NAIZ

Osakidetzaren lan eskaintzaren kudeaketa txarra salatu dute erizainek

Azken Lan Eskaintza Publikoan (LEP) Osakidetzak egin duen kudeaketa txarra salatzeko mobilizazioak egin ditu Satse erizainen sindikatuak. Salatu dutenez, aurreko LEPa oraindik ebatzi ez denean berri bat deitzea ez du zentzurik, plaza izan dezaketenek azterketa berri batera behartzen dituelako.

Satseren mobilizazioa Bilbon.
Satseren mobilizazioa Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Osakidetzak Lan Eskaintza Publikoan (LEP) egin duen kudeaketa txarra salatzeko erizainak mobilizaziora deitu ditu ostiral honetan Satse sindikatuak. «Kaos» hitza erabili du sindikatu honek LEParen inguruan egin den kudeaketa definitzeko orduan.

Satsek gogor kritikatu du langileak beste LEP berri batera aurkeztu behar direla oraindik aurrekoa erabat ebatzi ez dutenean. «Ez da bidezkoa ahalegin handi hori egin behar izatea, agian plaza finkoa dutenean eta azterketa berri bat prestatu behar ez denean», salatu dute mobilizazioaren deitzaileek.

«Osakidetzak 2018-19 lan eskaintza publikoaren ebazpena azkartzea eskatzen dugu. Onartezina da beste azterketa bat egitera behartzea, aurrekoa prozesua ebatzi gabe», nabarmendu du Satse erizainen sindikatuak.

Ostiral honetan Basurtu, Galdakao eta Gipuzkoako ospitale guztien atarian egin dituzte elkarretaratzeak. Datorren astean Txagorritxun eta Gurutzetan mobilizatzeko deia egin du Satse sindikatuak.