NAIZ

Iruñeko «auzo guztietan euskarazko hizkuntza-murgilketa duten haur-eskolak egotea» eskatu dute

Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur-eskolak egotea eskatzeko elkarretaratzea egin dute. «Hezkuntza integrala jasotzeko eskubidea aitortu eta bermatzea» aldarrikatu dute familiek.

‘Haur eskolak euskaraz auzo guztietan’ lelopean egin dute elkarretaratzea.
‘Haur eskolak euskaraz auzo guztietan’ lelopean egin dute elkarretaratzea. (Jagoba Manterola | FOKU)

Iruñeko familiek beste urte batez «dagoeneko tradizio bihurtzen ari den» elkarretaratzea egin dute ostegun honetan udaletxe aurrean, hiriko auzo guztietan euskarazko murgiltze linguistikoa duten haur-eskolak egon daitezen eskatzeko. Euskarazko hezkuntza bermatzea erakundeei dagokiela ere nabarmendu dute.

Iruñeko Euskalgintzak deitu du elkarretaratzea, eta ‘Haur Eskolak euskaraz auzo guztietan’ lelopean egin dute. «Kalera ateratzen jarraitu beharra» azpimarratu dute, «nafar guztiek euskarazko hezkuntza integrala jasotzeko duten eskubidea aitortzea» aldarrikatzearekin batera, eta lanean jarraituko dutela berretsi.

«Badakigu hizkuntzak haurtzarotik menderatzea oso aberatsa dela, eta horrek garrantzi handia duela etorkizunean beste hizkuntza batzuk ikasteko», adierazi dute. «Hizkuntza-eskubideak bermatuz bakarrik sustatuko ditugu gizarte-kohesioa, bizikidetza eta benetako berdintasuna, eta horretarako ezinbestekoa da haur eskolak euskaraz murgiltzea», gaineratu dute. Horretarako, argi adierazi dute ardura hartzea beharrezkoa dela: «Ezinbestekoa da Udalak eta Gobernuak bermatzea auzo guztietan euskarazko hizkuntza-murgilketa duten haur-eskolak egotea».

Elkarretaratzean azaldu dutenez, euskara nafarren ondarea da, «gure arbasoengandik jasoa, Irulegiko aurkikuntzak erakutsi duen bezala». Berreskurapenaz gain, transmisioan eta etorkizunean ere jarri dute arreta: «Instituzio nola jendarte osoaren ardura da bere berreskurapena zein ondorengoekiko transmisioa».