NAIZ

Arabak lanera edo ikastera joateko 10 bidegorri berri izango ditu

Arabako Foru Aldundiak 6 milioi euro inbertituko ditu 2033 arte hamar bidegorri berri eraikitzeko. Bide laburrak izango dira, lanera edo ikastera joateko aurreikusita baitaude, eta lehenengoa datorren urtean erabilgarri egotea espero dute, Gasteiz eta Miñaoko Parke Teknologikoa lotuko duena.

Carlos Ibarlucea foru diputatuak aurkeztu du Bizikleta Estrategia.
Carlos Ibarlucea foru diputatuak aurkeztu du Bizikleta Estrategia. (Arabako Foru Aldundia)

Arabak hamar bidegorri berri izango ditu 2033an «lanera eta ikastera joateko ibilbide laburrak» bizikletaz egin ahal izateko. Foru Aldundiak Bizikleta Bideen Sare berri hau 6 milioi euroko inbertsioarekin egingo dela iragarri du.

Aurrekontu osotik 1,2 milioi Europako Feder funtsetatik etorriko dira, Carlos Ibarlucea Bide Azpiegitura eta Mugikortasun Saileko foru diputatuak Batzar Nagusietako batzorde batean astelehen honetan jakinarazi duenez.

Ibarluceak Bizikletaren Estrategia aurkeztu du, hamaika bidegorri proiektatzen dituena; horietako batek jada Durana eta Arroiabe lotzen ditu. Sei kilometro baino gutxiagoko luzera eta malda txikia duten beste hamar ibilbide eraikitzea aurreikusten da.

Zehazki, honako bide hauetan eraikiko dira: Gasteiz - Miñaoko Parke Teknologikoa, Gasteiz - Langraiz Oka, Guardia - Eltziego, Gasteiz - Etxabarri Ibiña, Dulantzi - Burgu, Amurrio - Murgako industrialdea, Ribabellosa - Miranda Ebro, Bastida - Haro eta Oion - Logroño.

Eraikiko den lehenengo bidegorria Gasteiz eta Miñaoko Parke Teknologikoaren artekoa izango da, bertan 3.500 pertsona baino gehiagok lan egiten baitute, diputatuak nabarmendu duenez. Lanak aurten bertan hasiko direla eta bidea 2024an erabili ahal izango dela aurreratu dute.