NAIZ

Preso anarkista baten gose-grebak kartzela-erregimenari buruzko eztabaida piztu du Italian

41-bis espetxe-erregimenaren kontra gose-greban da Alfredo Cospito preso anarkista. Mendebaldeko Auzitegiek erabaki dute «Europan aplikatzen den erregimenik zorrotzena» beste lau urtez sufritu beharko duela anarkista italiarrak.

Cospitoren askatasuna eskatzen duen pankarta bat.
Cospitoren askatasuna eskatzen duen pankarta bat. (Alberto PIZZOLI | AFP)

Duela 100 egun baino gehiagotik gose-greban dagoen anarkista baten osasun-baldintzak kartzelatze larriaren erregimenari buruzko eztabaida piztu du Italian. Giorgia Meloni buru duen eskuin muturreko Gobernuak, baina, ez du inongo aldaketarik bultzatu nahi.

Italian, 750 pertsona inguru daude espetxean, ‘41-bis’ gisa ezagutzen den atxilotze-erregimenean. Isolamendu zorrotzak ezaugarritzen du erregimen hau, eta horren pean dago preso 55 urteko Alfredo Cospito, 2006an Karabineroen akademia baten aurka egindako atentatu batengatik kondenatutako anarkista.

Gose-grebaren ondorioz Cospitoren osasuna nabarmen maiztu da azken egunetan eta Italiako mugimendu anarkistak protestei ekin die: joan den asteburuan Italiak Bartzelonan duen kontsulatua suntsitu egin zuten, Berlinen diplomatiko baten autoari su eman zioten eta Erroman molotov koktel bat bota zuten komisaria baten aurka.

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak asteartean esan zuen ez duela Cospitoren atxilotze-erregimena arintzeko asmorik. Anarkista Milanen dago orain, ospitale espezializatua duen kartzela batean.

Erregimenetan zorrotzena

1980ko eta 1990eko hamarkadetan mafiaren kontrako larrialdi-neurri gisa sortu zen Zigor Kodeko 41-bis artikulua, eta ordutik erakunde kriminalen aurkako Estatuaren tresna garrantzitsuenetakoa da. Baina ez zaio soilik mafiari ezartzen.

«Mendebaldeko Europan aplikatzen den erregimenik zorrotzena da», azaldu dio AFPri Anna Sergik, Essexko Unibertsitateko kriminologia-irakasleak.

Erregimenaren murrizketen artean daude banakako gelaxketan konfinamendua, denbora mugatua aire zabalean eta familiako kideentzako hilabeteko bisita laburra beirazko horma baten atzean. Liburuak eta egunkariak bidaltzea ere debekatuta dago.

41-bis artikulua indargabetzeko kanpaina ugari egin diren arren, Italiako jende askok babestu egiten du, «mafiosoek hori guztia merezi dutela uste dutelako», azaldu du Sergik.

Giza Eskubideetarako Europako Auzitegiak eta Italiako Konstituzio Auzitegiak erregimen hau aldatzeko eskatu dute.

Antigone presoen eskubideen aldeko erakundearen ustez, erregimen hori Cospitori aplikatzea «neurriz kanpokoa» da.

2014an ia 11 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten anarkistari, bi urte lehenago energia nuklearreko enpresa bateko buruzagiari hanken inguruetara tiro egiteagatik.

Segidan 20 urtera kondenatu zuten, 2006an bi bonba jarri zituelako Karabineroen kuartel baten aurrean. Delitua terrorismotzat jo zuten epaileek.

Cospitoren aldekoek defendatzen dute aldarrikapen-ekintzak zirela eta ez zituela hildakoak edo zauriak eragin.

Aurreko maiatzean, talde anarkistekin harremanak zituela jakin ondoren, 4 urteko zigor gehigarria ezarri zion justiziak, 41-bis erregimenaren pean.

Abenduan, Erromako auzitegi batek ezetsi egin zuen bere abokatuek 41-bis erregimena baliogabetzeko aurkeztutako errekurtsoa. Martxoaren 7an Gorte Gorenak helegite berri baten inguruko ebazpena emango du.

Eztabaida politikoaren erdian

Halaber, bestelako kontuek erdigune politikora eraman dute Alfredo Cospito. Astearte honetan tentsioa sortu zen Italiako Diputatuen Ganberan, Giovanni Donzelli diputatu ultrak Italiako Anaiak (FdI) esan zuenean uste duela mafia Cospito «erabiltzen» ari dela «Estatuak 41 bis kategoria ezetsi dezan». Ulertzera eman zuen, gainera, Alderdi Demokratako (PD) zenbait diputatuk buruzagi anarkistari asteon egin dioten bisitak «terroristen eta mafiaren» aldean kokatzen zutela.

Donzellik Cospitori buruz esandakoa sekretupeko informazioa da eta, beraz, oposizioak diputatu honen eta dimisioa eskatu du, baita Andrea Delmastro Justiziako idazkariordearena ere. Oposizioko taldeek uste dute sekretupeko informazioa helburu politikoekin egin dutela publiko.

Tokiko hedabideen arabera, Erromako Fiskaltzak ikerketa bat ireki du, «sekretu ofizialak ezagutuz eta erabiliz, Donzellik ‘Ndrangeta eta Camorra’ taldeetako ordezkariek Alfredo Cospitorekin dituzten intertzeptazioak argitara eman ondoren».