NAIZ

Trans Legea onartu du Madrilgo Kongresuak

Pertsona transexualek erregistro zibilean izena eta sexua aldatzea posible eginen duen legea onartu du Kongresu espainiarreko Osoko Bilkurak. PP, Vox eta Ciudadanosek aurka bozkatu dute eta Carmen Calvo presidenteordeak abstentzioaren alde egin du, bere taldearen diziplina hautsiz.

Berdintasun ministro espainarra, Irene Montero, Kongresuak Trans Legea onartu ondoren.
Berdintasun ministro espainarra, Irene Montero, Kongresuak Trans Legea onartu ondoren. (Ricardo RUBIO | EUROPA PRESS)

Hiru hilabeteko izapideen eta Gobernuko bazkideen desadostasunak eragindako makina bat tirabiraren ondotik, azkenean onartu du Madrilgo Kongresuko Osoko Bilkurak Trans Legea. Horren bidez, 14 urtetik goitiko pertsona transexualek erregistro zibilean izena eta sexua aldatzeko aukera izanen dute.

Aldeko 188 boto, kontrako 150 eta zazpi abstentziorekin atera da aurrera Berdintasun Ministerioak bultzatu duen legea. Azkenean ez da kontuan hartu PSOEk 16 urtetik beherako gazteek erregistroan izena aldatzeko epaile baten baimena beharko luketela planteatuz aurkeztu zuen zuzenketa.

PSOEren zati batek, Carmen Calvo buru, hasieratik erakutsi zuen ez zegoela ados testuarekin, bereziki genero autodeterminazioarekin eta euren ustez horrek emakumeei ekarriko lizkiekeen ondorioekin. Bozketan, azkenik, abstentzioa hautatu du, taldearen diziplina puskatuta. PPk eta VOXek kontrako botoa eman dute, baita Ciudadanosen gehiengoak ere.

PSOEk zuzenketa batzuk aurkeztu zituen, adin txikikoen autodeterminazioa mugatzera eta pertsona transexualek atzera egiteko prozesua zailago izatera bideratuak, baina batzordean ez zuen talde baten babesik ere lortu eta horregatik proposamenok baztertzea erabaki zuen.

PP hasieratik agertu zen kontra eta testua Gobernuari bidali zion bueltan. Bere «presa» kritikatu zuen, edukiaren gaineko patxadazko eztabaida baten falta. Aditu eta familiek Parlamentuan hitz egitea eragotzi dutela ere salatu du ostegun honetako eztabaidan.

Orain Senatura igaroko da testua, bertan izapideak egiteko. Testuan jasotzen denez, interesa duen pertsona erregistro zibilera joaten ahalko da, edo internet bidez sartu, eta bertan orri bat emanen diote bere jaiotza agirian azaltzen den izena zuzentzea nahi duela jakinarazteko.

Agiri horretan izen berri bat aukeratu beharko du, duena mantendu nahi ez badu behintzat. Lehenbiziko urrats honetan, erregistro zibileko arduradunak izena zuzentzeak ekarriko dizkion ondorio juridikoen berri emanen dio eskatzaileari, eta diskriminazioaren aurreko babes neurriak, errespetua eta tratu berdintasuna bultzatzen dutenak ere azalduko dizkio.

Bere eskubideak defendatzeko elkarte eta antolakundeak badirela ere jakinaraziko dio.

14 eta 18 urte bitarteko gaztetxoen kasuan, adingabearen interesa beste ezeren gainetik dagoela izan behar dute kontuan uneoro prozeduran parte hartuko duten pertsona guztiek. Erregistro Zibileko arduradunak hizkuntza argi, ulerterraz eta egokituan azaldu beharko dio dena.

Lau hilabeteko epean

Ados dagoen eskatzaileak izena eman eta gero, beste hitzordu bat emanen diote gehienez hiru hilabeteko epean. Orduan eskaera baieztatuko beharko du erregistro zibilean.

Eskaria sinatuta eta aurkeztuta, gehienez hilabete baten buruan emanen dute epaia. Hau da, sexua dokumentuetan aldatzeko prozesu osoak lau hilabete iraunen ditu gehienez.

12 eta 13 urteko nerabeei dagokienez, baimen judizial bat beharko dute erregistrorako.

Beste neurri batzuk

Neurri horrez gain, lege proiektu honen bidez emakume lesbiana, bisexual eta bikoterik gabeko emakumeei erreprodukzio teknikak erabiltzeko aukera emanen zaie, eta bikote lesbianei seme-alaben guraso gisa agertzea ahalbidetuko zaie ezkontzeko derrigortasuna ezarri gabe.

Era berean, pertsona transexualen osasun arreta patologizatu gabe eta beren autonomia eta erabakia errespetatuz eginen dela jasotzen du testuak.

Calvoren hitzak

«Lege bat egotea nahi dut, baina ez lege hau», adierazi du Carmen Calvok abstentzioaren alde egin eta gero. Argitu duenez, ez dago eskuinekoen ezezkoarekin ados ere, «hauek ez baitituzte inoiz kolektibo hauen eskubideak babesten».

«Egun zaila» izan da berarentzat eta «aukerarik konplexuena» hautatu du azkenean. «Horixe da egun zailetan egin behar dena», argudiatu du. Beti bere ekintzen ondorioak bere gain hartzen dituela azaldu du.