NAIZ
Bilbo

Banco Santanderrek Basaurin eta Galdakaon familia bana kaleratu nahi duela ohartarazi dute

Bilboko Jado plazan Banco Santanderrek duen egoitzan protesta egin dute Batu Elkarlaguntza sareak eta Galdakaoko Etxebizitza sindikatuak, Basaurin eta Galdakaon egin nahi diren bi etxe kaleratze gelditzea eskatzeko.

Bilboko Jado plazan Banco Santanderrek duen egoitzan protesta egin dute Batu Elkarlaguntza Sarea eta Galdakaoko Etxebizitza sindikatuak.
Bilboko Jado plazan Banco Santanderrek duen egoitzan protesta egin dute Batu Elkarlaguntza Sarea eta Galdakaoko Etxebizitza sindikatuak. (Aritz Loiola | FOKU)

Batu Elkarlaguntza Sarea eta Galdakaoko Etxebizitza sindikatuak deituta, 30 lagun sartu dira Banco Santanderrek Bilboko Jado plazan duen egoitzara arduradunarekin bilera eskatzera. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Galdakao eta Basauriko bi familien etxe kaleratze prozesuaren «erruduntzat» jotzen dute. «Ordubetez egon gara protestan, eta azkenean ekintzaileek lortu dugu euren eskaeraren idazkia entregatzea. Hala ere, bankuak oraindik ez du prestatutasunik erakutsi ezer negoziatzeko».

Nabarmendu dutenez, «etxe kaleratze horiek Global Pantelaria sozietatearen izenean» ari dira bultzatzen. Global Pantelariaren aktiboen %20 Banco Santanderren jabetza da, eta %80 Cerberusena.

Basaurin, Mohammed, Rkia eta haien 12 eta 16 urteko bi semeak etxegabetu nahi dituzte. Galdakaon, berriz, 33 urteko ama bat eta 4 eta 8 urte bitarteko hiru semeak daude etxetik kaleratuak izateko arriskuan. «Hala ere, horiek ez dira kasu bakarrak. Udan, bi familia etxegabetu zituela Banco Santanderrek, Global Pantelariaren izenean», gehitu du Batu Elkarlaguntzak. «Horrez gain, jakin badakigu gure belarrietara heltzen ez diren isilpeko hainbat eta hainbat kaleratze gauzatzen ari direla. Aurten, esaterako, 477 etxegabetze egon dira orain arte EAEn. Era berean, Basaurin eta Galdakaon, guztira, 2.000 etxe inguru daude hutsik, horietako hainbat eta hainbat funts putre eta bankuen eskuetan, familiek alokairua ordaindu ezin duten bitartean».

Batu Elkarlaguntza Sareak eta Galdakaoko Etxebizitza sindikatuak bilera bat exijitu dute Patricia Ariasekin, «etxegabetze prozesuak bertan behera uzteko eta familia horien egoerari irtenbidea bilatzeko, hala nola, euren diru-sarrerei egokitutako alokairu soziala eskaintzea edo Banco Santanderrek hutsik dituen milaka etxeetako bat eskaintzeko».

Azkenean, idazki bat entregatzea lortu dute, baina bankuak negoziatzeko prestutasunik ez duela erakutsi kritikatu dute. «Ez da normala familia zaurgarriak kalean bizi behar izatea, bankuek eta funts putreek milaka eta milaka etxe huts euren negozioetarako mantentzen dituzten bitartean».