Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Bikote arteko sendotasunak laugarren puntura bideratu ditu Laso eta Imaz (22-19)

Goi-mailako ikuskizuna eskaini dute Laso-Imaz eta Altuna III.a-Tolosa bikoteek Atano III.a pilotalekuan. Aurreko kuadroetan bizi-bizi aritu dira bi aurrelariak eta atzean oiartzuarra anoetarra baino gehiago izan da. Bikote arteko sendotasun horrek bideratu ditu gorriak garaipenera.

Lasok pilota guztiak borrokatu ditu eta ezinezkoak ziren batzuk ere eraman ahal izan ditu.
Lasok pilota guztiak borrokatu ditu eta ezinezkoak ziren batzuk ere eraman ahal izan ditu. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Jokin [Altuna] aurrean dagoen perfekto jokatu behar da. Detaile txikietan erabaki da», adierazi du partida bukaeran Ander Imazek. Oiartzuarrak galdutako pilotarik gabe bukatu du partida; Tolosak, bestalde, 6 izan ditu galdutakoak eta bien arteko ezberdintasun hori izan daiteke gorrien garaipenaren arrazoi.

Aurreko kuadroetan Altuna III.a eta Laso perfekziotik gertu ibili baitira, erasoan zein defentsan. Bizkarreta-Gerediaingoak agintzen hasi du partida. Hasierako 3-0ekoan bera izan da protagonista, tartean Tolosak eramangarria izan zitekeen pilota bat galdu duen arren. Gantxo bizia erakutsi du nafarrak baina Amezketako aztia ere prest agertu da defentsa on bat erakutsi ez ezik, kontraerasora joateko.

Hala, txokoan egindako tanto batekin estreinatu dira urdinak eta hor agertu dira dema ikusgarria izan zitekeenaren lehen zantzuak, segidan bigarren egin baitute urdinek, Lasoren defentsa onaren gainetik, berriro ere txokoan.

Tolosaren akatsek kondenatu dute bikote gipuzkoarraren partida hasiera (6-2) baina Imazek eraman ezin izan duen pilota indartsu bat, Lasoren lehen akatsa, urdinek errematatu duten tanto ikusgarria eta txokoan egindako beste bat tarteko, partidako lehen berdinketa –eta azkena izango zena– ezarri du Altunak; Tolosak atzean ondo eutsi duen arren, Amezketakoak sinatu baititu pilotakada onenak.

Aurrelari nafarraren gantxoaren fintasunak markagailuan aurrea hartzera eraman du bikote gorria eta tantoak sinatu ez ezik, defentsa ikusgarria erakutsi du 8-6ko tantoan. Partida erabat estutu da, urdinak berriro hurbildu baitira markagailuan (8-7) Altunaren horma biko bikainarekin.

Beste 3-0eko partziala sinatu dute gorriek baina ez dute lortu markagailuan gehiago aldentzea Altuna jokoan sartzen zen bakoitzean arriskuaren sinonimo baitzen. 12-9ko tantoan, bere zortzigarren tantoa egin du eta huts egindakorik gabe iritsi da lehen atsedenaldi luzera.

Tentsio handiko partida

Partidaren bigarren zatian, lehendabizikoan gertatu legez, atzean egon da giltza: Imaz argiago ibili da hutsuneak betetzerako orduan eta hor iritsi da 13-9koa; segidan, Altunak eginiko aurreneko akatsarekin bost tantora urrundu dira gorriak –partidako alderik handiena–.

Bazirudien partida apurtu zitekeela baina Tolosak, errebotera botatako pilotakada indartsuarekin, lehendabiziko tantoa egin du, urdinek berriro ere arnasa har zezaten. 15-12ra estutu dute markagailua baina ordurako indarrak ere akitzen joan dira eta aurrean abilezia bai baina freskotasuna kamusten joan da, horren adibide txapara joandako edo eroritako pilotakadak.

Gorriek lau tanto jarraian eginda, maldan gora jarri die partida urdinei (19-13) baina hor ere ez da apurtu dema. «Partida asko gogortu da» esan du Imazek bukaeran eta, egiari zor, tentsio ikaragarria bizi izan da pilotalekuan, hala nola giro ezin hobea ere. Atano III.ena goraino beteta egon da eta animoak, gorri zein urdin, ez dira falta izan.

19-13tik 20-18ra pasa da partida, tartean 36 pilotakada jokatu diren tanto zinez ikaragarria. Lasok defentsa ikusgarria erakutsi du eta azkenean Imaz, adi bazegoen ere, ez da iritsi Altunak txokoan utzitakora (20-16). Bizkarreta-Gerediaingoa lasaitzen saiatu behar izan da oiartzuarra, honek pare bat pilotakada huts egin ostean. Fruituak eman dizkio honek, lurretik 21-18koa jarri baitu.

Altuna berriro ere arduratu da partida estutzeaz baina azkenean luze botatako sake batekin irabazi dute gorriek. Ez da izan partidak merezi izan duen amaiera baina Atano III.enean bildutakoen txalo zaparrada handia jaso dute lau pilotariek. Lehen itzulia bukatzeko goi-mailako dema, benetan.

PARTIDAKO FITXA:

Laso-Imaz: 22

Altuna III.a- Tolosa: 19

Jokoaren iraupena: 70:41 minutu. Pilotakadak: 507. Markagailua: 3-0, 3-1, 3-2, 4-2, 6-2, 6-3, 6-6, 7-6, 8-6, 8-7, 9-7, 11-7, 11-8, 12-8, 12-9, 13-9, 14-19, 14-10, 15-10, 15-11, 15-12, 16-12, 16-13, 17- 13, 18-13, 19-14, 19-15, 20-15, 20-16, 20-18, 21-18, 21-19, 22-19. Egindakoak: 9 Lasok eta 2 Imazek; 12 Altunak eta 1 Tolosak. Galdutakoak: 6 Lasok eta 0 Imazek; 5 Altunak eta 6 Tolosak. Gorabeherak: Lehen itzuliko azken partida, harmailak bete-beteta izan dituen Atano III.enean. Lehen sakea, gorri.