22 urte baino gehiago preso eman ostean, baldintzapeko askatasuna lortu du Jesus Mari «Txutxo» Gomez Ezkerrok, Iruñeko Arrotxapea auzokoa denak. Etxeratek jakinarazi du asteazken honetan.
🟢📌 Jesus Mari Gomez Ezkerro preso iruindarra baldintzapeko askatasunean geratu da
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) February 1, 2023
Hirugarren gradua lortu ondoren, 2021ean Iruñeko espetxera hurbildu zuten. 22 urte eta erdi espetxean eman ditu #Batgutxiago Ongi etorri Jesus Mari!
Oharra👇 https://t.co/F8gifUWuJq
2021. urteko irailetik hirugarren graduan zen Gomez Ezkerro. Espainiako Gobernuaren menpekoa den Espetxe Zuzendaritzak onartu zion baldintzapeko askatasuna, eta une berean Asturiasko Villabonatik Euskal Herrira ekarri zuen. Iruñeko kartzelan eman du espetxealdiaren azken zatia. Aurretik urte ugari eman behar izan zituen Galiza aldean, A Coruñako Teixeiron hain zuzen ere.
Zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta zituen Iruñeko presoak. 1998. urtean atxilotu zuen Guardia Zibilak Iruñean egindako sarekada batean, eta 2001. urtetik aurrera espetxean izan da beti.
Erabaki honen ostean zortzi dira Nafarroako hiriburuko kartzelan diren euskal preso politikoak, eta 171 izen-abizen biltzen ditu Etxeraten zerrendak.