«Ohitura horrekin batera, badira ohiko bihurtu diren beste jarrera onartezin batzuk eta horiek ez dira sagardoaren kulturaren parte», azpimarratu du. Izan ere, sagardoaren aitzakiarekin «sexu erasoak, arrazistak edota bizilagunen atsedena oztopatzen duten jarrerak izaten dira maiz Hernanin». Hala, kanpainarekin adierazi nahi dute jarrera horiek ez dutela lekurik Hernanin eta ez dutela zerikusirik sagardoaren kulturarekin.
Kanpainaren baitan, sare sozialetan bideo bat zabalduko dute eta autobus markesinetan kartelak jarriko dituzte honako esaldiekin: «Zu lolo, lolo, lolo eta bizilagunak lo egin ezinda?», «Zenbat aldiz esan behar zaizu ezetz, bakean uzteko?», «Txinita, beltza, moro ez dira inor izendatzeko moduak. Hori arrazakeria da», eta «Erasoak eraso dira, baita zure lagunak egiten dituenean ere».
Txotx garaia zenbakietan
Hernaniko Udalak txotx garaiaren inpaktua ezagutzeko asmoz, azterketa bat enkargatu zuen 2018an. Herriko 12 sagardotegiek 1.800 plaza eskaintzen dituzte egunero. 60.000 inguruko erretserba izaten dute denboraldi osoan; erreserben ia erdia martxoan.
2018ko denboraldian kanpotik iritsitako 466 autobus zenbatu zituen (gutxi gorabehera 24.000 pertsona). Horietaz gain, trenean, autobus erregularrean eta autoz joaten direnak daude.
Hernanira joaten den jende kopuru handia kontuan izanik, Udalak neurri zehatz batzuk hartzen ditu. Kale garbiketa indartu egiten da asteburuan, batez ere herrigunean. Kaleko komun gehiago ere jartzen dituzte Gudarien plazan, Atzieta kalean eta Zinkoenean, eta Plaza Berriko komun publikoak irekitzen dituzte, Nafar kaleko komunekin batera. Autobusek aparkatzen duten poligonoan ere autobusak jarriko dituzte.
Honekin lotuta, Udalak adierazi du herriguneko bizilagunen artean kezka handia sortzen dutela jendeak kalean egiten duen pixak. Udaltzaingoak arreta berezia jartzen du horretan, 200 euroko isunak jarriz (60 euro unean ordaintzen bada).
Liskarren prebentzioari dagokionez, Udaltzaingoak zerbitzua indartzen du eta Ertzaintzak kontrola egiten du hainbat puntutan.
Jendea sagardotegietara gerturatzeko, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuz, hiribusa sagardotegi guztietatik pasatzen da. Taxien zerbitzuua ere indartzen da.
Eraso matxisten aurkako protokoloa
Txotx garairako eraso matxisten aurkako protokoloa martxan jarri du Hernanik eta, horren barruan, ostalariek formakuntza jaso dute, erasoren bat antzemanez gero, protokolo hori martxan jartzeko.
Berriro bueltan da ‘Indarkeria sexistarik gabeko gunea’ Nafar kalera. Aurreko urteetako esperientzia ondo baloratuta, aurten ere jarriko da. Bertan, informazioa egongo da. Erasoa jasan dutenentzako zerbitzua da, baita erasoren bat ikusi eta horren berri eman nahi dutenentzat. Otsailaren 25tik aurrera, larunbatetan, 18:00etatik 22:00etara.
Horrekin batera, Udaltzaingoaren 092 telefonoa edo 112 larrialdietarako telefonoa daude 24 orduz erabilgarri. Udaltzaingoak ere Gudarien plazan jarriko du kaseta, edozein eraso edo istiluren berri jasotzeko edo informazioa eskaintzeko.