NAIZ

Fase berri baterako ateak irekitzen ari direla nabarmendu du Foro Sozialak

Foro Sozialak amaitzear den 2022. urteko balantzea egin du, eta «konponbiderako agertokia finkatzen» ari diren aurrerapauso garrantzitsuak eman diren arren, «zailtasun berriak» ere badaudela nabarmendu du.

Foro Sozialaren agerraldi bat.
Foro Sozialaren agerraldi bat. (Maialen ANDRES | FOKU)

Urtea amaitzear dago eta balantzea egin du Foro Sozialak. 2018az geroztik eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialek «indarkeria-zikloen konponbidean» aurrera egiteko adostutako agendan 2022a «garrantzitsua» izan dela nabarmendu du.

Aurten, agenda horren hiru lan-ardatzetan sakontzeko urratsak egin direla azaldu du Foroak (biktimak, presoak eta memoria kritiko inklusiboa), eta, «aldi berean, lehenagotik zetozen adostasunak finkatu egin dira».

Biktimen eremuan, 2021 bukaeran presoen harreren auzia «bideratuta» utzi ondoren, aurtengo gai nagusia Estatuaren biktimengan, eta haiek jasaten dituzten diskriminazioetan kokatu du Foro Sozialak.

«Alde positiboari dagokionez, nabarmendu behar da aurten hasi direla zehazten biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan 2018an eraikitako adostasunak. Zehazki, Estatuaren biktimek sufritu duten eta sufritzen jarraitzen duten tratamendu asimetrikoa gainditzearen beharraren inguruko adostasunak finkatzen ari dira», esan du.

Alde negatiboari dagokionez, GALen bultzatzaile izan zirenen eta tortura babestu zutenen artean (Barrionuevo, Belloch, etab.) sortzen ari den paradigma berria nabarmendu behar dela dio Foroak: «Giza eskubideen urraketen ukaziotik autojustifikazio publikora igaro dira, horrek Estatuaren biktimen artean sortzen duen berbiktimazioarekin».

Presoei dagokienez, guztiak euskal kartzeletan daudenean, dagoeneko definituta dagoen konponbiderako markoa finkatuta geratuko dela nabarmendu dute. Esparru horrek puntu hauek jasotzen ditu: salbuespenezko politikaren aldamio guztia desmuntatzen amaitzea (7/2003 Legea eta zigorren metaketa); birgizarteratze-prozesuetan presoak proaktiboak izatea; baldintzapeko gradu eta askatasunen aplikazio arrunta; Lakuak bultzatutako Justizia Errestauratiboa; eta biktima guztien errespetua.

Alde negatiboan, aldiz, bi aipamen egin ditu Foro Sozialak: «Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak duen jarrera oztopatzailea finkatu da, baimenen eta hirugarren graduen aurkako helegiteetan islatzen dena; eta Iheslarien eta deportatuen gaiak konponbiderako agendatik kanpo jarraitzen duela».

Memoria kritiko inklusiboaren espazioan, hiruretatik delikatuenean Foroarentzat, eraikitze-eremu batera igarotzen ari dela egiaztatu ahal izan dela nabarmendu du: «Hala, pixkanaka, ‘kontakizunaren batailak’ gai hau konfrontazioaren eremuan bahituta mantentzen zuen garaiak atzean uzten ari gara. Hau da, memoriaren ardatza garaileen eta garaituen markotik ateratzen ari da».

Aurrerapauso horiek guztiek baldintzak sortu dituzte Foro Sozial Iraunkorrak abenduaren 17an memoriari buruzko hamar gomendio publiko egiteko. «Espero dezagun oinarrizko kanpaleku bat izatea, batzuek memoriaren gaian mantendu nahi duten blokeoa behin betiko gaindituko duena», esan du.

Alde negatiboari dagokionez, Madrilen eztabaida politikoaren polarizazio arriskutsuak eta horren erabilerak gai horretan duten eragina azpimarratu behar dela esan du.

«Laburbilduz, 2022. urtean aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, konponbiderako agertokia finkatzen ari direnak, zailtasun berriak ere finkatzen ari diren aldi berean. Aurrerapenak eta zailtasunak kontuan hartuta, horrek guztiak ondorio honetara garamatza: indarkerien zikloaren ondorioen konponbiderako prozesuaren fase bat ixten ari da, eta fase berrirako ateak irekitzen ari dira.», laburbildu du Foro Sozialak bere balantzean.