LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 63 - SPAR GIRONA 75
Oraindik martxoaren 30era arte asko falta da, Lointek Gernika Bizkaiak Spar Girona izango baitu Kopako final-laurdenetan arerio. Dena den, garbi asko ikusi du talde gernikarrak zernolako aurkaria den Girona. Ordurako sendatuko al dira Meskonyte eta Wojta, eta bestela ere, Maria Araujo eta Marianna Tolo geratzen nahikoa lan izango dute bizkaitarrek. Pibot australiarra eta hegal-pibot galiziarra indartsuegiak izan baitira.
Nolabait esatearren, aurreneko laurdenean erabaki da neurket, ezin okerrago hasi baita Malosteko partida Gernikarentzat. Batetik, Sofia Da Silvak berehalako baten bi pertsonal egin ditu eta horrez gain, erreboteak hartzeko orduan Tolo pibot australiarra erraz nagusitu zaio portugaldarrari. Hori gutxi ez eta, 6-15 aurreratu da Girona, Maria Araujo eta Sykseen hirukoei esker. Tolok uztaipean sortzen duen beldurra dela-eta, uztaipean defentsa gotortzen saiatu dira bizkaitarrak, eta ordainetan hirukoak oso bakarrik bota ahal izan dituzte katalanek, sekulako eraginkortasuna erakutsiz.
Hutsartea eskatu du Anna Montañanak, baina ez du nahi bezalako ondoriorik ekarri. Gironak jokalari on asko ditu, nahiz eta Gardner min hartuta dauka eta Laura cornelius Roberto Iñiguezekin Mersin Çukurova talde turkiarrera joan den asteon. Hala, ordezkoak sartuta ere maila bikaina erakutsi dute eta Lointek Gernika Bizkaia ez da erritmo horri eusteko gai izan. Hala, aurreneko laurdena amaitzerako partida oso zail jarri zaio talde bizkaitarrari, markagailua 11-25 dela.
Alabaina, bikain erreakzionatu du etxeko taldeak bigarren laurdena hasteaz bat. Gironak talde bikaina eta luzea duela esan arren, egia da bestalde Sykes, Flores, Tolo eta Araujo aulkian daudenean mailatxo bat jaisten dela. Hori baliatu du talde bizkaitarrak, batez ere Brooque Williams jokoan sartu baita. Hala, 9-2ko partziala lortu eta gero, markagailua 20-27 dela, Bernat Canut katalanen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du.
Bada, Gironak hasierako bostekoa kantxaratu du eta aldea segituan zabaldu du ostera ere. Izan ere, Maria Araujok sekulako erasana eragin du gernikafrren defentsan. Atsedenaldia iristerako, hegal-pibot galiziarrak 19 puntu saskiratu ditu eta horrez gain erreboteak, txapelak, asistentziak... ere eman dizkio taldeari. Eta Araujo geratu nahian sorturiko zuloak Sykes edo Drammehk bikain baliatu dituzte. Oso haserre, Anna Montañanak hutsartea eskatu behar izan du, markagailua 24-39 dela, atsedenaldira 28-41 iristeko.
Erdizka beti
Atsededenaldiaz geroztik askoz finago jokatu dsute bizkaitarrek, baina ez dute sekula ere aurretik jartzeko aukeratik izan. Brooque Williams eta Roso Buchen bitartez 7-2ko partzialarekin hasi du Gernikak hirugarren laurdena eta horrez gain Maria Araujoren puntu emaria agortu egin da.
Tamalez, askoz errekutso gehiago ditu GHironak eta Marianna Tolo pibota aurkitu dute. Australiarra garaia –1,96 metro– eta zabala izateaz gain, fina da mugimenduetan eta jaurtiketan, eta Laia Flores eta Sykes antolatzaileek berehala ikusi dute australiarrak zenbaeko mina eman duen uztaipean. Hala, hasierako partzialari berehala eman dio buelta talde katañanak eta laurdena irabazi ere egin du azken hamar minutuetara 41-57 iristeko.
