Andoni Arabaolaza
Entrevue
Alex Txikon
Alpinista

«Eraginkortasuna izan da Manaslun lortu dugun arrakastaren giltzetako bat»

Hamar egun igaro dira Alex Txikonek Manasluko tontorra (8.163 m) zapaldu zuenetik, eta, atseden pixka bat hartu badu ere, erabat lanpetuta dago elkarrizketak ematen. NAIZek Samagaun herrian harrapatu du lemoarra.

2016. urtean Alex Txikonek Simone Mororekin eta Ali Sadpararekin Nanga Parbat-eko (8.125 m) neguko lehen igoera historikoa sinatu eta gero, joan den 6an neurri ia bereko arrakasta lortu zuen Manaslun. Neguko eskalada horri, gainera, gehitu behar diogu gailur nagusira igo zela. Eta hori oso mendizale gutxik egin dute. Lorpen handi horretan bizkaitarra ez zen bakarrik izan; izan ere, Tenjen Xerpa, Pasang Narbu Xerpa, Mingtemba Xerpa, Chhepal Xerpa, Pemba Tasi Xerpa eta Gyalu Xerpa “olinpo” horretan sartu ziren.

Katmandun hainbat egunez atseden hartu, eginikoaz hausnartu eta makina bat elkarrizketa eman eta gero, Samagaun herrira itzuli da. Hots, espedizioan altxatu zuen kanpaleku nagusira. Han utzitako tresneria jasotzeaz gain, herri nepaldar horretara joan da laguntza humanitarioa ematera. Ohi den bezala, Txikonek barru-barrutik berba egin digu.

«Asko hausnartu dut, eta baiezta dezaket inoiz egin dudan jarduera gogorrena izan dela»

Manasluko azken lorpen hori bi alderditik jorratzera gonbidatzen zaitut. Batetik, mendizale soilak edo jantzita ez dauden irakurleak daude. Eta bestetik, espezializazio horretan adituak direnak. Egin berri duzun jarduera handi horren inguruan, zer-nolako mezua bidaliko zenieke?

Biei ala biei argi eta garbi zera esango diet: lehen ez ginela hain txarrak eta egun hain onak ere ez! Irakurri eta entzun dudanagatik, batzuek-batzuek aiztoa hortzetan zutela hitz egin dute. Onartu behar dut asko estutu dugula. Asko hausnartu dut, eta baiezta dezaket inoiz egin dudan jarduera gogorrena izan dela.

Igoerari dagokionez, esan dezaket klima aldaketarengatik Manasluko baldintzak asko aldatu direla. Adibidez, azken bizpahiru hilabeteotan ez du elurrik egin. Izotz asko zegoen, eta ausardia handia izan dugu. 80 metroko soka batekin lehen eta bigarren kanpalekuen arteko sekzio hori finkatu genuen. Tarte oso arriskutsua da. Hortik gailurreraino  ez genuen sokarik erabili; soilik beste espedizio batzuek han utzitako zahar batzuk.

Ondoan sei alpinista nepaldar izan ditut; zailduak izateaz gain, jatorrak dira. Nik ez bezala, haiek oxigeno gehigarria erabili zuten. Oso-oso ausartak izan dira! Bestalde, azpimarratu nahi nuke laugarren kanpalekua eta tontorra lotzen dituen sekzio horretan asko flipatu nuela. Haizeak eraginda, izotz formazio ikaragarriak eta haize plakak zeuden. Horietako bi puskatu genituen. Beldurrak ondo astindu ninduen!

Mendiaren baldintzengatik eta egin zuen muturreko hotzarengatik, igoera gogorra izan zen. Lehen arrakasta lortu zenuten, baina behin betikoa kanpaleku nagusira onik iristea zen. Oker ez banago, ordurako indarrak nahiko xahututa zenituzten.

Esan dezaket niretzat muturrekoa izan zela. Hogeita hamar pauso eman eta gelditu beharra nuen. Denbora asko neraman jan eta edan gabe. Erabat deshidratatuta! Chhepalen kantinplora izoztutik ur pixka bat ateratzea lortu genuen. Zurrutada zein gel bat hartu eta berpiztu nintzen.

Laugarren kanpalekutik behera tarte oso tentea dago, eta soka zahar batzuk erabili genituen. Egundoko adorea erakutsi genuen! Horrez gain, Mingtemba Xerpak eroriko oso arriskutsua izan zuen. Zorionez, ez zuen min handirik hartu. Alde guztietatik leher eginda geunden, baina den-denak onik iritsi ginen kanpaleku nagusira.

Zuen igoera ikusita, aitortu daiteke ez duzuela hutsik egin. Estrategia aldatu zenuen, eta eguraldi leiho on bat aprobetxatuta, 60 orduko joan-etorrian, neguko jarduera hori sinatu zenuten. Hortaz, esan genezake eraginkortasuna erabatekoa izan dela. Hori izan al da giltza? Bide batez, harritu egin nau izaera horretako eskalada bat egiteko gai izan zarela nahiz eta ez zeunden girora ondo egokituta.

Bizitza guztia daramat hau egiten, eta aklimatazioarekin ez dut arazorik; oso ondo egokitzen naiz. Kirol eskaladako 8a mailako bide bat egiteko, adibidez, makina bat ekinaldi egin behar ditut [barrez].

