Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Iker Murillo
Nazioarteko dantzari bakarlaria

«Teknika ikas daiteke baina emozioak transmititzea barrutik ateratzen zaizu»

Iker Murillok dantzari bakarlari gisa jorratu duen ibilbideari agur esango dio larunbatean. Ez da nolanahiko agurra izango, ikuskizun berezia ondu baitu okasiorako. Vitali Safronkine dantzari eta bikotekidea aldamenean izango du. Baita Josu Okiñena piano jotzailea ere.

Iker Murillok 24 urteko ibilbidea egin du dantzaren arloan Europan.
Iker Murillok 24 urteko ibilbidea egin du dantzaren arloan Europan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hogeita lau urteko ibilbidearen ostean agur esateko ordua iritsi zaio Iker Murillori. Europako eszenatokietan dantzari bakarlari bezala aritu da pasaitarra. Zein sentipen duen galdetuta, ona dela dio: «Koreografo askorekin lan egin dut, ez zait geratu ezer egiteko».

Tristura, harrotasuna, pasioa eta poza ditu ardatz larunbat honetan Victoria Eugenian eskainiko duten ikuskizunak. Lau sentimenduek urte luzeotan izandako bizipenak islatzen dituzte. Atzerabegirako bidaia da ‘Hegalak, piano eta dantzarako euskal notak’. Haurra zela Pasaiako etxea eta familia uztean hasi zen hegalak astintzen Murillo eta, ibilbide oparoaren ondoren, bihar amaituko du hegaldia.  

Alboan izango du Vitali Safronkine senarra. Berak sortu ditu ikuskizuna osatzen duten koreografiak. Bi dantzariak ez dira bakarrik izango 75 minutu  iraungo duen ikuskizunean. Josu Okiñena piano jotzailearekin elkarlanean ondu dute lana. Horrez gain, Ainhoa Arteta kantari eta Aizpea Goenaga testuak irakurtzen arituko dira, Euskal Herriko hainbat paisaiaren irudiez lagunduta. Arantxa Diazek idatzi ditu testuak, bi dantzarien bizipenak oinarri hartuta.

Gurasoei eskerrak emateko baliatuko du ekitaldia Murillok. «Garrantzitsua izan da txikitatik beraien babesa sentitzea. Vitaliren laguntza emozionala ere bai, beraiek gabe hau ez zen posible izango», nabarmendu du. Sasoian dagoen unean agur esango dio publikoari. «Garrantzitsua da ondo zaudenean uztea, ez ezinean zabiltzanean». Eta ametsetan irudikatutako agurra izango du. «Egundoko zortea da guk erabaki ahal izatea noiz utzi. Lankideak baditugu, zoritxarrez, gaixotasun batengatik edo lesio batengatik utzi beharrean izan zirenak, edo ebakuntza ondo atera ez delako».

Presio handia

Urte luze hauetan dantzak bete du bere egunerokoa. Ez da beti erraza izan. «Ikasi ere egin behar da horrekin bizitzen. Presio handia da, hainbeste emanaldi egitea... Gorputza oso ondo zaindu behar dugu, gure materiala da, eta hori gabe... Zortea ere izan dut, ez dut lesiorik eduki. Dantzari baten karrerarako ezinbestekoa da hori». Emanaldi bakoitzaren erronka, antzokiko eserlekuan dagoen ikuslea hunkitzea. «Teknika oso ona izan dezakezu, baina horrekin bakarrik ez duzu ezer transmititzen. Eszenan dena eman behar duzu, eta emozioak askatu». Horren gakoa lana da, «orduak eta orduak». Ez du zalantzarik, «teknika bai, ikas dezakezu, baina emozioak transmititzea barrutik ateratzen zaizu».

Garbi dio: «Eszenara igotzeak ardura handia eskatzen du». Bere kasuan hainbeste, ondorioak ekarri baitizkio. Baita une zailak ere. «Nahiko erreta bukatu nuen Bejart konpainian. Artistikoki oso emankorra izan zen, baina sekulako ardura izan nuen eta horrek faktura pasatu zidan. Urte sabatikoa hartzeko beharra sentitu nuen, eta, aurretik pentsatuta bagenuen ere, orduan hasi ginen Euskal Herrira etorri eta eskola –Studio 24– irekitzearen ideia martxan jartzen».

