NAIZ

‘Elhuyar Hiztegia’-ren webguneko bisita kopurua %50 hazi da

‘Elhuyar Hiztegia’-k 50 milioi kontsultatik gora izan zituen iaz, aurreko urtean baino %50 gehiago. Online hiztegia etengabe eguneratu eta genero berdintasuna zaindu dutela nabarmendu dute kudeatzaileek. Urte berriarekin, hiztegia ordenagailura jaisteko baliabidea estreinatu dute.

‘Elhuyar Hiztegia’ ordenagailuan instalatzeko aukera zabaldu dte.
‘Elhuyar Hiztegia’ ordenagailuan instalatzeko aukera zabaldu dte. (NAIZ)

‘Elhuyar Hiztegia’-ren bisita kopuruak gora egin zuen 2022. urtean. Kudeatzaileek emandako datuen arabera, wenguneko bisitak %50 igo dira (6 milioi bisita baino gehiago izan zituen) eta erabiltzaileek 50 milioi kontsultatik gora egin dituzte.

Hiztegia etengabe eguneratzen den baliabidea dela ere nabarmendu dute eta iaz, esaterako, 966 sarrera berri gehitu (antiespezista, autozainketa, heteronormatibo…) eta beste 1.003 unitatetan aldaketak (liburu-euskarri, ahogozagarri…) egin direla jakinarazi dute.

«Eguneratze horiez gain, ‘Elhuyar Hiztegia’-k hizkuntza berdinzalea erabiltzea du helburu, eta, hori horrela dela ziurtatzeko, 2022an ere hiztegiko zenbait lagin aztertu dira: edukiak genero-ikuspegiarekin aztertu eta lexikoaren eta hizkuntzaren erabilera baztertzaile oro berrikusi eta moldatu da, desberdinkeria eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatuko duen hiztegi bateranzko pausoak emateko», ziurtatu dute.

Berrikusketa-lan hori bi mailatan egin dela ere azaldu dute: batetik, lexiko baztertzailetzat har daitezkeen sarrerak dagokien gutxiesgarri markaz hornitu dira (ematxar, maritxu), eta, bestetik, hiztegiko adibideen gaineko «errepaso sakona» egin da, genero-ikuspegiarekin loturiko estereotipoak saihesteko (haragikoi) eta emakumearen ikusgarritasuna bermatzeko (‘sarrailagile gisa lan egin nuen: trabajé como cerrajera’).

Aldaketa horiek guztiak egiteko, hiztegiaren sortzaile eta kudeatzaile den Elhuyar-ek Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du eta baliabide eta iturri bezala erabili dituzte corpusak, beste zenbait baliabidetatik erauzitako edukia, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta erabiltzaileen iruzkin eta proposamenak.

Mahaigaineko aplikazio berria

Urte berriarekin batera, hiztegia norberaren mahaigainean instalatu eta handik erabiltzeko aplikazio bat jarri dute erabilgarri. Aplikazio horren bidez, ordenagailuko edozein programatatik kontsultatu daitezke euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko hitzak ‘Elhuyar Hiztegia’-n. Azaldu dutenez, horretarako, kurtsorearekin hitza hautatu, eta bi agindu hauek segidan sakatu behar dira: [Ctrl + C] eta [Ctrl + zuriune-barra]. Hala, hitz horrekin lotuta ‘Elhuyar Hiztegia’-n dagoen informazioa azalduko da leiho berri batean.

Aplikazioa Windows, Linux eta Mac sistema eragileetarako dago erabilgarri, eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren finantziazioarekin garatu da.