Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Zenbakiak zelaian islatu nahi ditu Eibarrek

Etxetik kanpo partida bakarra irabazi duen Malagaren bisita hartuko du Eibarrek, lehen postuari eusteko helburuarekin. Bost baja ditu Gaizka Garitanok baina Juan Carlos Aranak kamiseta gorri-urdinarekin debutatu dezake.

Sergio hamaikakora itzuliko da Nolaskoain zigortuaren hutsunea betez.
Sergio hamaikakora itzuliko da Nolaskoain zigortuaren hutsunea betez. (SD Eibar)

Liderrak eta azken-aurrekoak jokatuko dute bihar Ipuruan (14.00) eta zenbaki hutsei begira, Eibar da faborito bakarra hiru puntuak lortzeko. Mailako talderik onena diote eta, gainera, etxean gauzatzen ari den ibilbidea da batez ere lehen postuan kokatu dutena, bertan ez baitu aurreko denboraldirik galdu eta aurtengoan hiru taldeek besterik ez dute bertatik punturen bat eramatea lortu. Malagak, berriz, behetik begiratu ditu aurkari guztiak Liga hasi zenetik, jeitsiera postuetan egon baita denboraldi osoan, bigaren jardunadian izan ezik. Eta bere emaitzak, gainera, askoz pobreagoak dira etxetik kanpo La Rosaledan baino.

Baina futbola ez da kalkulagailu batekin jokatzen eta partidak estatistikek islatzen duteka baino parekatuagoak izaten ari dira. Eibarri berari aurreko astean Ibiza gainditzea zenbat kostatu zitzaion ikusi besterik ez dago. Baina modu batera edo bestera, aurreikuspenak bete ziren eta bihar gauza bera gertatzea nahiko luke Gaizka Garitanok, helburu zaila dela uste badu ere. «Urte eta erdi daramagu etxean oso indartsuak izaten eta horrela jarraitzea nahi dugu. Konfiantza daukagu, gauzak ondo egiten ari gara eta besoak jaitsi gabe jarraitu behar dugu, estutu eta etxean indartsu jarraitu, etxetik kanpo guztioi gehiago kostatzen zaigulako». Baina nahi izatetik lortzera pasatu ahal izateko, lan handia egin beharko dute gipuzkoarrek, biharkoa ere «partida zaila» izango delako. «Partida guztiak izaten ari dira eta Malagak duen taldea ikusten duzunean, badakizu hau ere izango dela», esan du Garitanok. Entrenatzailearen ustetan, gainera, zenbakiek beraiek, ondo aztertuta, zailtasun hori azpimarrratzen dute, «azken hilabeteotan partida danak 1-0, 1-1, 1-1, 2-1… baitira. Partida guztiak edo berdinketak edo gutxigatik galdu edo irabazi dute. Irabaztea kostatzen zaie baina berdinketa asko lortu dituzte ere», gogorarazi du.

Konplikazioak ez ditu bakarrik aurkariak sortuko, Ipuruako erizaindegia berriro bete baita. Blanco Leschukek eskaiola eta guzti dauka, oinaren hezurtxo bat apurtu ondoren; bi hilabetetan minutu bakarra jokatu ezin izan ez duen Aketxek giharretako mina du eskuin izterrean, Correak arazoak tendoi rotulianoan eta Quique gaixorik dago. Eta denboraldian lehen aldiz bi partidetan jarraian hasierako hamaikakoan sartu ondoren, Nolaskoainek ere harmailatik ikusi beharko du partida, Ibizaren kontra bostgarren txartel oria hartu ondoren. Baliteke bere bajak eragitea aldaketa bakarra hasierako taldean, Sergiok bere hutsunea betez. Aulkian, printzipioz, beste berritasun bat egongo da, behin fitxa tramitatuta, Juan Carlos Arana aurrelari iritsi berria deialdian sartu baitaiteke.

Malagak neguan egin dituen hiru fitxaketekin etorriko da ere, Lago Junior armagin-oiha, Delmas eta Almeriak utzitako Appiah, hain zuzen ere. Zigorra bete ondoren, Esteban Burgos gorri-urdin-oiha egongo da Ipuruan ere eta Pepe Melek, berriz, ezin izan ditu Escassi eta Genaro Rodriguez deialdian sartu, biak baitaude zigortuta.

EIBAR
Hasierako hamaikakoa: Luca Zidane; Tejero, Berrocal, Arbilla, Imanol; Sergio, Matheus; Corpas, Stoichkov, Rahmani; eta Bautista.
Bajak: Correa, Aketxe, Blanco Leschuk eta Quique, lesionatuta; eta Nolaskoain, zigortuta.

MALAGA
Hasierako hamaikakoa: Rubén Yañez; Ramalho, Burgos, Juande, Javi Jimenez; Chavarria, Ndiaye, Jozabed, Fran Villalba; Febas eta Ruben Castro.
Bajak: Adrian Lopez, lesionatuta; eta Escassi eta Genaro Rodriguez, zigortuta.

Epailea: Cordero Vega (Kantabria).
Zelaia: Ipurua.
Ordua: 14.00 (LaLigaSmartTV).