Cvitkovic eta Brooque Williamsek azken ahalegin bat egin dute azken laurdenaren hasieran, 8-2ko partziala lortuta eta 49-59 ezarriz markagailua. Alperrik. Hutsarte bat nahikoa izan da Gironak berriz ere garaipenaremn atea giltzarrapo bikoitzez ixteko.
Izan ere, Valentziarekin batera, Girona da Emakumeen Endesa Ligako liderra eta oraindik Kopa urruti dagoen arren, Zaragozan elkar ikusten dutenean ere gauzak ez dira errazagoak izango.
Igande eguerdiko jardunaldia
Neurketa zailak jokatuko dituzte, bestalde igande eguerdi honetan IDK Euskotrenek eta Kutxabank Araskik. Lointek Gernika Bizkaiak Kopako kanporaketan Gironaren aurka jokatu behar duen partidari begirako nolabaiteko «entsegu orokorra» izan badu zapatu honetan, beste hainbeste egokituko zaio talde gasteiztarrari Zaragozan.
Made Urietarenek azken bi neurketak galdu dituzte etxean, eta pasa den larunbatean Estudiantesen aurka galdu eta gero, nolabaiteko «izaera falta» apur bat nozitu omen zuen Amurrioko entrenatzaileak. «Ezin dugu gure izaera albo batera laga gauzak okertzen zaizkigunean», ohartarazi zuen.
Araskik badaki Zaragozari irabaztea zer den, abenduan 63-58 nagusi izan baizitzaion Mendizorrotzan, neurketaren hasierako partean 17 puntuz galtzen egon arren. Flor Chagas, azken asteetan nahi baino joko bolada eskasagoan dabilen jokalaria, ezinbestekoa izan zden garaipen hura lotzeko. argentinarraren indar hori faltan bota du Kutxabank Araskik azken aldian.
Gasteiztarren partida 12.15etan hasiko bada, 11.45etan ekingo diote lanari Josean Gasca pabilioian IDK Euskotrenek eta Estudiantesek. Sailkapenean garaipen bat bakarrik du bere alde Madrilgo taldeak, baina dinamika hobea dakar. Egia da, bai, joan zen zapatuan Benbibreri irabazi ziola Azu Muguruzaren taldeak, baina asteon lesioekin nahikoa arazo izan dute. Yurena Diaz galdu dute lehenbizi belau¡neko lotailu gurutzatua hautsita eta ostean Kaela Davis galdu dute, orpazurdako lesio larriarekin.
Nolanahi, zortzi onenen artean sailkatzeko helburua oraindik oso bizirik dago donostiarrengan, eta hala ez balitz ere, beheko postuetatik ihes egitea bnada nahikoa motibazio. Horrez gain, ikusi egin behar donostiarrek ea nola geratzen duten Maria Eraunzetamurgil hegaleko donostiarra, joan zen asteburuan Gasteizen sekulako partida egin eta sasoi bikainean dagoela erakutsi ondotik. Dena beharko dute Azu Muguruzarenek hain aste petrala zuzentzeko.
PARTIDAKO FITXA
GERNIKA: Sandra Ygueravide (6), Roso Buch (17), Laura Spreafico (5), Andrijana Cvitkovic (8) eta Sofia Da Silva (5) –hasierako bostekoa–, Itziar Ariztimuño (1), Brooque Williams (21) eta Patricia Bura.
GIRONA: Flores (11), Drammeh (4), Sykes (7), Araujo (23) eta Tolo (16) –hasierako bostekoa–, Irati Etxarri (2), Murphy (4), Labuckiene (2) eta Parra (6).
Partzialak: 11-25, 17-16, 13-16, 22-18.
Epaileak: Esteve, Checa eta Rijo. Sofia Da Silvari falta teknikoa adierazi diote. Gironako Tolo egotzi dute.
Gorabeherak: Kronometroek kale egin dute partidako azken minutuan.