Ostegunetik aurrera, hilak 12, Iruñeko Eskualdeko Hiri Garraioaren gaueko zerbitzua (billabesak) gutxi gorabehera goizealdeko laurak arte emango da ostegunero, Iruñerriko Mankomunitateak jakitera eman duenez. Ordutegi zehatza linea bakoitzaren mende egongo da.
Orain arte, gaueko hamar lineek ematen zuten zerbitzua gaueko hamabiak inguruan amaitzen zen osteguneta. «Zerbitzua luzatzearen arrazoia da Eskualdeko Hiri Garraoiaren erabiltzaileek ostegun gauetan dituzten mugikortasun-beharrak nabarmen handitu direla», adierazi du Mankomunitateak ohar batean.
«Aldaketa honek dakar ostegun eta ostiral gauetan gaueko zerbitzua gutxi gorabehera ordu berberean amaituko dela, jaiegunen bezpera diren egunetan izan ezik», gaineratu du Mankomunitateak.
Ostegun gauetan gaueko garraioaren ordutegia luzatzearen harira, Iruñerriko Mankomunitateak gazteentzako kanpaina bat egingo du aste honetan. Hain zuzen ere, kanpaina horrek barne hartuko du billabesetan informazio-pertxak kokatzea eta irrati-kateetan iragarkiak ematea.
Kanpaina horretan, era berean, bakarrik edo taldean bidaiatzen duten emakumeentzako eskaeraren araberako geldialdien zerbitzuaren abantailak gogoraraziko dira, joan den urteko irailaz geroztik martxan baitago zerbitzu hori Iruñerriko Eskualdeko Herri Garraioaren gaueko linea guztietan