Lehen hiru partidak galdu ostean, Peio Etxeberriak eta Rezustak apur bat atondu dute Binakako Txapelketaren hasiera azken bi partidak irabazita. Ostegun honetan, Arrasaten, markagailua iraulita irabazi dute eta sailkapenean arnasa pixka bat hartzeko baliagarri zaien puntua batu dute. Izan ere, arerio izan dituzten Urrutikoetxea eta Albisu bezainbeste puntu dauzkate bosgarren jardunaldia jokatu berritan.
Elordi eta Zabaletaren aurka azken partida galtzetik bazetozen ere, Urrutikoetxea eta Albisu maila txukuna eskaintzen ari ziren. Batez ere Zaratamoko aurrelaria. Jaka eta Arangurenen aurkako partidan sekulako maila erakutsi zuen, Albisu atzean sendo ikusi zen bitartean.
Ostegun honetan ere txukun hasi dute partida, oro har dema parekatua izan bada ere. 9-7ko markagailuarekin nagusi ziren gorriak baina lehen atsedenaldirako aldeak murriztuta, atzetik aurrera egin dute urdinek (12-11).
Etxeberria eta Rezustaren une gozoa iritsi da orduan, atsedenalditik bueltan 2-7ko partziala ezarri eta garaipenerako kolpe galanta eman baitute. (14-18). Bidea, baina, ez da hain erraza izan eta sufritzea egokitu baitzaien arren, azkenean ez die garaipenak ihes egin (19-22).
Irun, Eibar eta Tolosa
Bosgarren jardunaldiak bihar izango du jarraipena, Irunen, Uranzu pilotalekuan, 21.00etan hasiko den pilota jaialdian. Bertan, puntu banarekin sailkapena ixten duten bi bikoteek neurtuko dituzte indarrak: Ezkurdia-Martija eta Jaka-Aranguren.
Hurrengo partida Eguberri egunez jokatuko da Eibarren, Astelenan. Peña-Mariezkurrena bikoteak hirugarren puntua lortzeko borrokatuko du Altuna III.ak eta Tolosak osatzen duten bikotearen aurka. Hauek bi puntu dauzkate.
Bosgarren jardunaldiaren bukaera Tolosan jokatuko da astelehenez, Beotibarren. Orain arteko lau partidak irabazi dituzten Elordi eta Zabaleta Laso eta Imazen aurka.