NAIZ

Diru bilketa abiatu du Anthony Urangak Kanbon bi mila berro mahats landatzeko

Anthony Urangak diru bilketa bat abiatu du interneteko plataforma batean bere laborantza egitasmoa egikaritzeko. Garapen jasangarriaren ikuspegiarekin Ursuia mendiaren magalean, Kanbon, bi mila berro mahats landatzen hastekotan da negu honetan 32 urteko azkaindarra.

Anthony Uranga permakulturan oinarrituko da bere laborantza egitasmoa aurrera eramateko..
Anthony Uranga permakulturan oinarrituko da bere laborantza egitasmoa aurrera eramateko.. (© Bob EDME)

Anthony Uranga duela lau urte hasi zen Kanboko Biperduna baserrian lan egiten.

Bertan, bere lankideekin, sasoiko barazkiak eta euskal piperrak ekoizten eta Kanbo eta Angeluko merkatuetan saltzen ditu.

Natura babesteko eta kudeatzeko ikasketak egin zituen 32 adineko azkaindarra, ordea, bere egitasmoa plantan emateko lanean da buru belarri.

Kazeta.eus atariaren Irati Esparza-Gimon kazetariarekin mintzo Biperduna etxaldetik metro batzuetara den bi hektarako lursail batean plantatzeko duen priektuaren nondik-norakoak eman ditu azkaindarrak.

«Nire proiektua, 2.000 berro mahats ekologiko landatzea da, permakulturan oinarrituz, Ursuiaren behekaldean den mendi-eremuan» azaldu du. Landaketa negu honetarako aurreikusiten du.

Helburua: 2023ko udarako nork bere fruitu bilketa egitera joan ahal izateko dena prest izatea.

Ingurune naturala babestu

Garapen jasangarriaren ikuspegiarekin bultzatzen du xede hori. Lehenik, ingurumen mailan, fotosintesirako balioko baitu : zuhaitzek airetik karbono dioxidoa (CO₂) hartzen dute eta guk arnasteko beharrezkoa dugun oxigenoa askatzen dute.

Gizarte mailan, berriz, berro mahatsek bertako biztanleak elikatzen lagunduko baitute, oso eskatuak diren fruitu txiki horiek oso zaporetsuak direlako. Azkenik, ikuspegi ekonomiko batetik, lana sortzen baitu.

Arbolak haziko direnean, bezeroak beren mahats berroen bilketa egitera etortzea da proiektu horren helburua, eta xarma.

Horri esker, gutiago ordainduko dute, eta aldi berean, ingurune natural babestu batean momentu atsegin bat gozatzen ahalko dute, mendiaren eta euskal kostaldearen paisaia ikusteko aukerarekin.

Sostengua emateko aukera

Horretarako, Anthony Urangak Miimosa plataforman diru bilketa bat abiatu du.

Izan ere, Ribanjou landaretegian mahats berro landareak erosteko erabiliko du dirua. Gastu osoa 6.335 eurokoa da, barietate ezberdinetako 2.000 ale erosteko : Ivanhoe, Estive eta Darrow.

Horrez gain, lursaila ahalik eta hobekien prestatzeko eta zuhaixkak hazitzeko erabiliko den traktorea ordaintzeko ere erabiliko du lortutako dirua.

Jadanik 2.600 euro baino pixka bat gehiago biltzea lortu du gazteak. Crowdfunding kanpaina urtarrilaren 16an bukatuko da.