NAIZ

Tratu txarrak jasotako emakumeek 2.880 eta 11.520 euro arteko laguntza eska dezakete EAEn

Indarkeria matxista sufritu duten emakumeek 2.880 eta 11.520 euro bitarteko diru-laguntza jasotzeko aukera izango dute aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Lakuako Gobernuak independentzia eta inklusio soziala erraztu nahi die hala.

Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko elkarretaratzea Bilbon, abenduaren 29an.
Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko elkarretaratzea Bilbon, abenduaren 29an. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailak diru-laguntza deialdi bat zabaldu du 2023 honetarako tratu txarrak pairatu dituzten emakumeentzat. 1,6 milioi euro bideratu ditu programa honetara eta beharra baldin badago partida handitzeko prest azaldu da. Baldintza batzuk bete behar ditu laguntza jasoko duen andreak; nagusia, honakoa: erasotzailearekin behin betiko hautsia izan behar du harremana.

Eskaera egiten duenak biktima baldintza frogatu behar du babes eskaera baten bidez, kondena batekin edo Fiskaltzaren txosten batekin, eta EAEn erroldatuta egon behar du sei hilabetez jarraian behintzat.

Langabezian egon behar du, lan kontraturik ez izan, eta ez du gutxieneko soldataren baliokidearen %75 baino gehiagoko diru-sarrerarik izan behar.

Laguntzaren zenbatekoa emakumeak bere kargu dituen pertsonen araberakoa izango da. Kontuan hartuko da berak edo bere kargu dauden senide horietakoren batek ezintasunen bat badu ere.

Diru-laguntza honekin zorrak ordaintzeko, etxez aldatzeko edota alokairurako fidantza jartzeko bultzada ematea da asmoa.

3.327 salaketa

Segurtasun sailaren arabera, 2022ko urtarriletik irailera bikoteak edo bikote ohiak emandako tratu txarrengatik 3.327 salaketa zenbatu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2021eko aldi berean baino %17,2 gehiago izan ziren.

5.000 emakumek baino gehiagok jasotzen dute Ertzaintzaren babesen bat eta 50ek bizkartzain zerbitzu etengabea edo aldizkakoa dute.

2002tik 51 emakume hil dituztela du jasoa Lakuako Gobernuak, azken biak iaz: Maria Luisa Larrañaga soraluzetarra, Benidormen senarrak hil zuena, eta Rebeca Huayta, bikoteak Bilbon hila.

Eguneko 24 orduetan dago eskuragarri indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako telefono zerbitzua (Satevi), honako zenbakian: 900 840 111. Horretaz gain, lrrialdi kasuetan 112ra dei dezakete, jakina.