Bai, arrazoi osoa duzu: gero eta eraginkorragoa naiz nire eskaladetan. Konfiantza eta heldutasun handiagoa dut, eta aurreratuko dizut ia denarekin asmatu dudala: dendekin, janariarekin, eskuak eta oinak berotzeko adabakiekin…

«Nirekin izan diren alpinista nepaldarrak gutxietsi dituzte. Oso motibatuta zeuden eta soldadu gisa lan egin dute»

Hainbat hedabide espezializatuk aipatu dute zurekin izan diren sei alpinista nepaldarren laguntzari esker izan duzula arrakasta. Zer erantzungo zenieke? Aukeraren bat ikusi duzu Manaslu estilo garbiago batean igotzeko? Adibidez, Simone Morok eta zuk zeuk osatutako sokada bat.

Nanga Parbaten bai; ez, ordea, Manaslun. Mendiak izan dituen baldintza gordinak ikusita, estilo garbiago batean inor ez da sartzen. Drone batekin ibilbide egokiena bila dezakezu, irudi horiek aztertu eta norabide ona hartu. Bi laguneko sokada batek ez luke arrakastarik izango. Kontuan hartu behar da lehen eta bigarren kanpalekuen artean, klima aldaketarengatik, oso-oso arriskutsu dagoela.

Iritziak ematean, behin baino gehiagotan okertu naiz. Esan nuen K2 (8.611 m) neguan igo zuten lehen alpinistek ez zutela xede hori lortuko. Eta erratu nintzen. Nirekin jardun duten alpinista nepaldarrak gutxietsi dituzte. Oso motibatuta zeuden eta soldadu gisa lan egin dute. Horietako batzuek Cho Oyura joan behar zuten, baina azken unean nire espediziora batu ziren. Oso ondo etorri zitzaidan; izan ere, talde handiagoa ginen eta gastuak partekatu genituen. Den-dena eman dute, eta historia egin dute. Bai, Nepalgo zortzimilako bat neguan igotzen lehen nepaldarrak bihurtu dira. Asko poztu naiz, eta oso harro nago taldekide izan ditudalako. Nahiz eta hedabide espezializatu batzuek bestelako iritzia izan, alpinista nepaldar hauek ez dira bigarren mailakoak. Ziur naiz urte gutxi barru aurreratuko gaituztela. Teknika gehiago ikasi behar dute, baina argi erakutsi dute oso konprometituak direla. Bai, sei nepaldarrekin jardun dut. Baina kontuan hartzen badugu “erregeak” direla, orduan, norekin joan behar dut?

«Simone Morok Katmandun egin zidan hausnarketari garrantzia ematen diot. Zera esan zidan: “Manaslun lortu duzuna arrakastaren ordaina da”»

Nahiz eta zuena negu astronomikoan egindako aurreneko igoera izan den, esan behar da zuen jarduera ezin dela alderatu 1984. urtean Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrek egin zuten eskaladarekin. Beste garai bat zen, tresneria oso ezberdina zen, eguraldi iragarpenik ez zuten… Negu astronomikoaren eta meteorologikoaren inguruko eztabaidatik ihes egin duzu, eta batez ere eginiko 60 orduko joan-etorri horri azpimarra jarri diozu. Alpinismoan ez dago idatzizko araurik, baina beti zabiltzate zeuen buruari eta besteei “arauak” jartzen. Kontraesan hori beti pil-pilean izan da. Zergatik gertatzen da hori?

Inbidia hutsa da. Nanga Parbat mendian berdin gertatu zen. Dhaulagirin, adibidez, orain bi alpinista daude soilik eta estilo alpinoan igo nahi dute. Ahal den garbien igotzen badute, asko poztuko nintzateke. Bai, besteen arrakastarekin pozten naiz.

35 urte daramatzat gora eta behera, eta badakit zer esaten dudan. Hau guztia gaur egungo gizarte indibidualistaren eta egoistaren ispilu da. Ez dago enpatiarik, ezta balorerik ere. Gai honekin kristoren elur-pilota handia egiten da, eta horrek ez dauka zentzurik.

Simone Morok Katmandun egin zidan hausnarketari garrantzia ematen diot. Zera esan zidan: ‘Manaslun lortu duzuna arrakastaren ordaina da’.

Dagoeneko, neguan bi zortzimilako (Nanga Parbat eta Manaslu) igo dituzu; hortaz, estilo horretan espezialistatzat har zaitzakegu. Zure ibilbidea ikusita argi dago zortzimilako baxuenetan askoz ere hobeto moldatzen zarela. Eta hori diot Everesten zein K2-n “kale” egin duzulako. Hots, bi zortzimilako garaienetan. Koska hori asko nabaritzen da, ezta?

Hori ez dut zalantzan jarriko. Salto handia dago; besterik ez. Zuk aipatu dituzun bi zortzimilako horietan huts egin dut. Neguko jarduera hauetan oinarria zera da: ezinezkoa da erabateko eraginkortasuna izatea. Saiatzen zara eta bitan, hirutan… huts egiten duzu. Gero beste batean arrakasta lortzen duzu. Baina argi dago lorpenak  baino huts askoz ere gehiago egiten direla. Zotzimilakoetan egiten diren jarduerak beste modu batean neurtu behar dira.

Gero, aurrekontuen gaia dago. Ni, adibidez, ez naiz Simone Moro. Arazo bat badu, kanpaleku nagusira jaitsi eta helikoptero bat hartzen du Katmandura joateko.