Frantziar Asanblea Nazionalak atzo, otsailaren 6an, ekin zion erretreten erreforma proiektuaren eztabaidari. Alta, gaur eta baita larunbatean ere, norgehiagioka karrikara itzuliko da, berriz ere.
Hirugarren greba eta mobilizazio eguna abian da astearte honetan frantziar Estatu osoan.
Euskal Herriari dagokionez, goizeko 10.30ean eman dute hitzordua intersindikala osatzen duten CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek.
Suprefeturan amaitzen ohi dute sindikatuek deituriko ekimen gehienek Baionan. Izan ere, ohiturari zor Santa Ursulatik abiatu den mobilizazioak bertze helmuga izan du gaurkoan.
Hala San Leonera heldu eta biribilgunea okupatu dute manifestariek.
Erretreten erreforma: manifestariak Baionako Saint Leongo biribilgunea blokeatzen ari dira https://t.co/3W71zUas6B pic.twitter.com/lo0dJfMvlw
— kazeta.eus (@kazetaeus) February 7, 2023
Hautu horrekin ondoko asteotan protestek hartu dezaketen bilakaera irudikatu zuten sindikatuek, Emmanuel Macronen Gobernuari aurre egiteko presio aregotu beharko dela oharrarazita.
CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuetako ordezkariak izan dira martxaren buruan.
Edonola ere LAB eta ELB laborarien sindikatuen presentzia nabarmena izan da.
LABeko hainbat kidek, bestalde, 62 urtetik 64 urterara erretiro adina gibelatuko duen erreforma salatzeko pankarta zintzilikatu dute Herriko Etxeko balkoitik.
Hain zuzen sindikatu abertzaleak, bihar, otsailaren 8an, Hendaia eta Irun arteo martxa bat deitu du, goizeko 11.00etan, bi estatuetako erreformak salatzeko eta babes sozialerako ereduari buruzko erabakiak Euskal Herrian hartzea galdegiteko.
Oroitzearren, urtarrilaren 19an egin zen Elisabeth Borne lehen ministroak bultzaturiko egitasmoa arbuiatzeko lehenengo greba eta mobilizazio eguna. Frantses estatuan milioi bat manifestari baino gehiako karrikatu ziren. Baionan 11.00tik gora jendek bat egin zuen sindikatuen deialdiarekin.
Handik hamabost egunera, urtarrilaren 31n 17.000 manifestari kontatu zituzten antolatzaileek Lapurdi hiriburua zeharkatu zuen martxan.
Larunbatean beste mobilizazio bat Baionan
Heldu den larunbaterako beste deialdi bat egin du intersindikalak. Asteburuan egingo den lehen deialdia izanik mobilizazio jendetsua aurrekusi daiteke.
Gaurko deialdiak, ordea, bilan zerbait apalagoa utzi dezake grebaren jarraipenari dagokionez. Ez da ahantzi behar hainbat eskualdetan, Euskal Herria kasu, eskola oporrak direla.
Hala eta guztiz ere, esaterako Parisko garraio zerbitzuan eragina izan du gaurko greba egunak. Ipar Euskal Herriari dagokionez, ez hainbeste.
Neurgailu bat hartzearren, azkeneko bi deialdietan greba sentitu zen Biarrizko aireportuan. Gaur goizean, ordea, hegaldi guztiak bermatuak izan direla jakitera eman du aireportuko zuzendaritzak.
Manifestazioan jende ugari batu da ere, joan zen asteko deialdi jendetsuarekin alderatuta zeharo apalagoa izan da herritarren parte-hartzea.
Martxa bukatu denean intersindikalak 12.000 lagun mobilizatu direla gaur Baionan jakitera eman du. Poliziak, ordea, 7.000 lagun bildu direla Lapurdiko hiriburuan zabaldu du.