgo osasun zentroan, ekainean. (Jaizki FONTANEDA FOKU)

Osakidetzak Gasteizko etengabeko osasun arreta zentroak (EAG) «desegin» nahi dituela salatu du ELAk. Izan ere, Olagibeleko osasun zentroan «arazoak jasanezinak dira», eta egoerak «okerrera egin du, bereziki San Martin osasun zentroa itxi zenetik».

Ohar batean azaldu duenez, «Osakidetzak argudiatu zuen herritarren asistentzia bateratu eta hobetuko zuela itxierak, baina errealitatea da Olagibeleko anbulatorioan dagoen EAGren asistentzia kalitatea murriztu dela».

«Olagibeleko EAGko langileek egoera hori salatu dute, profesionalek ez ezik, herritar guztiek jasaten baitute. Ez dute leku propiorik, osasun zentro berean berezko kontsultek eta EAGren kontsulta espezifikoek bat egiten dute. Gainkarga handia dute, eta gorakada esponentziala gertatu da bai pazienteen kopuruan, bai patologien larritasunean», gaineratu du, langile eta baliabideen falta nabarmenduz.

«Hori guztia Santiago ospitaleko larrialdiak arrazoirik gabe ixtearen ondorioz, eta, gainera, Txagorritxuko larrialdiak kolapsatzearen ondorioz», nabarmendu du, eta bost urtetik beherako adingabeak artatu behar dituztela ohartarazi du, «pediatrarik izan gabe».

«ELAk murrizketa politika horiek salatzen ditu, eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari eskatzen dio plantilla handitzeko eta langile horiei espazio propioa ez ezik, herritarrei baldintza egokietan lan egiteko eta laguntzeko behar beste material eta tresna emateko», azpimarratu du.