EH Bildu eta EAJren arteko pultsua, Gipuzkoako makila nork eramango
Maiatzeko hauteskundeetan EH Bilduren eta EAJren arteko gudu estua aurreikusten da, hala Gipuzkoako Aldundian nola Donostiako Udalean ere. Koalizio abertzaleak hautagai indartsuak aurkeztu ditu jeltzaleei aurrea hartzeko, baina jakina da ez dela erraza EAJri tronua kentzea.
EAJren eta EH Bilduren arteko pultsuan zehaztuko da, beste behin, Gipuzkoaren mapak maiatzaren 28ko hauteskundeen emaitzekin hartuko duen kolorea. 2019ko Udal eta Foru Hauteskundeetan gora egin zuten botoetan biek ala biek eta, EAJk gehiago jaso zituen arren, bi taldeak aldeztu zituzten botoen portzentajea estua izan zen: apenas %4koa. Elkarrekin Podemosek Batzar Nagusietan galdutako eserleku biek, ordea, jeltzaleen aldera egin zuten, taldea 18tik 20 hautetsira igoaraziz. 17rekin geratu zen, aldiz, koalizio abertzalea. Hurbil, baina ezin.
PSE-EE begiz jo zuten EAJk nahiz EH Bilduk, txikia izanagatik ere erabakigarria baitzen bederatzi hautagaiekin. Eta Elkarrekin Podemosek ez badu bere beherakada progresiboa iraultzen, 2023an ere Jose Ignazio Asensio hautagaitzara aurkeztu duen taldeak erabakiko du pultsuak zer aldetara egingo duen, sorpresa bailitzateke jeltzaleek edo bilkideek bakarrik edo Miren Echeveste Irungo Berdintasun eta Euskara zinegotzia proposatu duen talde morearekin gobernatzeko moduko emaitzak lortzea. Hartara, printzipioz, bi aukera ditu PSEk: beste legealdi batez EAJrekin habi beretik elkarri mokoka ibili ala EH Bildurekin politika egiteko molde berriak probatu, Pedro Sanchezek Madrildik horretarako baimena ematen badio.
Pultsu hori gogor borrokatuko duela erakutsi zuen EH Bilduk Maddalen Iriarte koalizioak Gasteizko Legebiltzarrean duen bozeramailea aurkeztu zuenean Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai, azken Foru Hauteskundeetan oposiziora eraman zuen %4ko alde hori gaindi dezakeelakoan. Martin Garitanorekin altxatu zuen Bilduk aginte makila 2011n, eta gider beretik heldu nahi dio, Iriarterekin, datozen hauteskundeetan ere. EAJtik Eider Mendoza izango du parean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta aurpegi ez hain ezaguna, ezpada pandemia garaian gehixeago agertu zelako. Bat ala bestea, aurreikus daiteke lehia estua izango dela eta ziurtzat eman daiteke lehenengo aldiz emakume bat izango dela Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, nahiz eta hori ez den, halabeharrez, aldaketarako berme: feminismoa aldarrikatzen du EH Bilduk; EAJk, aldiz, berdintasuna darabil ahotan. Zentzu honetan, nork bere interpretazioa du.
Gainerakoan, PP geratzen da, orain arte bezala bakarrik eta eragiteko tarte gutxirekin. Nahikoa izango du daukan batzarkidea mantentzearekin.
Txikiak baditu, handiena nahi du
Aldundian halako apustua egin du koalizio abertzaleak Donostiako alkatetzarako hautagaiarekin, eta Batzar Nagusietakoa bezain estu joango da Ijentea irabazteko botoen kontaketa. Juan Karlos Izagirre hiriburuko udaletxera itzul daiteke, turistifikazioaren Eneko Goia zortzi urtez –ez gorabeherarik gabe– gorde duen talaiatik jaistea lortuko badu. Errebantxa hartu beharko luke, azkenengo hauteskundeetan (2015) Goia izan baitzen Izagirre Gipuzkoako hiriburuko Udaletik beheratu zuena.
Ekuazio honetan, baina, PSE ere sartuko da, Gipuzkoan ez bezala, emaitza onak lortzen baititu Donostian. Azken deialdian, alta, kaskartzera egin zuten bere emaitzek. Dena den, Marisol Garmendia hautagaiarekin alkatetza borrokatuko ez badu ere, beste behin, PSEren udal taldeak erabakimena izango du jeltzaleekin orain arteko aliantza berretsi edo aldatzerakoan.
Handietan handiena gobernatu nahi du EH Bilduk, baina, oro har, emaitza hobeak lortzen ditu herri txikiagoetan. 2019 arte, Gipuzkoako udaletan 10.000 biztanletik gorako herriak, Errenteria, Hernani eta Oiartzun salbu, irabazteko zituen oraindik koalizio abertzaleak.
Alta, 2019an herri handietako udal gobernuetara iristeko bidea urratzen hasi zen, aldaketa garrantzitsuak tarteko: jeltzaleei gailendu zitzaion Bergaran, Azpeitian eta Oñatin, eta PSEri Pasaian.