NAIZ
Bilbo

Annie Ernaux-en ‘La femme gelée’ euskarara ekarriko du Zaitegi saridun berriak

Gema Lopez Las Heras itzultzaileak aurkezturiko proiektuak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun izendaturiko Annie Ernaux idazle frantziarraren ‘La femme gelée’ eleberria euskaratuko du.

Gema Lopez Las Herasek irabazi du Zaitegi saria.
Gema Lopez Las Herasek irabazi du Zaitegi saria. (Elkar)

Gema Lopez Las Herasek aurkezturiko proiektuak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzaz antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa.

Halaxe erabaki du Nora Arbelbidek, Aiora Jakak eta Joseba Urteagak osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko lan guztien artean hautatuta. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun izendaturiko Annie Ernaux idazle frantziarraren ‘La femme gelée’ eleberria euskaratu beharko du itzultzaileak, eta 2023 urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.

Literatura frantsesaren ahots originalenetako bat, Annie Ernaux (Normandia, 1940), bere bizitza pertsonal ardatz hartuta, gizarte eta garai baten erretratu bortitzak egiten ditu. Behin baino gehiagotan aipatu du ez dituela bere liburuak ‘eleberritzat’ hartu nahi, ez baitira fikzioa soilik... honen adibidez, ‘Emakume izoztua’ liburua.

1981 urtean argitaratuta, hauxe liburuaren abiapuntua: Hogeita hamar urte ditu, irakaslea da, exekutibo batekin ezkondua dago eta bi haurren ama da. Etxe eroso batean bizi da. Baina emakume izoztua da. Annie Ernauxek bikain kontatzen du egunerokoaren tristura hori, emakumeak etxeko zuloan babestuta gordetzeko joera horrek sortzen duen esklabotasuna.

Edne O'Brienetik Ernauxera

Itzulpengintza eta Interpretazioa unibertsitateko ikasketak egindakoa da Gema Lopez Las Heras (Azkoitia, 1989). Lanbidez itzultzailea da Jaurlaritzaren HAEEn (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea), baina administrazioko itzultzaile lanetan aritzetik literaturarako urratsa egin du zuen iaz Literatura Unibertsala bildumarako ‘The Country Girls’, ‘Landa aldeko neskak’ (2022, Erein-Igela) Edna O'Brienen trilogiako lehen liburua ekarri zuenean euskarara.

Estibaliz Ezkerrak NAIZen hau idatzi zuen liburu honetaz.

Euskal Herrian ere agerikoa da Annie Ernaux-en eragina, horrela aitortu baitute emakume idazle askok. Itzulpeneei dagokionez, 2015ean ‘Begira zenbat argi, maitea’ (Igela, 2015) eta funtsezkoa den bere ‘Emakume bat’ (Txalaparta, 2011) irakur daitezke. Baina ez dira bakarrak, 2003an ere kaleratu izan dira euskaraz bere testu batzuk, Armiarma atarian egiaztatu daitekeen bezala.