NAIZ

Gobernu militarraren Bilboko egoitza «eraisteagatik» KEM-MOCeko bi ekintzaile epaituko dituzte

2021eko abenduaren 18an Bilboko Juan de Garay kuartelean egindako ekintza baketsu batengatik epaiketa izango dute urtarrilaren 24an KEM-MOC talde antimilitaristako bi kidek. Protestan gobernu militarraren eraispena antzeztu zuten.

Gobernu militarraren eraispena irudikatu zuten KEM-MOC taldeko 4 kidek.
Gobernu militarraren eraispena irudikatu zuten KEM-MOC taldeko 4 kidek. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Datorren urtarrilaren 24an epaituko dituzte Bilboko zigor-arloko 5 zenbakiko epaitegian, KEM-MOC talde antimilitaristako bi kide. 2021eko abenduaren 18an #Botakuartela kanpainaren baitan, Bilboko Irala auzoan dagoen gobernu militarraren egoitza «eraisten» saiatu ziren.

Bi ekintzailek kuarteleko horman ‘Bota kuartela’ margotu eta mazoekin kolpatu zuten; eta beste bik harresiaren gainera igo, bertan kateatu eta pankarta bat jarri zuten, ‘Gastu militarra 43.000 milioi €’ leloa zeramana. Ekintza horrekin, antimilitaristek eskatu nahi zuten kuartelak dituen 6.500 metro karratuak auzoak dituen beharretara bideratzea.

Suhiltzaileek jaitsi zituzten bi ekintzaileak hormatik eta Ertzaintzak laurak identifikatu zituen. Orain, 4 ekintzaileetako bik epaiketa izango dute. Fiskaltzak urte eta erdiko kartzela zigorra eta 4.500 euroko isuna eskatu die bakoitzari, kalte delitua leporatuta.

2021eko ekintza hori ez da KEM-MOC talde antimilitaristak Bilboko gobernu militarrean egindako bakarra. Joan den urteko azaroaren 22an berriz ere antzeztu zuten kuartelaren eraispena, espazioarentzako obra-proiektua erakutsiz. Aldamioa muntatu eta mazoekin harresia kolpatu zuten, kuartela eraisteko asmoz. #Botakuartela kanpainaren baitako ekintza izan zen hori ere, «Juan de Garay kuartel militarrak Irala auzoari lapurtutako espazioa» berreskuratzeko. Aldarrikatu zuten horrelako espazioek ez luketela funtzionamenduan jarraitu beharko eta espazio hori «auzoaren eta hiriaren premietara bideratu beharko liratekeela».