NAIZ

Iñaki Cavero irundarrak 2025. urtera arte luzatu du kontratua Bidasoa Irunekin

Eskuin hegalak zortzigarren denboraldia du klubean, eta orain arte 199 partida jokatu ditu, 465 gol sartuta. Jokalariarentzako «ohore bat» da bere hiriko klubean aritzea; «gozatzen» jarraitu nahi du, eta bere harri-koskorra ekartzen ahaleginduko da.

Iñaki Cavero Bidasoa Irunekin kontratua sinatu berritan
Iñaki Cavero Bidasoa Irunekin kontratua sinatu berritan (Bidasoa Irun)

Iñaki Caverok (Irun, 1996) 2025eko ekainaren 30era arte jarraituko du janzten elastiko horia, berak hala nahi badu, behintzat. Eskuin hegaleko jokalariak kontratua berritu du Bidasoa Irunekin, eta horrek bidea ireki dio beste bi sasoi taldean egoteko. Pasa den astean kolpe gogorra jaso zuen eskubaloi taldeak Jon Azkue kapitainak jakinarazi zuenean datorren denboraldian ez zuela jarraituko, baina horri buelta eman nahian, aste hasieran Bidasoa Irunek iragarri zuen Mikel Zabala eibartarrak 2026ra arte jarraituko duela taldean. Horren ondotik etorri da Caveroren kontratuaren berritzea.

Eskuin hegalak Irungo El Pilar ikastetxean eman zituen lehen pausoak eskubaloian, eta bertatik, Bidasoa Irunera egin zuen salto. Hain justu, 2013an debutatu zuen lehen taldearekin Egiaren aurka, Euskal Kopako neurketa batean. Zortzi denboraldi egin ditu taldean, eta orain arte 199 partida jokatu ditu Asobal Ligan (465 gol); Europan 30 (102 tanto), horietatik 11 EHF Champions Leaguen; Kopan 20 (47 gol); eta Asobal Kopan zazpi (31 gol).

Irundarra «pozik» dago kontratua berritu diotelako, eta nabarmendu du «ohore bat» dela bere hiriko klubean aritzea: «Oso pozik nago maila honetan lortzen ari garenaz, eta gozatzen jarraitu nahi dut. Horrez gain, klubak niregan jarri duen konfiantza eskertzekoa da, eta nire aldetik, saiatuko naiz nire harri-koskorra ekartzen». Autokritikarako tartea ere izan du Caverok, eta azaldu du helburu nagusia dela Asobalen orain arte egindakoa «konpontzea», galdu dituzten puntu horiei «buelta ematea», eta sailkapenean «ahalik eta gorenen» amaitzea.


Europako Txapelketari begira ere eman ditu zenbait zertzelada: «Europan bide onetik goaz, eta ahalik eta urrunen iristen saiatu behar dugu. Orain hurrengo faserako sailkatzea lortu behar dugu, eta hortik aurrera ikusiko da». Asobal Ligak geldialdia du orain Polonia eta Suedian jokatuko den Munduko Txapelketa dela eta.