NAIZ

Paula Estebas antolatzailea fitxatu du IDK Euskotrenek Yurena Diazen hutsunea betetzeko

Jokalari errioxarrak Estudiantes taldearekin jokatu du aurten, Melisa Gretter antolatzailea min hartuda izan den denboran. Aurrez, 2018/19 denboraldian Araskirentzat ere aritu zen, nahiz eta bere kirol bizitza gehienean Logroñoko Campus Prometen jokatu duen.

Paula Estebas, IDK Euskotrenen azken fitxaketa.
Paula Estebas, IDK Euskotrenen azken fitxaketa. (@IBAETABASKET)

Yurena Diazek eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsita duelako, 2022/23 denboraldia amaitu da IDK Euskotren taldeko antolatzaile kanariarrarentzat. Baina Ibaeta Basket arin mugitu da eta astelehen hontan bertan, bere kapitainaren lesioaren berri emateaz gain, bere ordezkoa ere aurkitu du denboraldia amaitu arte: Paula Estebas antolatzaile errioxarra.

Otsailaren 21ean 30 urte beteko ditu Logroñoko jokmalariak, 1,75 metro neurtzen ditu eta antolatzaile zein eskolta postuetan joka lezake. Benbibreren aurka, izan ere, IDK Euskotrenen benetako antolatzaile bakarra Nicole Cardaño-Hillary madrildarra izan zen eta honek atseden hartzen zuen tartean, Joy Adamsek egin zituen antolatzaile lanak.

Erritmo faltarik ezin zaio egotzi gainera Estebasi, denboraldi hasiera luze honetan Estudiantesekin jokatu baitu bai Emakumeen Endesa Liga eta baita Emakumeen Eurocupa ere. Melisa Gretter, Estudianteseko antolatzaile titularrak orkatilako lesio bat dela-eta bi hilabetez geldirik egon behar izan zuen eta tarte horetan aritu da Madrilgo taldearentzat jokalari errioxarra.

Paula Estebas Logroñoko Campus Promete taldeari lotuta egon da 2011an Emakumeen Ligan debuta egin zuenetik. Azken bi denboradietan batez beste 25 minutu eman ditu kantxan eta 10 puntu lortu ditu partidako. Esan behar taldea zuzentzen baino trebeagoa dela urrutiko jaurtiketan, nahiz eta denborarekin eta lanarekin asko hobetu duen azken urteetan.

Estudiantesen izan duen esperientziaz gain, 2018/19 denboraldian Araskirentzat jokatu zuen. Hala ere, urtebete egin eta gero Logroñora itzuli zen.

Astelehen hontan bertan iritsi da Estebas Donostiara eta dagoeneko jarri da Azu Muguruzaren aginduetara. Hain zuzen, datorren igande eguerdian Estudiantesen aurka izango du errioxarrak IDK Euskotrenen kamisetarekin debuta egiteko parada Josean Gasca pabilioian.