Andoni Urbistondo

Belaguako elurra kentzeko makinak, martxa betean

Elurraren ederra eta gogorra gertutik ezagutzen dituzten parajeetan, elurra kentzeko makinak martxa betean ari dira egunotan. Belaguako mendatean elurra 1,70 eta bi metro artean dago, tenperatura 7-8 gradu zero azpitik eta sentsazio termikoa, 15-16 zero azpitik.

Elurra kentzeko makina Belaguan astelehen goizean.
Elurra kentzeko makina Belaguan astelehen goizean. (Andoni URBISTONDO)

Elurra zuria da han eta hemen, baina ez du kolore berdinez korapilatzen egunerokoa txoko guztietan. Belaguako mendatean, NA-137 errepidean, Burgi-Izaba-Frantzia bidean, goizean goizetik eta ilundu arte elurra kentzeko makinariarekin gora eta behera, aurrera eta atzera, lanean aritzen da dozena erditik gora langile, inguru horietan bizi eta lan egiten dutenen bizimodua samurragoa egin nahian.

Azaroaren 1ean hasten da elurra kentzeko kamioien martxa eta apirilaren 1ean amaitzen da. Lehentasunak, honakoak: errepideak beltzak egon daitezela, elurraren zuria apartatuta; eskoletarako bideak garbi egon daitezela eta herrietara iristeko modua egon dadila. Elurrak edertu adina kolpatu egiten duen parajeetan, bizimodua ahalik bizigarriena izan dadila da lehentasuna.

Astelehen goizean elurrak 1,70 eta bi metro artean jarri du langa. Tenperatura, 7-8 gradu zero azpitik eta, sentsazio termikoa, 15-16 gradu zero azpitik. Baldintza horietan ari dira lanean Belaguako mendatean.

Langileen hitzetan, egunotako denboralea latza izan da, azkenaldiko gogorrena. Baina baldintza gogorrak eguneroko baldintza dira beren lanean. Inguruko jendeak ondo ezagutzen ditu baldintza horiek eta ulertzen du elurra kentzeko makinen erritmoa ez dela beti bat etortzen norberaren presarekin. Langileen hitzetan, okerragoak dira bisitariak, elurretan ibiltzen jakin gabe eta baldintza egokirik gabe parajeaz gozatzera gerturatzen direnak. Horiek dira gehien kexatzen direnak eta korapilo handienak sortzen dituztenak errepide elurtuetan. Horregatik nabarmentzen dute behin eta berriz bide heziketaren garrantzia. Elurretan ibiltzen eta gidatzen jakitea eta horretarako baliabide egokiak izatea.

Larunbatean GAUR8 astekariak zabalago jasoko du Belaguako mendatean lanean aritzen direnen egunerokoaren berri.