NAIZ

Peter eta Zsóka Nestler zinemagileen obran jarriko du fokua Punto de Vista jaialdiak

Iruñeko Punto de Vista jaialdiak Peter Nestler zinemagile alemaniarraren gaineko atzera begirakoa eta argitalpena prestatu ditu martxoaren 27an abiatuko duen ediziorako. Jaialditik azaldu dutenez, bereziki bere emazte Zsóka Nestler-ekin batera zuzendu zituen filmak nabarmenduko dituzte.

Peter Nestler zinemagile alemaniarraren obra aztertuko da Iruñean.
Peter Nestler zinemagile alemaniarraren obra aztertuko da Iruñean. (NAIZ)

Punto de Vistaren hurrengo edizioa 2023ko martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean egingo da, eta bertako bi atzera begirakoetako bat Peter Nestlerren (Alemania, 1937) lanari buruzkoa izango da. Programa horretan, bereziki nabarmenduko dira alemaniar zinemagileak Zsóka Nestler (Hungaria, 1944) emaztearekin eta beste kolaboratzaile batzuekin batera zuzendutako filmak.

Gainera, Peter Nestlerrek bera Iruñean izango da, ‘Es nahen andere Zeiten / Bestelako garaiak datoz’ izeneko atzera begirako honetan parte hartzeko.

Nestlerrek 60 film baino gehiago zuzendu ditu bere ibilbidean, eta atzera begirakoak egin dizkiote Paris, Londres edo New Yorkeko erakunde nabarmenetan, baina hauxe da Euskal Herrian egiten zaion lehena. Zinemagilearen filmografiako funtsezko tituluez gain, azken urteetan artxiboetan egindako aurkikuntzak eta zaharberritzeak ere aurkeztuko dira bertan, bai eta duela gutxi egindako zenbait lan ere.

Peter eta bere bikotekide eta kolaboratzaile Zsóka Nestler hirurogeiko hamarkadaren hasieran hasi ziren filmak egiten, eta erresistentzia, itxaropen eta aldaketarako deia etengabea izan da haien obran. Filmografiaren ardatz nagusiak politika, nazioarteko borrokak, etorkinen eta gutxiengoen lan baldintzak, objektuak eta materialak fabrikatzeko prozesuak, eta arte eta herri musika dira. Atzera begirakoan ‘Am Siel’ (1962), ‘Zigeuner sein’ (1970), ‘Spanien!’ (1973), ‘Die Judengasse’ (1988), ‘Pachamama - nuestra tierra’ (1995) eta ‘Unrecht und Widerstand’ (2022) proiektatuko dira, besteak beste.

Argitalpen berezia

Atzera begirakoaz gain, Peter Nestlerrek gertuko kolaboratzaile batzuekin batera sortutako obrari buruzko argitalpen bat egingo du aurten jaialdiak, zinemagilearen lanak beti izan duen orientazio kolektiboa aldarrikatuz.

Peter eta Zsóka Nestler zinemagileak. (NAIZ)

Peterren obrarekin zerikusia duten testuak, elkarrizketak eta lan dokumentuak gaztelaniaz bilduko dira lehen aldiz. Besteak beste, honako hauek bilduko dira argitalpenean: Nestlerren lan berrienetako baten filmaketa egunerokoa (‘Picasso en Vallauris’, 2021), Bassem Pablo Al Bacha Fernandezek idatzia eta ilustratua; Nestlerri eta haren kolaboratzaileei (Zsóka Nestler, Rainer Komers, Reinald eta Robert W. Schnell) buruzko testuak eta elkarrizketak; haren zenbait gidoi eta material grafiko ugari, eta, osagarri gisa, sei hamarkadako lanari buruzko ohar txikien bidez dokumentatutako filmografia.

Argitalpenaren bigarren zatia Nestlerren eta Reinald Schnellen argazkiz eta testuz osatutako liburu baten (‘Bauern Malen Bilder/Nekazarien margolanak’, 1974) erreprodukzioa izango da.

Zikloa eta argitalpena Ricardo Matos Cabo portugaldar programatzailearen eta Lucía Salas argentinar programatzaile, kritikari eta zinemagilearen ardurapean daude. Liburuak, aldiz, Madrilgo Goethe-Institut institutuaren laguntza izan du.