NAIZ

EHUk bi gradu berri eskainiko ditu datorren ikasturtean

Biomedical Engineering eta Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza gradu berriak eskainiko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak 2023-2024 ikasturtetik aurrera, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropoligia Fakultatean, hurrenez hurren.

Gradu berri bi izango ditu EHUren eskaintzak datorren ikasturtean, bat inegniaritza biomedikoarekin lotuta.
Gradu berri bi izango ditu EHUren eskaintzak datorren ikasturtean, bat inegniaritza biomedikoarekin lotuta. (UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateak gradu-ikasketen eskaintzari bi titulu berri gehituko dizkio 2023-2024 ikasturtean: Biomedical Engineering, oso-osorik ingelesez emango dena Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta Hezkuntzaren arloko lehen gradu bikoitza: Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean egingo dena, Gipuzkoako Campusean.

Ohar baten bidez aadierazi duenez, guztira, 107 titulazio eskainiko ditu 2023-2024 ikasturtean, jakintza arlo guztietakoak, alor ugaritan -aspalditik irakasten direnak nahiz berritzaileenak- trebatzeko aukera emango dutenak.

Eva Ferreira errektorearen iritziz, «gure graduko eskaintza akademikoa gizarte dinamiko eta aktibo honen beharretara etengabe egokitzearen emaitza da. Prestakuntza dualaren aldeko apustua, gradu berriak sartzea eta irakaskuntza hiru hizkuntzatan garatzea dira ahalegin horren erakusgarri hoberenak».

Zehazki, datorren ikasturterako onarpen-tramitean dagoen Biomedical Engineering graduak Bilboko Ingeniaritza Eskolako eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaileak izango ditu bere irakasleen artean, ingeniaritza biomedikoaren helburua Osasun Zientzien arloko soluzio teknologikoak garatzea baita.

Gainera, graduak prestakuntza-ibilbide duala izango du, eta, horri esker, hirugarren ikasturtetik aurrera, ikasleek Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresetan osatuko dute prestakuntza. Horri esker, harreman zuzena izango du Osakidetzarekin erlazio estua duten profesionalekin, bai ingeniaritzaren arloan, bai osasunaren arloan.

Bestalde, Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza, Gradu Bikoitzak, euskaraz emango denak, 0-12 urteko ikaskuntza-inguruneetan moldatzeko prestatuko ditu irakasleak. Eskaera akademiko eta sozialari erantzungo dio, ikasle talde handi batek Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza egiteko interesa adierazten baitzuen.

Ikasleek lau praktikaldi egin ahal izango dituzte bost urtean, eta azken urtean Lehen Hezkuntzan eskaintzen den aipamenetako bat lortu ahal izanen dute, besteak beste, Hezkuntza Berezia edo Atzerriko Hizkuntza. Gradu bikoitz honekin, dagoeneko hamabost gradu bikoitz dira Euskal Herriko Unibertsitateak 2023-2024 ikasturtean eskainiko dituenak.