![Ikusleak Donostiako Principe zinema-aretoen atarian.](/media/asset_publics/resources/000/963/790/article_main_landscape/cines_principe.jpg)
Euskal zinema-aretoak indarra berreskuratzen hasi direla baieztatu du EZAE, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako areto pribatuak biltzen dituen elkarteak. 2022. urteko datuak eskuartean, aurreko urtearekin alderatuta aretoen diru-sarrerak %44 handitu direla eta publikoa ere %36 hazi dela ziurtatu du. Hala ere, 2020 eta 2021 urteen artean aretoek 20 milioi euroko galerak izan zituztela ekarri du gogora eta «susperraldi motelari» aurre egiteko «laguntzen beharra» izango dutela aurreikusi du.
Pandemia aurreko datuekin alderaketa ere egin du EZAEk. 2019an zinema-aretoetan 28,1 milioi euro biltzetik 2022an 16,8 milioi euro biltzera igaro direla zehaztu du. Ikusleei dagokienez, 2019an 4,7 milioi ikusle izatetik 2022an 2,7 milioi izatera igaro dira.
Lurraldeka
Lurralde historikoen arabera, 2019 eta 2022 urteen arteko alderaketan gehien galdu duena Araba izan da, %44 egin baitu behera diru-bilketak eta %47 ikusleek. Bizkaian, berriz, diru-sarrerak %40 jaitsi dira eta ikusleak %43; eta Gipuzkoan, diru-bilketa %37 eta ikusleak %40 murriztu dira.
EZAEeren datuen arabera, 2019 batez besteko urtetzat hartuz gero (2015-2019 aldiko joera mantentzen baitzuen), 2020an 3,3 milioi ikusle galdu zituzten zinema-aretoek, pandemiaren aurretik aretoetara joaten zirenekin alderatuta. 2021ean 2,7 milioi ikusle galdu ziren, eta 2022an, aldiz, 2 milioi. «Guztira, 2019tik 2022ra metatutako guztizko kopuruak 8 milioi ikusleren galera agerian utzi du», nabarmendu du.
Sektorearen berrantolaketa
Publikoak berreskuratzeko beste laguntza batzuez gain, EZAEk uste du «premiazkoa eta beharrezkoa» dela sektorea berrantolatzea, «100 eguneko leiho esklusiboa ezarriz zinemetan egiten diren estreinaldi guztiei».
«Gogoan izan behar da Zinemaren Legeak hiru hilabeteko leihoa ezartzen ziela laguntza publikoak jaso zituzten filmeei, 2015ean indargabetu zen arte. Eta Frantziak 15 hilabeteko leihoa ezartzen duela zinema-aretoetan estreinatutako filmei streaming plataformetan kaleratzeko baimena izan arte. Italian, berriz, 90 eguneko leihoa onartu dute, filmen jatorria edozein dela ere, zinema-aretoei krisialditik ateratzen laguntzeko neurri gisa», adierazi du.
EAEn egoera «bereziki gogorra» dela nabarmendu du, aretoek «20 milioi euroko galerak pilatu baitituzte, eta 2022an emaitzek hobera egin badute ere, sektoreak larriki kaltetuta jarraitzen du».
Film arrakastatsuenak
Azkenik, 2022an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema-aretoetan arrakasta gehien izan duten hamar filmen zerrenda ere eman du EZAEk. Hurrenkera honetan, ‘Avatar, el sentido del agua’, ‘Minions: El origen de Gru’, ‘Jurassic World, Dominion’, ‘Padre no hay más que uno 3’, ‘Tadeo Jones, la tabla esmeralda’, ‘Doctor Strange en el multiverso de la locura’, ‘Uncharted’, ‘El cuarto pasajero’, ’Thor: Love And Thunder’ eta ‘The Batman’ izan dira ikusle gehien bildu dituzten filmak.
![Estebandomeno](/media/asset_publics/resources/001/135/856/article_thumb_horizontal/Estebandomeno.jpeg)
Cien años del primer muerto en el recorrido del encierro y algo de porno
![Bidasoa-irla](/media/asset_publics/resources/001/142/169/article_thumb_horizontal/bidasoa-irla.jpg)
Traspaso de poderes en el condominio más pequeño del mundo, la Isla de los Faisanes
![Putin](/media/asset_publics/resources/001/142/722/article_thumb_horizontal/putin.jpg)
Pablo González, libre tras dos años y medio sin pruebas en contra ni juicio
![Palestinarrak-paris](/media/asset_publics/resources/001/142/420/article_thumb_horizontal/palestinarrak-paris.jpg)
Electos de Maule ceden parte de su asignación para apoyar a los atletas olímpicos palestinos
![Policia](/media/asset_publics/resources/001/142/734/article_thumb_horizontal/policia.jpg)