NAIZ

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen deia matrikulazioaren atarian: «Zatoz gurekin!»

Matrikula ikastetxe publikoetan egiteko eskatu diete herritarrei Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideek. Gainera, Lakuak hartutako neurriak kritikatu dituzte, matrikulazio prozesuak «irakaskuntza pribatu-itunduaren aldeko planifikazioan» oinarrituta jarraituko duelako. 

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideek Bilbon egin dute agerraldia.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideek Bilbon egin dute agerraldia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Laster hasiko da 2023-24 ikasturterako umeen matrikula egiteko epea, ikastetxea aukeratzeko garaia, alegia; eta Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideek hezkuntza publikoaz «harro egoteko arrazoiak» helarazi dizkiete «zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere».

Bilbon egindako agerraldi batean azaldu dutenez, «harro gaude unibertsala delako: herritar guztientzat irekia eta doakoa den bakarra. Euskalduna delako: gaurko eta etorkizuneko euskaldunak hezten. Anitza delako: ezberdinen arteko elkarbizitza aberatsa egunero biziz ikasten delako. Inklusiboa delako: denona da, eta denontzat, inor atzean uzten ez duen eskola. Herritarra eta parte hartzailea delako, gurea, komunitate osoarena familia, ikasle, irakasle, eta langileena. Jasangarria delako: etxe ondoan egonik ingurunearekin guztiz bat egiten duelako, herri eta auzoak bizitzaz betetzen. Eta langileak kontratatzean berdintasuna, meritu eta gaitasuna dituelako irizpide».

«Osasuna, zaintza, pentsioak, hezkuntza... zerbitzu publiko horien guztien kalitateak jendarte baten ongizate maila adierazten du. Euskal Herri osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere, horiexek dira defendatu behar ditugunak, Hezkuntzan, Eskola Publikoa», gaineratu dute, eta ikasleen onarpen prozesu berria kritikatu dute.

Onarpen dekretua eta aginduak

Diotenez, «aurten araudia aldatu dute baina irakaskuntza pribatu-itunduaren aldeko planifikazioan oinarrituta jarraituko du matrikulazio prozesuak hezkuntza itunak blindatu baitituzte. Bestalde, zonifikazio berriak, zonalde handiagoekin, ikastetxeen arteko lehia sustatzen du eta ikastetxe ahulenak arriskuan ipintzen ditu, horietako gehienak publikoak».

«Hezkuntza Saila lau haizeetara goraipatzen ari den berrikuntzak, gehienez jota, egoera zaurgarrian dauden ikasle multzo bat, orain arte ikastetxe publikoetan matrikulatzen zena, ikastetxe pribatu-itunduetara bideratuko du, aldi berean diru eta baliabide gehiago ikastetxe horiei emango dielarik. Begi bistan dago horrek sistemaren pribatizazioa areagotuko duela. Gainera, sare publikoa ahultzeak, D eredua ahultzea ekarriko du hainbat ikasle itunpeko A edo B ereduko ikastetxeetara bideratuko direlako, euskararen kaltetan», gaineratu dute.

Haien esanetan, «araudi berriak ikastetxe guztiek berariazko premiak dituzten ikasle-portzentaje bat hartu beharko dutela dio. Azkenean, Jaurlaritzak onartu behar izan du gizarte-justiziako arazo bat dagoela, segregazioa alegia, urteetan ez ikusiarena egin ondoren; baina arazoaren kausari aurre egin beharrean, sintomari baino ez dio heltzen. Sintoma da ikasleen banaketa onartezina bi sareetan, eta horren kausa irakaskuntza pribatu-itunduaren presentzia izugarria, ituntze-maila ia erabatekoa, eta bere praktika txarren gaineko kontrol falta».

Egungo eredu duala

«Kontua ez da mota bateko edo besteko ikasleak banatzea, horrek dakarren estigmatizazio arriskuarekin, egungo eredu duala blindatzen jarraituz, baizik eta eskola publikoen sare orekatu eta indartsu bat eraikitzea», azpimarratu dute, eta «eskola plaza pribatu-itunduen gaineskaintza» dagoela ohartarazi dute. «Hezkuntza Sailak eskola-plazen gaineskaintza saihesteko asmoa adierazi bazuen ere, ondorengo aginduaren arabera pribatuaren eskaintza osoa mantendu du», eta horrek «zuzenean kaltetu eta murriztuko du sare publikoa, plaza publiko berriak sortu beharrean, itunpeko sareari nahi adina hazten utzi zaiolako».

«Benetan sinistuko balute eskola publikoak lehentasuna behar duela, ikasleen onarpena zonaldeko, auzoko edo herriko eskaintza publikoak egiten duen gelen arabera egin beharko litzateke, eskola-plazen eskaintzaren planifikazio arrazionalaren ondorio logiko gisa hezkuntza-itunak pixkanaka murriztuz, eskolatze orekatua lortuz eta ume guztien eskubideak bermatuz», esan dute.