NAIZ

Sortuko bi kide zilegitasunik gabe kanporatu zituela onartu du Mexikok

2015ean Mexikok kanporatutako Sortuko bi kide zilegitasunik gabe bota zituela onartu du Lopez Obradorren Gobernuak adierazpen batean. Hemendik aurrera, bi kide hauek eta beste 15 pertsonek Mexikon eragozpenik gabe sartu eta irteteko baimena izango dute.

Floren Aoiz eta Asier Altuna, Amaia Izkorekin batera, Mexikotik kanporatuak izan ondoren eginiko agerraldi batean.
Floren Aoiz eta Asier Altuna, Amaia Izkorekin batera, Mexikotik kanporatuak izan ondoren eginiko agerraldi batean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Floren Aoiz eta Asier Altuna Sortuko kideak Mexikok kanporatu eta ‘persona non grata’ izendatu zituen 2015ean, Sao Pauloko Forora zihoazenean. Orain, Andres Manuel Lopez Obrador buru duen Gobernuaren adierazpen batek kanporaketa zilegitasunik gabe egin zela onartzen du eta Sortuko bi kide hauek eta beste 15 lagunek herrialdean sartu eta irteteko aukera izango dute.

Floren Aoizen esanetan, «zilegitasunik gabekoa izan zen gure kanporaketa, erabat arbitrario eta injustua eta Mexikok hala aitortu du jende aurrean, oso eskertzekoa den adierazpen batean. Ez da ohikoa halako arduren onarpena, eta horrek erakusten digu gauzak aldatzen ari direla Mexikon eta Lopez Obradorren gobernuak aro berrian kokatu duela Euskal Herriak hain gertu duen Mexikoko herria. Aukera probestu nahi dugu, beraz, onena opa egiteko Mexikoko herri eta gobernuari».

Gertatutakoaren sekuentziak «kriminalizazioaren logika ez dela demokratikoa» erakusten duela gehitu du Aoizek, eta gobernu demokratikoek, boterera iristen direnean, «logika horrekin apurtzen dutela» uste du. Gertaeraz, kriminalizazioa «oinarri demokratikoez erabat osaezina» den «hautu politiko autoritarioa» dela ondorioztatu daitekeela esan du.

Halaber, kanporaketen atzean eta «euskal independentismoaren kriminalizazio jardueren» atzean espainiar estatuaren «presioak» daudela ohartarazi du. «Mexikok hartu duen neurriaren antzekoen zain gaude, beraz, espainiar eta frantses estatuei dagokienez, garaia baita ideia politikoen pertsekuzioari behin betiko bukaera emateko», gaineratu du.