Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Hurrengo geltokira igarotzeko premiari begira, estrategia egoki bila

2022ak argi eta garbi erakutsi du Ipar Euskal Herrian bilakaera instituzionalari buruzko eztabaidari jarraipena eman beharra dagoela. Hezkuntza, laborantza, etxebizitza edo migrazioarekin loturiko auziek urrunago joateko bidaia kolektiboa prestatzeko premia irudikatu dute.

Bakegileak, Baionako Suprefeturako teilatuan, iragan otsailean.
Bakegileak, Baionako Suprefeturako teilatuan, iragan otsailean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Igaro berri den urteko gertaeren bilduma egiteko orduan, teoria soilean, bi denbora ezberdin agertu beharko litzaizkiguke atzerako ispiluan. Lehenengo seihilekoan egin ziren hauteskunde biek eztabaida politikorako beta irentsi zutelako frantziar Estatu mailan. Bost urtean behin Eliseoko maizterra hautatzeko ordua heltzen denean, tresneria politiko-mediatikoak lehia interesgune bakartzat finkatu ohi du, gainerako auziak alboratuz.

Izan ere, Ipar Euskal Herriko gizartean pizturik diren dinamikak hain dira biziak, ezen hauteskunde garaian zein horren ostean karrikan indarrez azaldu baitziren iazko urtean.

Gidoi ofizialari jarraiki, Eliseoan jarraitzeko baldintza egokiak zituen Emmanuel Macronek. Alta, Presidentetzarako bozen kanpainaren atarian Ukrainan pizturiko eraso militarrak planak zartatu zituen.

EBko diplomaziaburu gisara aritzea distira iturri baino buruhauste bilakatu zitzaion aski fite Macroni. Bereziki, barne eremuan ez zuelako ongi funtzionatu, ez behintzat berak espero zuen bezala, hauteskunde kanpainan ez bustitzeko gerra-egoera «ezinbesteko arrazoi» gisa erabili izanak.

Martxoan, planak aldatu behar izan zituzten Macronen zaleek. Zehazki, Presidentetza erabakitzeko «aldez aurretik irabazitako» ariketak Legebiltzarrerako hauteskundeei begira pizgarri gisa jokatu ordez bigarren prozesu hori galgatu zezakeela konturatu zenean.

Azkenean garaile atera bazen ere, Macronek ez zuen 2017ko olatua altxarazi, nahiz eta bigarren itzulian, beste behin ere, ultraeskuinaren aurrean balio errepublikanoen zaindari bakar gisa jokatu.

Marine Le Penek erdira murriztu zuen bost urte lehenago buruzagi liberalak atera zion aldea.

Legebiltzarreko bozetan, bestalde, Nupes ezkerreko aliantzak lorturiko emaitza tartean, gehiengo osoa galdu zuen berrindartu nahian Renaissance izenarekin birbataiaturiko Macronen aldeko aliantzak.

Euskal Elkargoaren geroari buruzko hausnarketari heltzeko giro egokia eskain dezake, Eliseoak ezustekorik ematen ez badu, hauteskunde-egutegian aski garbi agertzen den 2023-2024 epeak

 

Parisera eta etxera begira

Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan Macronen aldeko hautagaiak bozkatuenak izan ziren. Alta, aurreneko bozekin alderatuta, Biarnoko hautesleen bozek hala aginduta, laugarren hautesbarrutian Iñaki Echaniz (PS) gailendu zen. Hala, bi euskal hautesbarrutietan Florence Lasserre angeluarrak eta Vincent Bru kanboarrak Bourbon jauregian bigarren agintaldia egiteko txartela eskuratu bazuten ere, Nafarroa Behere eta Zuberoako herriak Biarnokoekin batzen dituen hautesbarruti mistoan ezker hexagonalak jokoan zen eserlekua eskuratu zuen.

Ikasturte amaierarekin batera amaitu zen, beraz, estatu agintaritza eremu nagusiak berritzeko balio izan zuen hauteskunde prozesu bikoitza. Emaitzak ezagututa, urteko bigarren seihilekoan lurraldeko dinamikek ikusgarritasun osoa berreskuratu zuten.

Hala, ikasgelak ixteko garaian, azterketak euskaraz egin ezina salatzeko itxialdiak egin zituzten ikastolek. 2023rako utzitako zor bilduman toki nabarmenean agertzen da euskarazko hezkuntza.

Bakegintzaren eremuan, berriz, uztailaren 23an antolaturiko blokeatze egunak urte hasieran Bake Bideak eta Bakegileek iragarri zuten desobedientziaren aldeko estrategiaren une gorena markatu zuen.

Handik gutxira, irailaren 22an, Parisko Dei Auzitegiak bi urte lehenago Frederic ‘Xistor’ Haranbururekin eginiko hautua berretsi zuen Ion Kepa Parot eta Jakes Esnalekin.

32 urte luze kartzelan eman ondoren, urrian baldintzapeko askatasuna lortzeko probaldiari ekin zioten 71 urteko presoek, etxetik. Horren harira, U23an mobilizatu ziren bakegileentzat ondorio txarrak pairatzeko arriskua ez da guztiz desagertu. Urtarrilaren 26an jakinen da Akizen bederatzi ekintzaleei eginiko auziaren emaitza. Otsailaren 2an, berriz, bertze hamaika bakegile epaituko dituzte Baionan.

Auzitegiak bistatik galdu gabe, gizartearen bultzadapean Euskal Elkargoak onarturiko bizitegi turistikoak murrizteko araua ondoko martxoan sartu beharko litzateke indarrean.

Orokorrean, Euskal Elkargoaren geroari buruzko hausnarketari heltzeko giro egokia eskain dezake, Eliseoak ezustekorik ematen ez badu, hauteskunde-egutegian aski garbi agertzen den 2023-2024 epeak.

Adostasunak landu, lehentasunen zerrenda eguneratu eta hurrengo geltokira igarotzeko estrategia findu beharko du Ipar Euskal Herriak, bere erabakien jabe izan nahi baldin badu.