Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Euskararen aldeko dinamika berria, Iruñetik: «2023ko sorionekuak, etorkizunari segida emateko»

Dinamika eta proiektu ezberdinetako nafar talde batek euskararen aldeko manifestu bat aurkeztu du. Positibotasunetik heldu nahi diote, euskara «etorkizunarekiko ikusmira» gisa ikusiz eta «historiaren orrialde berriak idatzi, euskaraz». Horretarako hitzordua ere jarri dute, ekainaren 10ean, Iruñean.

‘Sorionekuak’ manifestua aurkeztu dute Iruñean.
‘Sorionekuak’ manifestua aurkeztu dute Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako herritar talde batek euskararen aldeko manifestu bat aurkeztu du, hainbat dinamika eta proiektutan lan egiten duten pertsona eta eragilek sinatuta. Ekitaldia Ziudadelako Armen Aretoan egin dute larunbat goiz honetan. «Euskaraz ikasi, jolastu, mintzatu, barre egin, fikzioa ikusi eta amets egin nahi dugun herritarrak gara», adierazi dute.

Herrialdean zehar ekimen ezberdinetan parte-hartzen duten norbanakoek sustatu dute manifestua. «Ager landetan ekimenak antolatzen ditugu, euskaraz idazten dugu, euskara irakasten dugu, kultura egiten dugu, kirola euskaraz sustatzen dugu, injustiziei hordagoa botatzen diegu... Finean, Nafarroa osoko hainbat eremutatik eta bidetatik gatozen herritarrak gara, gaurtik hasita, euskaraz bizi nahi dugunak», azaldu dute.

Castillo Suarez, Saioa Alkaiza, Patxi Zabaleta, Iraia De la Torre, Uxue Rey, Ibai Sueskun, Tania Gonzalez, Reyes Ilintxeta, Xabi Gartzia, Haizea Lizarbe, Jon Zapata, Lander Majuelo, Nerea Urbizu, Lorea Lizarreta, Haizea Ramirez de Alda, Garazi Gartzia, Leire Ubani, Ainhoa Jauregi eta Ane Eslava agertzen dira, besteak beste, sinatzaileen artean. Hau da, euskararekin era batera edo bestera harremana duten hiritarrak: kazetariak, euskaltzainak, kulturgileak, Hordagokoak, Errigorakoak, euskalgintzakoak, kirolariak, Agerraldikoak, Gazte Euskaltzaleen Sarekoak, Topagunekoak, D ereduaren aldeko plataformetakoak, Labakoak edo Euskal Herrian Euskarazeko kideak.

Nabarmendu egin dute «ez direla gutxi» egunerokoan aurkitzen dituzten oztopoak. «Euskara ikastea ez da guztion eskura dagoen zerbait; kulturaren ozeanoan tanta txiki bat da euskaraz ekoitzi eta zabaltzen dena; administrazioan zerbitzuak euskaraz jasotzea ez da erraza izaten, eta hiztun moduan eskubide desberdinak ditugu Nafarroan, gure posta-kodeak definitzen ditu geure hizkuntza-eskubideak; atzerriko hizkuntzen azpitik puntuatzen da euskara ehunka lanpostutan; paisaia linguistiko elebiduna izateak, maiz, esfortzu, borroka eta lan handia eskatzen du».

Hala ere, euskal hizkuntzari positibotasunetik heldu nahi diote. «Telebista piztu eta konturatu gabe geure burua euskaraz gozatzen harrapatu nahi dugu. Ez dugu ahaleginarekin bakarrik lotu nahi. Erosketak egitera joan eta kezkarik, beldurrik nahiz lotsarik gabe euskaraz mintzatu nahi dugu parekoarekin. Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, akaso, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu, 2023ko sorionekuak, etorkizunari segida eman nahi diogulako», adierazi dute Irulegiko eskuari keinu eginez.

Izan ere, euskara «etorkizunarekiko ikusmira» gisa ikusten dute. «Hemen bildu garenok bide horretan erein nahi dugu geure alea: euskara historia luzea duen hizkuntza da, baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duena. Erabil dezagun sorioneku bihurtu gaituen 2.000 urteko eskua etorkizunari ongietorria emateko».

Ekainak 10, mobilizazioa

Horrela, euskal eragile sozial, politiko eta norbanakori batzeko deia egin diete, «euskara ez baita museoetan gordetzeko harribitxia, euskara etorkizuneko hizkuntza da, Nafarroakoa, nafar guztiona, denona». Zentzu horretan «ardura politikoak» ere exijitu dituzte. «Ez dugu bigarren mailako herritar izan nahi. Eskubide guztiak herritar orori bermatuak izan daitezen nahi dugu, fikziozko mugarik gabe. Euskarari bere lekua eta prestigioa emateko eskatzen dugu, dagokiona; izan ere, euskarak hiztunak behar ditu eta hiztunok, eskubideak. Bereizkeria eta bazterketa ez dira aukera bat: pertsona guztiontzako eskubide guztiak nahi eta behar ditugu. Herritarrok egiten ari garen moduan, har dezala administrazioak erantzukizuna bere gain».

Beraz, «urrats bat aurrera» emateko sinetsita aurkeztu dira. «Herritarron garaia da, euskararen garaia da, Nafarroaren garaia da» eta dinamikara batzeko deia egin dute «euskara denona delako, nafar guztiona. Herritar guztion eskubideon alde».

«Etsitzea ez da aukera bat», nabarmendu dute. «Erakutsi dugu eta oraingoaren ere erakutsiko dugu: efemeride berriak sortu nahi ditugu, historiaren orrialde berriak idatzi, euskaraz. Sorionekuak gu». Eta horretarako hitzordua ere jarri dute, ekainaren 10ean, Iruñean «herri mobilizazio historikoa» egingo dutela iragarriz.