NAIZ

Aspanogik X. Elkartasun ipar martxa antolatu du, «gizartearen parte hartzea» bultzatzeko

Aspanogi Adingabe Minbizidunen Familien Gipuzkoako elkarteak hamargarren aldiz antolatuko du elkartasunezko ipar martxa Donostian. «Gizartearen parte hartzea» bultzatu nahi dute elkartasun ekintzarekin.

Aspanogiko kideak eta Foru Aldundikoak gaurko aurkezpenean
Aspanogiko kideak eta Foru Aldundikoak gaurko aurkezpenean (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Otsailaren 15ean Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna izango da, eta egun horren harira, Otsailaren 12an Aspanogi elkarteak X. elkartasun ipar martxa antolatu du Donostian. «Zaintzaileen figuraren garrantzia» azpimarratu nahi du adingabe minbiziadunen familien Gipuzkoako elkarteak. Astelehen honen goizean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera aurkeztu dute.

Piratek (minbizia duten haurrei horrela deitzen die elkarteak) eta euren familiek bizi duten egunerokotasunaz hitz eginez, enpatia eta elkartasuna bultzatzea du xede Aspanogi elkarteak bere 25.urteurrenean. Horregatik, ‘25 urte piraten alde martxan’ izango da lelo nagusia.

Azaldu dute gaixotasun «ezezaguna» dela adin-txikikoen kasuan, baina «errealitate» bat dela, eta aipatu Donostiako Unibertsitate Ospitalean 25-29 kasu berri tratatzen direla urtean, eta «gizarteratu beharreko gaia» dela.

Gipuzkoako ikastetxe eta udalen parte-hartzea nabarmendu dute agerraldian. Ikastetxeetan Bbizi iraupen bat #zure eskuetan’ ekimena jarri zuten martxan, eta udalerrietan urre koloreko logoa daramaten pankartak egingo dituzte, ikur hori izango baita otsailaren 15ean minbiziadun haurren alde zabaldutakoa. Aspanogik, pasa den urtean gereziondo bat landatu zuen Porrotxekin batera, eta aurten ere ekitaldia egingo dute hilaren 15ean; «pirata, familia eta beraien zaintzan parte hartzen dutenak» gonbidatu dituzte.

Martxa, ez lasterketa

Aspanogi elkarteak elkartasun martxa bat dela argitu du, eta ez lasterketa edota lehiaketa bat. 11.00etan abiatuko da Saguesetik mosaiko bat egin ostean; helmuga Haizearen Orrazian izango da eta 6,1 kilometroko distantzia izango du martxak. Horren aurretik Mari Jose Villalba entrenatzailearen eskutik egingo dira beroketak, eta Porrotx zein Legion 501eko laguntzaile inperialak ere bertan izango dira.

Martxan izena emateko www.herrikrosa.eus atarian egin behar da, edota zuzenean egunean bertan 9.30etatik aurrera.