NAIZ

Txotx irekiera, Atlantikoaz haraindi

Euskal sagardoak mundu osoko sagardogileak inspiratu ditu azken urteotan, ez soilik sagardogintzari dagokionean, baita sagardoa inguratzen duten usadio zahar eta berriak inportatzerako orduan ere.

Son of Man sagardotegia Oregonen dago eta 2022ko martxoan «txotx irekiera» antolatu zuen.
Son of Man sagardotegia Oregonen dago eta 2022ko martxoan «txotx irekiera» antolatu zuen. (Haritz RODRIGUEZ | CIDERZALE )

Asko dira gure estiloko sagardoa egiten saiatu direnak, eta batzuk emaitza oso onarekin, Son of Man izeneko Oregoneko upategia kasu. Baina gainera, txotx-aren erritua ere bereganatu dute, eta aurten ere sagardo berria dastatzera emateko beren sagardotegietako ateak irekiko dituzte.

Halaxe azaldu du Haritz Rodriguezek, sagardogintza globalaren munduan azken urteotan marketing, komunikazio eta nazioartekotze lanetan Ciderzale izenarekin aritu den aholkulariak. «Hamaika dira mundu osoan Euskal Herrikoak inspiratuta gure sagardoaren antzeko edariak egiten saiatu diren markak. Argentinan Txapela Sidra, Ingalaterran Hawkes, Kanadan Nomad, Alemanian Zezena Sidra eta Ameriketako Estatu Batuetan mordoxka bat... hala nola, Brooklyn Cider House, Anxo Cider eta Shaksbury, besteak beste».

Horietako askok, gainera, sagardo estiloa ez ezik edaria inguratzen duten usadioak ere eraman nahi izan dituzte beren herrialdeetara, bereziki Estatu Batuetara. «Han, txotxaren errituak arrakasta itzela du gastronomia eta kultura atsegin duen publikoaren artean. Orokorrean upel txikiagoekin, baina batzuetan baita upel handietatik ere», adierazi du Rodriguezek.  

AEBetako sagardogile guztien artean bada bat Euskal Herriarekin maitemindu eta, gurearen antzeko edaria egiten saiatu ostean, emaitza oso onak lortu dituena. Jasper Smith izena du, Oregonekoa da, ez dauka euskal jatorririk eta Son of Man izeneko sagardotegia kudeatzen du bere emazte Ella McCallion bikotekidearekin batera. Aurten ere txotx irekiera egitekoak dira, martxoaren 4an hain zuzen.

Baina ez da izango euskal sagardogintza putzuaren bestaldean ospatuko duen bakarra. Aurten, Kalifornian ere hasiera emango diote sagardo denboraldiari. Martxoan, Sacramento hirian kokatutako Hemly izeneko sagardotegiak zenbait ekitaldi ospatuko ditu estatu honetan, Euskal Herrikoak inspiratuta aurten kaleratuko duen sagardo berezi bat aurkezteko. Han izango da Haritz Rodriguez ‘Ciderzale’, euskal sagardoaren kulturaren inguruko solasaldiak eskaini eta sagardoa dastatzera emateko.

Hemly familiak ehun urte baino gehiago daramatza Sacramenton udareak landatzen eta, beraz, sagardoa baino, udardoa da bertan egiten dutena. 2019an Sarah eta Matt Hemly sagardotegiko arduradunek bidaia egin zuten Euskal Herrira, eta haiek ere gure sagardoarekin maiteminduta geratu ziren. Ondoren, 2021ean, Sagardo Forumean ere izan ziren, beren udardoak ezagutarazten.