NAIZ

Osasunak asko izerditu behar izan du Elxen etxean puntua batzeko (1-1)

Osasunak ederki hasi du partida Elxen, azken sailkatuaren etxean. Chimyk, sekulako burukadarekin, 0-1ekoa egin du 20. minutuan. Partida kontrolpean izan du, bigarren zatia hasi eta Carmonak berdinketaren gola egin duen arte, 66. minutuan. Gorritxoek asko izerditu behar izan dute puntua batzeko.

Chimy Avilaren burukada, 0-1ekoa egiteko.
Chimy Avilaren burukada, 0-1ekoa egiteko. (AGENCIA LOF)

San Mamesen berdidunta, Mallorcari irabazita eta, batez ere, Kopako final zortzirenetan Benito Villamarinen garaipena lortuta –penalti jaurtiketetan–, Osasuna sasoiko iristen zen Elxera, azken sailkatuaren etxera, hain zuzen ere. Egun Pablo Machinek gidatutako taldeak ez daki garaipen bat ospatzea zer den eta beraz, gorritxoek aukera ederra zeukaten astea biribiltzeko.

Hain aukera ederra, partida maldan behera jarri zaiela lehen zatiaren erdialdean, 20. minutuan, hain justu ere. Chimy Avilak sekulako burukada atera du Kike Barjaren erdiraketa sareratzeko. Jokaldi kolektibo paregabea osatu dute gorritxoek. Moi Gomezek ezker hegalera ireki du jokoa, Manu Sanchezek Kike Barjarekin jokatu du eta honen pasea, jauzi ikusgarriarekin, buruz errematatu du argentinarrak. Bere hamargarren gola egin du aurrelariak.

Rosariokoak, betiko legez, intentsitate eta borroka eman dio Osasunari. Eskuin hegaletik aritu da gehienbat baina erdirago ere mugitu da, jokoan parte hartuz. Hala, lapurtu duen baloi batean, lehen gola iritsi aurretik, ondo zabaldu du eskuin hegalera eta Morenoren erdiraketa ona izan bada ere, Budimir ozta-ozta iritsi da errematatzera eta beraz, ezin izan du baloia ondo bideratu. Gorritxoen aukera onena izan da honakoa baina aurrerago Elx arrisku handiz hurbildu da eta David Garcia ondo gurutzatu da Pere Millari baloia kentzeko.

Chimyren 0-1ekoarekin, are erosoago aritu da Osasuna, arerioaren egoera latza latzago bilakatuz. Azken 18 partidetan gutxienez gol bat jaso du Elxek, zeinak gaurko berdinketarekin, 11 puntura daukan salbazioa. Sailkapeneko azken taldea da eta gorritxoei maldan behera jarri bazaie partida, Alacanteko taldeari sekulako aldapa agertu zaio.

0-2koa egin ahal izan dute nafarrek, Morenoren beste erdiraketa batean baina Budimir eta Barja ez dira iritsi errematatzera. Hala, alde murritzarekin hasi dute bigarren zatia eta partida erosoa izan zitekeena gaiztotzen joan da. Aridane makal ibili da baloia ateratzerakoan, Pere Millak lapurtu eta Boyeri eman dio. Argentinarrak, Aitor Fernandezen aurrean, kanpora bidali du jaurtiketa. Abisua besterik ez da izan.

Argentinako aurrelariak, lehendabiziko zatia amaitzerakoan ere izan du aukeratxo bat baina ez du behar bezala ukitu bere herrikidearen erdiraketa, Lautaro Blancorena. Rosariokoa –Chimy Avila bezala– ondo aritu da Elxekin jokatzen zuen bere bigarren partidan baina bere erdiraketek ez dute errematatzailerik topatu.

Pere Millak eta Boyek erremate bana kanpora bota ostean eta Aridane Carmonaren aurrean ondo gurutzatu ondotik, zalantzak areagotzen joan dira gorritxoen artean. Arrasatek aulkia ere mugitu du: Ruben Garcia eta Moncayola zelairatu dira txartel horiarekin zigortuta zegoen Chimy Avila eta Ibañezen ordez, lehen aldiz hasierako hamaikakoan, hauen esperientzia partida kontrolatzeko baliagarri izan zitekeelakoan.

Aldaketak egin eta gutxira, baina, kontraerasoan, Carmonak 1-1ekoa jarri du, 66. minutuan. Etxekoak markagailua iraultzearekin sinetsita, aurrera joan dira eta Osasunak esfortzu handia egin behar izan du gutxienez berdinketa poltsikoratzeko. Abde eta Kike Garciaren aldeko apostua egin du Berriatuako entrenatzaileak garaipena bilatu asmoz baina arriskua sortzek zailtasunekin ibili dira. 

Carmonak eta Gutik, azken txanpan, aukera on bana izan dute etxekoen alde baina hauen jaurtiketek ez dute atea topatu eta beraz, batek zein besteak, askorako balio ez duen puntua batu dute. Osasuna zazpigarren postuan mantentzen da eta Elxek, oraindik garaipenik ezin ospatuta, urrun ikusten du salbazioa (11 puntura).