Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Enborretik jaiotako izaki miragarriak, haurren zaindari

Urtaro aldaketa ospatzeko, gure arbasoek enbor berezi bat aukeratzen zuten, etxera eraman, apaindu eta erretzeko. Denborarekin izaki forma hartu zuten, oihaneko zuloetako biztanle mitologikoak –irudimenak sortuak... edo ez– etxekotuz. Olentzero, Caga Tió eta El Apalpador hortik sortuak dira.

Olentzero Baionan, duela egun batzuk.
Olentzero Baionan, duela egun batzuk. (Guillaume FAUVEAU)

Haize hegoa dugu Eguberriotan ere, baina jatorri paganoko besta hauek ulertzeko irudika ditzagun paisaia elurtuak. Erraza izanen da, pantailetako zirrikitu guztietatik sartzen baitzaizkigu kontsumo forman. Neguko solstizioaren ospakizuna, eguzki berriarena, desitxuratuta ailegatu zaigu, baina ez erabat. Estaturik gabeko naziook zortea ere badaukagu eta adinekoen testigantzei esker, erritu zaharrak moldatu eta biziberritzea lortu dugu. Olentzero, El Apalpador eta Caga Tió dira horren erakusgarri, ezberdinak hirurak baina funtsean berdinak: haurren zaindariak, sasoiko jaki goxoz hornituak, Amalurraren erraietatik ateratakoak, naturaren ziklo aldaketa honetan laguntzeko.

Larunbat iluntzean, gauezkoak eta egunezkoak elkartuko gara herriko plazetan, suaren inguruan, Olentzero begigorriren, Mari Domingiren, lamien, galtzagorrien eta sorginen begiradapean. Badakizue: direla ez da sinetsi behar, baina ez direnik ere ez erran... badaezpada ere.

‘Leitzako Orantzaroa’ Alke kultur taldearen dokumental ederrean kontatzen den bezala, arrats magiko honetan gure arbasoek su berria egiten zuten sukaldean, su zaharra baztertuta, eta memento horretan etxeko guztiak elkartzen ziren. Bakoitzak bere arraila jarriz, argia eta beroa indartzen zuten, eguzkia berritu, berpiztu. Oraindik ere eusten diote ohiturari etxe batzuetan.

Adinekoek kontatzen dutenez, kalabazak hustu, begi, sudur eta aho zuloak egin eta kandela bat sartzen zuten eta ematen zuen norbait zegoela barrenean. Suaren gainetik egiten zuten salto, udako solstizioan bezalaxe, eta biharamunean errautsak zabaltzen zituzten landan, etxeko atarian, aitzinekoak omentzeko, etxekoak babesteko eta oparotasuna erakartzeko.

Tximinia zikindu eta sugarra erortzen zenean, Olentzero zelakoan, erdi ilusionatuta, erdi ikaratuta egoten ziren. Gure haurrak ere halaxe egoten dira.

Leitzan, gauez, inork ikusi gabe, balkoi eta leihoetan jartzen zituzten Orantzaroak; emakumezkoak, gizonezkoak nahiz genero gabeak izaten ziren, lanbide ezberdinekoak, denak Orantzaro, denak desberdinak. Oraingo Olentzeroek elkarren antz handiagoa izaten dute eta, Mari Domingik lekua irabazi arren, gizon tripontzi bizar handia da protagonista, ikazkina, botila ardoa eta kapoi parea altzoan dituena.

El Apalpador

El Apalpador galiziarra eta Olentzero lehengusuak izan daitezke itxuran eta izaeran duten antzari begiratuta. Mendian bizi dira biak eta ikatza egiten dute, argitu orduko iluntzen diren abenduko egun hauek pasatzeko ezinbertzeko osagaia. Erraldoiak dira, eta beren pipa, boneta, bastoi eta arropa zaharrarekin, 24an herrira jaisten dira, haurrengana. Baina El Apalpadorrek baditu berezitasunak. Umeen sabela ukitzen du ongi elikatuta dauden frogatzeko, hitz magiko batzuk erranez: «Así, así esteas todo o ano».

«Ve entonces mi niñito, vete ahora a la camita, que va a venir el Apalpador a palparte la barriguita», kantatzen diete helduek umeei Galiziako Eguberrietan. Gerra aitzinean jada etortzen zen izaki miragarri hau, saskia gaztainez betea, umeei opari emateko. Ez da kasualitatea gaztainak ekartzea, azken izotzaldian gaztainondoaren gordeleku izan baitzen Galizia, teoria zientifiko onartuenak dioenez. Polenaren analisien arabera, Pleistozeno garaian ere baziren gaztainadiak bertan.

Gurean bezala, Galizian ere El Apalpador galdu egin zen toki anitzetan eta jende ugariren lanari esker iritsi da gaur eguneraino. Kultur ondare honi buruzko lehenbiziko ikerketa sakona ‘Teoría de inverno’ liburuan jaso zen.

Caga Tió

Caga tió katalana ere desagertzen joan zen, baina 1960ko urteetan berreskuratu, eta erritu dibertigarri hau haurren gustukoenetakoa da orain. Enbor bat da Caga Tió, nekazaritza jatorrikoa eta kristautasunaren aitzinekoa. Sutan erretzen zen neguko solstizioan, argia, beroa eta itxaropena emateko. Gero, astetan mimoz elikatu beharreko enbor bilakatu zen, ondotik kaka egin zezan, baina kaka goxoa: barkilloa, turroia eta goxokiak botatzen zituen umeentzat. Gaur egun, Caga Tiók gero eta kaka handiagoa egiten du, baita bizikletak eta patineteak ere!

Haur katalan bat, Caga Tió-ri aurpegia margotzen. (iStockphoto)

Enbor txiki honek leku handia betetzen du Kataluniako etxeetan. Haurrek begiak, sudurra eta ahoa margotzen dizkiote, irribarre zabal batekin, barretina edo txano katalana jartzen diote, eta manta bat ere bai, ez hozteko. Ongi-ongi elikatu eta 24an bastoi batekin kolpeak ematen dizkiote, biharamunean kaka egin dezan.

Antzina, txikiei gozoak eman ondotik erre egiten zen enborra eta errautsak landan zabaltzen ziren ongarri gisa. Hala, zikloa itxi eta hazi zen lurrera bueltatzen zen egurra. Orain, Eguberrietako enbor hau etxeko bat gehiago da eta urtetik urtera birziklatzen da; ongi dagoen bitartean, behintzat. Mantaren azpian uzten dituzte opariak. Tximinia duten etxeetan, kaka egin aitzinetik pixka bat berotzen jartzen da Caga Tió.

‘Tió’ hitza latineko titio-tik dator eta ‘berotzea’ erran nahi du. Erritua landatik hiriguneetara hedatu zen eta hagitz sustraituta dago. Egunotan, haur katalanak pertsonaia hau zaintzen ari dira, bero mantentzen eta jana ematen. Tentazioa izan dezakete behar baino lehenago kaka eginarazteko, baina Tiók bere digestio zikloa bete behar du. Ongi begiratuz gero, irribarrea handitzen eta begiak irekitzen ikusiko dizkiote egunez egun.

Hiru asteren buruan, azkenik, hala abestuko diote: «Caga, tió/ ametlles i torró/ no caguis arengades/ que són massa salades/ caga torrons/ que són més bons/ Caga tió/ ametlles i torró/ si no vols cagar/ et donaré un cop de bastó/ Caga tió!».