Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bizipozak ‘Mundu berri bat guztiontzat’ egitasmoaren azken edizioa aurkeztu du

Guztiontzat behar lukeen herri inklusiboa eraikitzea du Bizipozak xede, euskaratik eta euskaraz. Horren baitan, kultur sortzaileak eta elkarteak batuz 36 elkarterentzako kantu eta bideoklipak egin dituzte. NAIZen bidez ere eskura daitezke ekimenaren hirugarren edizioko diskoa eta DVDa.

Hernaniko Biteri kultur etxean aurkeztu dute ‘Mundu berri bat guztiontzat’ egitasmoaren azken edizioa.
Hernaniko Biteri kultur etxean aurkeztu dute ‘Mundu berri bat guztiontzat’ egitasmoaren azken edizioa. (Jon URBE | FOKU)

Bizipozako elkarteen eta euskal kulturgileen arteko harremana aspaldikoa da, naturala; sortzaileek egunero begiratzen diote elkarteek eraiki nahi duten mundu berri horri, abestuz, idatziz, dantzatuz. Elkarteek dituzten balio eta helburuak eta sortzaileek egunero egiten duten lana eskutik doaz.

Hala sortu zen Bizipozaren ‘Mundu berri bat guztiontzat’ proiektua, duela hiru urte. 36 elkarte –800 pertsonatik gora–, 37 letragile, 50 abeslari eta lau abeslari talde bildu ditu. «Elkartasunaren garrantzia berretsi digute, eta kulturarena. Honek eragiteko gaitasun izugarria dauka, gainera oso modu ederrean», adierazi dio NAIZi Leire Elizegi Beloki Bizipozako koordinatzaileak.

Larunbat honetan egitasmoaren hirugarren eta, momentuz, azken edizioa aurkeztu dute Hernaniko Biteri kultur etxean. NAIZekin ere eskuratzen ahalko diren disko eta DVD berri hauekin, oraingoz Bizipoza osatzen duten elkarte guztien kantu eta bideoklipak sortuak geldituko dira.

Hiru urtetan 34 bideoklip sortu dituzte, horietatik 31 elkarteen gaiekin lotuak, hiru ‘Bizipoza Auzolan’ kantuarenak, eta lehen edizioan kantu bat gehiago, Joxe Mari Auzmendik bere alabei sortutako letra batekin eginak.

Sareetan zabaltzen joanen dira

Edizio honetan 12 kantu eta bideoklip sortu dituzte, 11 elkarterenak. 12. abestia ‘Bizipoza Auzolan’ da, edizioz edizio egin dena parte hartu duten abeslari guztiek abestuz. Aurten, 13 idazle eta bertsolarik eta 22 abeslarik hartu dute parte.

Aurkezpenean, bideoklip guztiak proiektatu dira, baina gero tantaka-tantaka joanen dira zabaltzen sareetan; astero bi bideoklip eginen dituzte publiko.

Xabi Zabalak konposatu du musika hiru edizioetan, zortzi musikarirekin batera. Aurtengo edizioan, Marea Urdinaren abestia elkarteak konposatu eta abestu du. Eñaut Aiartzaguenak elkarte bakoitzaren ilustrazioa sortu du, eta Ibai Arrietak argazkiak atera ditu.

Bideoklipak Arena Comunicación Audiovisual ekoiztetxeak eta Cinemafilmak sortu dituzte. Eta hiru edizioetan bost babesle izan dituzte: Laboral Kutxa, Fagor, Danobatgroup, Irizar eta Gipuzkoa Kutxa Solidarioa-Kutxa Fundazioa.

Grabaketa eguna, besta bat

«Elkarlana da oinarria –azpimarratu du Elizegik–. Letragilea elkartearekin harremanetan jarri da, mezua adosteko. Xabi Zabalak ere elkartea ezagutzea garrantzitsua izan da, elkarteak zein balio dituen adierazteko, konposatzen duen musika bera hizkuntza bat delako».

«Bideoklipak osatzeko elkarte bakoitzarekin toki batzuetan bildu gara irudiak jasotzeko. Leku horiek lotura dute letrekin. Grabaketa eguna Elkarren izaten da, denok biltzen gara: elkartekoak, abeslariak, letragileak, Bizipozako talde eragileko kideak... Lehenengoz denok batera entzuten dugu abestia, argazkiak ateratzen ditugu... egun oso polita izaten da», kontatu du koordinatzaileak ilusioz.

Urriaren hasieran izan zen egun hori. Aitzinetik, udaran, grabaketak egin zituzten elkarte bakoitzarekin. Bertze irudi iturri bat ere badute bideoklipek, Bizipozaren webgunean dagoen dokuweba. Bertan elkarte bakoitzaren mikrodokumentalak daude.

Esperientzia berri bat

Sortzaile batzuek azaletik ezagutuko zuten bidelagun izan duten elkartea, bertzeek ez; denetarik izan dute. Esperientzia berri bat izan da artistentzat zein elkarteentzat elkarlan handi honetan aritzea. Kantu eta bideoklip bat sortzeko bidea bizitzeko aukera bat izan da izaera bereziko gaiak lantzen dituzten eta haur eta familiek osatzen dituzten elkarte hauentzat. Aunitzentzat lehenengo aldia izan da estudio batean.

Haurrekin lan egiten dute Bizipozako elkarte guztiek. Sartu berri den Inurri elkartea helduen minbizian zentratzen da, baina haurrak ere hor daude. Bideoklip guztietan haur, familia eta lagunek hartzen dute parte. Kantu bakoitzak sarreratxo bat du elkartea zer den adierazten duena eta hori letragileak eta elkarteko haur batek grabatzen dute.

Administrazioarekin bidea egin eta gida didaktikoak sortu

Urteetan sentsibilizazio lan bat egiten ari da Bizipoza eta horrekin jarraituko du. Gainera, eragiteko bertze proiektu batzuk bideratuko dituztela kontatu digu Elizegik. Azaroan argitaratu zuten Amagoia Mujika GARA eta NAIZeko kazetariak idatzitako ‘Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da’ liburua, eta administrazioarekin elkarlana estutzeko asmoa dute. «Oraindik bete gabe dauden eskubideak betetzea dugu helburu nagusietako bat, baloreak gizarteratzearekin batera».

Bertzetik, Bizipozak orain arte sortu dituen eduki guztiak –kantu eta bideoklipak, dokuweba, ipuinak...– batu eta gida didaktikoak sortzen ari dira hezkuntza formalera, ez formalera eta boluntariotzara bideratuta. Urte amaieran argitaratuko dira segur aski.

Hezkuntza formalerako gida didaktikoekin proba pilotuak egiten ari dira urtarriletik Euskal Herri osoko bederatzi ikastetxetan. Datorren urtetik aurrera herrialde osorako gidak argitaratzea da Bizipozaren asmoa, eragiteko.