Ordutik ezin izan dio dantzari bakarlari bezala bere agenda profesionalari eutsi. «Astelehenetik ostiralera ikasleekin lanean nabil. Hasieran Aste Santuko oporretan, udan, neguko oporretan... aprobetxatzen genuen galak egiteko, baina ez duzu atsedenik hartzen, eta gorputzak deskonexioa ere behar du. Izurria ere izan da tartean, gainera», azaldu du. Ez dio horrek etsipenik eragin. «Eskola irekitzeko erabakia hartu genuenean, bagenekien zerbait alde batera utzi beharko nuela. Seigarren ikasturtea dugu aurtengoa. Iritsi da garaia denbora librea familiarekin eta lagunekin partekatzekoa. Bizi egin nahi dugu. Aste osoa lanean, eta larunbata eta igandea gure entseguak egiteko aprobetxatzen ditugu. Gure bizitza pribatua non geratzen da? Konpainiatan egon naizenean ere gauza bera izan da, astean egun bat izan dut atseden. Entseguetan, emanaldietan eta biratan eman dut denbora. Garaia iritsi da, uste dut merezi dugula guretzat denbora izatea; dena ez da lana», esan du.

Asebeteta geratu da bi hamarkada hauetan izandako bizipenekin. Umea zela, euskal dantzak egiten hasi zen –«amarengandik jaso nuen artearekiko sentsibilitatea»– eta haien eskutik, balleta. «Zuhaitza balleta da, eta handik sortzen dira adarrak», zehaztu du. Maite Egigurenekin Errenterian eta Mentxu Medellekin Donostian eman zituen lehen pausoak. Hamabost urterekin, dantzarekiko sentitzen zuen grinak bultzatuta, maleta egin eta Madrilera jo zuen ametsari jarraiki, Carmen Rocheren eskolara. «Argi badaukazu, ez duzu beldurrik», esan du.

Eskolako adin bereko gazteak eta haien gurasoak kanpora joan daitezen animatzen ditu. Orain konturatzen da zeinen gaztea zen erabakia hartu zuenean. «Gurasoek sekulako faborea egin zidaten, hamabost urterekin oso gaztea zara», onartu du.

Konpainian

Madril txiki geratu eta Sttutgartera jo zuen, John Cranco Schulera. Bi urteren buruan, lehen kontratu profesionala sinatu zuen Ballet des Saarländischen Staatstheater-en. «17-18 urterako konpainia batean egon behar duzu, bestela denbora badoakizu. Gogorra izan zen, baina ona; maite duzun hori lan bihurtzea zortea da».

Zuricheko Balleta, Richard Wherlock-en Basilea Balleta eta Lausanneko Bejart Balleta konpainietan lan nabarmena egin zuen. Europan alde handia nabaritu ote zuen galdetuta, «zoritxarrez horrela jarraitzen dugu», esan du. «Txikitatik gurasoek umeak antzokira eramaten dituzte. Guk eguerdian saio bereziak egiten genituen txikientzat. Dantzari izateko aukera badutela ikusten dute. Ez dantza bakarrik, opera... antzoki bizia ikusten dute. Hori faltan dut hemen, denetariko aukera eskaintzea; abanikoa ireki behar da».

Erakunde publikoen jarrerak ere «ez du zer ikusirik. Bagenekien etortzerako. Esan nion Vitaliri, ‘ez espero hango giroa izatea, oraindik lan asko dago egiteko’».

Ibilbide profesionala amaitzean hainbat bide ditu dantzari batek. Koreografoa da horietako bat. «Koreografoa izateko balio egin behar duzu eta sentitu behar duzu, eta ez da nire kasua», argitu du. Askoz gehiago betetzen du irakaskuntzak. «Oso gustura ari naiz, gozamena da», aitortu du, begiak zabal.

«Baditugu oso gazte hasi ziren ikasleak eta zoragarria da garapena ikustea. Bide bat daukate, kanpora ateratzeko aukera. Sekulako harrotasuna da guretzat. Bost ikasle joan dira aurten kanpora, hiru mutil eta bi neska. 3-4 urteko haurrei ematen diet dantza, eta segituan ikusten da norbaitek balio duenean», dio. Katea ez da eten.