NAIZ

Ama zaintzeko murrizketa eskatu zuen Eibarko langile baten kaleratzea baliogabetu dute

Eibar Kirol Elkarteko langile baten kaleratzea baliorik gabe utzi du epaitegi batek. Mendekotasun egoeran duen ama zaintzeko murrizketa eskatua zuen beharginak, CCOO sindikatuak jakinarazi duenez.

Eibar klubak berriz hartu behar du kaleratutako langilea.
Eibar klubak berriz hartu behar du kaleratutako langilea. (EIBAR SD)

Eibar Kirol Elkarteak langile bat bota zuen hark mendekotasun egoeran duen ama zaintzeko murrizketa eskatu ondotik, baina epaitegi batek atzera bota du kaleratze hori. Hala azaldu du CCOO sindikatuak. Iturri berak adierazi duenez, Eibarreko epaitegi horrek langilea berriz hartzera behartu du kirol kluba. Gainera, 6.251 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, eta kaleratu zuenetik epaiaren jakinarazpena jaso arteko denborako soldatak ordaindu beharko dizkio.

Joan den ekainean urtebetez lanaldia 8tik 1era murrizteko baimena eskatu zuen langileak, %35eko ezgaitasuna frogatua duen ama zaintzeko. Epaiak dioenez, Eibar klubak bi hilabeteko baimen ordaindua onartu zion langileari, baina hark erantzun zion ez zela hori eskatu zuena eta baztertu egin zuen. Enpresak kaleratze gutuna eman zion jarraian, CCOOek salatu duenez.

Behargina sindikatuarekin jarri zen harremanetan, eta kaleratzeagatik demanda aurkeztu zuen, enpresak kontziliaziorako eskubidea urratu zuela iritzita. Epaiak baliogabetzat jo du kaleratzea, langilea «legalki babestua» zegoelako, «senide bat zaintzeko lanaldia murriztuta». Eibar klubak «oinarrizko eskubideak urratu» dituela ere aitortu du.

«Enpresek ulertu behar dute ez garela mesedeak eskatzen ari, eskubideak exijitzen baizik», azpimarratu du CCOOek.