NAIZ

Beterri Saretuz egitasmoak «inflexio» urteari hasiera eman dio Andoainen

Beterri Saretuz egitasmoak aurtengo lehen topaketa egin zuen Andoainen asteazkenean. Koordinazio lantaldetik azpimarratu zuteenz, aurtengoa «inflexio urtea» izan daiteke.

Andoainen Beterri Saretuzek egindako saioa.
Andoainen Beterri Saretuzek egindako saioa. (Bira produkzioak / Beterri Saretuz)

Beterri-Buruntza eskualdean bestelako ekonomia eta jendarte eredu «parte-hartzaile eta eraldatzailea» bultzatu nahi duen Beterri Saretuz egitasmoak edizio berri bati ekin zion asteazken honetan, Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean egindako lehen topaketan. Bertan «inflexio urtea» izan daitekeela ohartarazi zuten.

Sarrera hitzaldirako Debagoiena 2030eko Aritz Ameztegi gonbidatu zuten, eta honek Gipuzkoako eskualde horretan egiten ari direnaren inguruan hitz egin zuen. Debagoiena 2030 sare irekia da, lurraldearen garapen komunitarioa bultzatzea helburu duena, eta hainbat udal, elkarte eta enpresak hartzen du parte bertan, tartean garrantzia handia du Fagor kooperatibak.

Ameztegik egitasmoaren ibilbidea, helburuak eta erronkak azaldu zituen bere hitzaldian. Hainbat proiektu dituzte esku artean, esaterako energiari eta inklusioari loturikoak. «Energiaren gaia zehazteko, adibidez, alkateekin hiru erronda egin behar izan genituen. Hortik, udal bakoitzari proiektuak aurkeztu genizkien, baina beraien beharretatik abiatuta», azaldu zuen.

Zentzu honetan, ikasturte honetarako formazio saioak zehazterako orduan, udalekin eta eragileekin izaten diren harremanetan elkar entzuteko bideak hobetzea izan zen Beterri Saretuzeko partaideen eskarietako bat.

Ekonomia sozial eraldatzailea

Formazioan ez ezik, komunikazioaren arloan egiten ari direnaz azalpenak eman zituzten egitasmoko kideek, baita hezkuntza eragileekin egiten ari diren lanketaren inguruko xehetasunak ere. Aurtengo erronketako bat izango da aztertzea ekonomia sozial eraldatzailea nola txertatu daitekeen eskualdeko lanbide heziketako zentroetan.

Maiatzean halako beste topaketa bat egingo du Beterri Saretuzek zikloa ixteko, eta asmoa da irekiera ekitaldian bezalaxe gonbidatu berezi batek hitzaldia ematea bere esperientzia konta dezan.