NAIZ

Euskaltzale Independentisten Topaketak eginen dituzte udazkenean

Udazkenean aurreneko Euskaltzale Independentisten Topaketak eginen dira, Euskal Herrian Euskarazek antolatuta. «Euskararen Errepublika» eraikitzeko borondatea duten guztien elkargune izatea da asmoa. Ikasteko, hausnartzeko eta adin guztietarako aisialdi eskaintzaz gozatzeko aukera emanen du.

Euskal Herrian Euskarazen manifestazio bat, Iruñean.
Euskal Herrian Euskarazen manifestazio bat, Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Euskaltzale eta independentistek elkarrekin pentsatzeko «elkargune atsegin eta emankorra» izan nahi dute Euskaltzale Independentisten Topaketek. Heldu den udazkeneko asteburu batean eginen dira, Euskal Herrian Euskarazek antolatuta.

Besteren artean, honako gaiak jorratuko dituztela aurreratu dute: independentzia prozesuari euskalgintzatik zein ekarpen egin, eta zein eskakizun; Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean zailtasunei nola aurre egin; euskararen aldeko mugimenduak dituen indarguneak nola baliatu; eta euskalgintzako eragileen arteko adostasunak Euskararen Errepublikaren bidean egin dezaketen ekarpena.

Euskararen aldeko borrokaren eta beste hainbaten arteko loturak landu eta elkar indartzeko aukerak ere aztertuko dituzte: langile borrokak, feministak, antiarrazistak, sexu askatasunaren aldekoak... Horretarako, Euskal Herriko hainbat hizlari gonbidatuko ditu EHEk.

Bi urtean behin

Eguneroko zurrunbilotik atera, pausatu eta ikuspegia zabaltzea izanen da helburua; bakoitza zertan ari den aditu eta elkar elikatzeko bide orri bateratuak bilatzen saiatzea. EHEren baitan Euskararen Errepublikaren premiaren inguruan egindako hausnarketa partekatuko dute.

Euskaltzale Independentisten Topaketak tresna garrantzitsutzat ditu EHEk. Hori dela eta, hemendik aurrera bi urtero antolatzea da asmoa. Antolaketan buru-belarri ari dira eta aurrerago emanen dituzte xehetasunak, lekua, data zehatza eta egitarauaren ingurukoak.

Astindu prozesuaren ondorio

Pandemia garaia hausnarketarako baliatu du EHEk; Astindu prozesuaren bidez, bere oinarri ideologikoak berrikusi eta antolaketa eredu berria finkatu du eragile nazionalaren militantziak.

Herrika, eskualdeka eta herrialdeka antolatzen zen erakunde klasiko batetik, sare malguago bateranzko bilakaera adostu dute, garaiko egoerara egokituz. Inplikazio maila eta modu ezberdineko kideen sare batek osatuko duen komunitatea izanen da EHE aurrerantzean. Tokian tokiko taldeak mantendu edota sortzea alde batera utzi gabe, proiektu edo gai zehatzak landuko dituzten lantalde nazionalek hartuko dute garrantzia.

Apustu estrategikoa

Antolaketa ereduarekin batera, sei lan-ildo zehaztu dituzte prozesuan, EHEren lana gidatuko duten zutabeak: tokian tokiko borrokak piztea, euskararen aldarriari espazio eta une guztietan eustea, gazte belaunaldiak euskararen borrokara batzeko lan egitea, intersekzionalitatearen ikuspegitik beste eremuetako eragileekin elkarlana garatzea, euskaldunon aurkako eraso eta eskubide urraketak salatu eta erantzutea, eta euskalgintzako gainerako eragileekin batera hizkuntza politiketan eragiteko egitasmoetan parte hartzea eta sustatzea.

Azkenik, datozen urtetarako apustu estrategiko nagusia zehaztu dute: Euskararen Errepublikaren eraikuntzaren beharra. «Euskaldunok gure hizkuntza eskubideak bermatuak izango ditugun marko bat behar dugu eta hori independentziak bere horretan ziurtatuko ez badu ere, independentzia nazionala ezinbestekoa dugu horretarako. Ezinbesteko dugu euskara ardatz izanen duen Errepublika eraikitzea. Horregatik aldarrikatzen dugu Euskararen Errepublika, iazko abenduan Durangon egindako mobilizazioan plazaratu bezala», agertu dute.

Lehen bilera irekia, larunbatean

Lau hilean behin EHEren komunitate zabalari irekitako bilkurak eginen dira. Horietan, hurrengo lauhilekoko jarduna proposatu, eztabaidatu eta adostuko da. Lehenengoa larunbat honetan izanen da, urtarrilak 21, 10.00etan Senpereko Larraldean. Aurrez izena ematea komeni da, ehe@ehe.eus helbidera idatziz.