NAIZ

EAEko hezkuntzako langile guztiak aintzat hartuko lituzkeen akordioa aldarrikatu du LABek

LABek lan baldintzen inguruko oinarrizko akordioa bideratzeko dei egin dio Lakuako Hezkuntza Sailari. «Negoziazio kolektiboa kaltetu gabe, era orokorrago batean hezkuntzako langile guztiak aintzat hartuko lituzkeen akordioa» bideragarria dela azaldu du.

Irati Tobar eta Garbiñe Aranburu astelehen honetan egindako agerraldian.
Irati Tobar eta Garbiñe Aranburu astelehen honetan egindako agerraldian. (LAB)

LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk astelehen honetan adierazi duenez, «Euskal Hezkuntza Sistemak eraldaketa sakona behar du, eta bide horretan langileen lan baldintzei ezinbestez erreparatu behar zaie».

Hala, Aranburuk eta irakaskuntzako arduraduna den Irati Tobarrek lan baldintzen inguruko oinarrizko akordioa bideratzeko dei egin dio Lakuako Hezkuntza Sailari.

«Negoziazio kolektiboa kaltetu gabe, era orokorrago batean hezkuntzako langile guztiak –publikoak, itunduetako ikastetxeetakoak zein azpikontratatuak direnak– aintzat hartuko lituzkeen akordioa», aldarrikatu du Tobarrek.

Akordioaren oinarriak

Langile publikoei dagokionez, lanpostuak mantendu eta «esleitzeko irizpideak» adostu beharko lirateke,  «haurreskoletan doakotasunaren ondorioz sortuko liratekeen behar berriei erantzuteko lanpostu berriak sortuz».

Jantoki-ereduaren gaineko azterketa egitea proposatu du sindikatuak, «langileen kudeaketa publikorako aukera aztertuz»; eta kategoria berdina duten eta lan eta funtzio berdina egiten duten langileei soldata ekiparatzea aldarrikatu du.

«Bide batez, kolektibo feminizatu eta prekarizatuenen lanari duen balio politiko, sozial eta ekonomikoa aitortzea», eta langile kolektibo guztiak euskalduntzea eskatu du ere, «batetik, LPZetan hizkuntz-eskakizunak zehaztuaz; eta bestetik, plan bereziak eginez Lanbide Heziketan edo Sukalde eta Garbiketan».

Itundutako ikastetxeetako langileen kasuan, LABek sarbidea gardena ezartzea aldarrikatu du, «meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioetan oinarritu eta eskaintzen publizitatea bermatua duena».

Era berean langileen soldaten ekiparazioa eta lan-baldintzen homologazioa adostu behar dela adierazi du, eta akordioak publifikatuko liratekeen ikastetxeetako langileak subrogatzeko konpromisua jaso behar duela ohartarazi du.

Azpikontratako langilei dagokionez, LABek halako proposamena egin du: «Lehentasunez garbitzaile, jantokiko hezitzaile eta autobusetako langileak lehengoratu edo langile publiko bilakatzea aztertzea. Eta hori egin ezean, lehentasunez ekiparazio eta homologaziorako azterketa egitea».