NAIZ

ELA eta LABek deituta, ostiralean greba egingo dute Euskal Trenbide Sareko langileek

Sindikatuek Euskal Trenbide Sarearen linea guztietan deitu dute greba. Ordu jakinetan egingo dituzten lanuzteak: 01.00atik 03.00etara, 10.00etatik 12.00etara, eta 20.00etatik 22.00etara.

Euskotrenen greba iragarri dute ELA eta LABek.
Euskotrenen greba iragarri dute ELA eta LABek. (ELA)

Euskal Trenbide Sareko (ETS) linea guztietan lanuzteak iragarri dituzte ostiralerako ELAk eta LABek, enpresa batzordean gehiengoa duten sindikatuek. Ohar baten bidez jakinarazi dute patronalak, hau da, Lakuako Gobernuak –Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko sozietate publikoa baita ETS– ez duela akordiorik lortu nahi.

Langile guztien erosahalmena handitzea, segurtasuna hobetzea eta, oro har, beharginen lan baldintzak hobetzea eskatzen dute sindikatuek eta sarritan elkarretaratzeak egin dituzte Gipuzkoa nahiz Bizkaiko Euskotrenen egoitzen aurrean aldarrikapen horiek plazaratzeko. Gehiengo sindikalak pasa den urteko apirilaren 1ean sinatu zuen 2021-2023 hitzarmen kolektiboa onar dezala eskatzen diote Lakuari, bertan aurreikusten baita, aipatu hobekuntzez gain, egun aldi baterakoak diren 200 lanpostu plaza finko bihurtzea.

ELA eta LABek ohartarazi dute ez dutela baztertzen aurrerantzean protestak «indartzea», baldin eta enpresako zuzendaritzak «ez baditu aintzat hartzen langileen aldarrikapenak».

Ostiralean, hilaren 20an, linea guztietan deitu dute greba enpresa batzordean gehiengoa duten sindikatuek. Ordu jakin batzuetan egingo dituzten lanuzteak: 01.00atik 03.00etara, 10.00etatik 12.00etara, eta 20.00etatik 22.00etara.