NAIZ
Kahramanmaras

Etsipena eta Estatuarekiko haserrea, hondamendiaren erdian

Frustrazioa eta Estatuaren kontrako sumina pilatzen dira hondamendiaren epizentroan, Turkiako hego-ekialdean eta Kurdistango iparraldean. Asteleheneko lurrikarak eragindako hildako kopurua etengabe gora doan bitartean, bizirik ateratakoek ez dute laguntzarik ikusten eraikin suntsituen artean.

Norbait bizirik ateratzeko lanak, Kahramanmaraseko hondakinen artean.
Norbait bizirik ateratzeko lanak, Kahramanmaraseko hondakinen artean. (Adem ALTAN | AFP)

7,8ko indarreko asteleheneko lurrikararen epizentroan, Turkiako hego-ekialdeko Kahramanmaras probintzian, hondamena eta atsekabea baino ez dago. Baina laguntzarik ez. Atzo ez zen kanpotik inolako laguntzarik iritsi Kapadoziako hegoaldeko milioi bat biztanletik gorako hiri suntsitu horretara.

Hor, hegoalderago dagoen Hatayn bezala –antzinako Antiokia Siriako atarian– herritarren artean frustrazioa eta gorrotoa dira nagusi, agertu ez den Estatuaren kontra.

‘Maras’-en, Ali Sagirolgluk, bi egun igaro ondoren, sorospen zain dago oraindik, bere anaia eta bere iloba berriro ikusi ahal izateko itxaropenarekin. Etxearen hondakinetan harrapatuta daude.

Ebrar erdialdeko auzoko hamar solairuko zortzi eraikinek azpian harrapatu zituzten. Goizeko 4.00ak ziren. Lotan zeudenetatik oso gutxik lortu zuten garaiz ateratzea.

«Non dago Estatua? Non dago? Begira ingurura. Ez dago polizia bat ere, jainkoarren! Bi egun igaro dira eta ez da inor ikusten. Adreilu bat ere ez dute ekarri. Haurrak izoztuta daude», dio Alik saminez.

Aurreko gauean, ezbeharraren ondoren, haizete eta euri jasak izan ziren eta bizirik zeudenek hotzak jota egon behar izan zuten.

Babesteko denda bat ere izan gabe, autoa zeukatenek barruan igaro zuten gaua. Besteak kalean piztutako suen ondoan elkartu ziren.

«Atzo goizean oraindik entzuten ziren hondakinen artetik laguntza eske ari zirenak, baina hil egin dira. Jendea, seguruenik, hotzez hil da», azaldu du laguntza eske dabilen agure batek.

Bere esanetan, gutxienez 150 pertsona geratu ziren eraikin bakoitzean harrapatuta.

Kale suntsituetan, ihes egitea lortu zutenak zain zeuden mantetan bildutako beren senideen gorpuen ondoan. Inor ez da haien bila etortzen.

Cupa Ylidizen etxean haserrea eta mina batzen dira. Non daude? Hitz eta pitz aritzen dira, txakurrak bezala borrokatzen dira, baina non daude orain?», oihukatu du agintarien hutsunea nabarmenduz.

«Ez zarete Jainkoaren beldur? Ez duzue errukirik? Zergatik ez zarete hona etorri?».

Absentzia hori gezurtatzeko asmoz, Suleyman Soylu Barne ministroa Kahramanmarasen agertu zen atzo eta adierazi zuen dagoeneko 2.000 sorosle eraman dituztela hondamendia gertatu den tokietara.

Frustrazioa hazten doan heinean, Recep Tayyip Erdogan presidenteak asteartean larrialdi-egoera deklaratu zuen kaltetutako probintzietan eta «adituen» atzean babestu zen: «Lurrikara honek mundu osoan aurrekaririk ez duela esaten dute», adierazi zuen.

Hildakoen zifra ofiziala 4.500era igo zen Turkian eta 1.500era Sirian.

Hondamendiaren larritasunaren aurrean -aurrekari gutxi izan duen indarreko astinaldiak eta ondorengo hotz bolada- Estatua geldirik dagoela dirudi.

Hala salatu zuten HDP ezkerreko alderdiko ordezkariek. «Estatu hau, Gobernu hau, ez da ezer egiten ari. Hemen geratuko gara gure elkartasuna adierazteko», adierazi zuten. Kurduen aldeko alderdi honen eskuinaldeko erakundeek laguntza biltzen ari direla azaldu zuten.

Hatayn –hegoalderago baina hori ere kazkabarrak eta euri zaparradek itota– bizirik atera zirenak abandonaturik geratu ziren. Biztanleek egoera benetan larria bizi dute. 40 urteko Onur Kayai bere etxe suntsituaren aurrean dabil bere ama eta anaiari laguntzeko norbait etor dadila eskatzen.

Saiatu da senideak bere eskuekin askatzen. «Anaiaren buruaren gainetik hiru harri mugitu nituen, baina gogorregia da. Amaren ahotsa oraindik argi entzuten da, baina anaiarena ezin dut gehiago entzun», adierazi zuen.

«Ez dut inongo laguntzarik ikusten. Afaten (larrialdi zerbitzua) autoak bilatu ditut, baina batzuk diotenez, haren eraikina ere erori egin da», gaineratu zuen.

Edonora begiratu eta hondamena eta etsipena baino ez dago. Laguntzarik gabe, janaririk gabe, komunikaziorik gabe... jendea bere kabuz moldatu beharko duen beldur da.

Semire Coban, 45 urteko maistra, ikusi dituen bi erreskate taldeen atzetik dabil etsi-etsian. Bere hiru senide, iloba bat barne, lurpean daude. «Baina nahiago dute ahotsak entzun daitezkeen tokietan saiatu», azaldu du. Semireren senitartekoek, ordea, ez dute erantzuten.

Gosea eta hotza

Sanliurfan otoitzerako lehen deia entzuten denean, seismo hilgarriaren ondoren, oraindik ez da eguna hasi eta askorentzat goseak gogor jotzen du. «Ogirik aurkitu al duzue?», galdetu du adineko gizon batek. Kaleak hutsik daude Ipar Kurdistango hiri honetan. Tenperatura zero gradutik gorakoa da, baina sentsazio termikoa hortik beherakoa. Denda batek ere ez ditu pertsianak igo eta astelehen gauean denei ogia falta zitzaien.

Handik 100 metrora, Hilton hotel izugarriaren hesien atzean, dozenaka familiak babesa aurkitu zuten lekuan, «zopa» eta «ogia» hitzak denen ahotan zebiltzan.

«Atzo 15.00etan iritsi ginen hona. Hotelak zopa eman zigun gauean, baina gaua jada igaro da. Gose gara eta haurrak ere bai», azaldu dio 42 urteko Imam Çaglar-ek AFPri. «Okindegiak itxita egongo dira gaur, ez dakit nola aurkituko dugun ogia», dio hiru haur dituen gizon honek.

Erreplika etengabeen beldur, ez zaio burutik pasatu ere egiten kale gutxitara dagoen bere etxera janari bila joatea. «Hiru solairuko eraikin bateko lehen solairuan bizi gara eta beldur handiegia dugu itzultzeko», esan du.

«Zopa edalontzi txiki bat jaso dugu, ez da nahikoa», kexu da Mehmet Çilde. 56 urte eta sei seme-alaba ditu eta udal agintaritzak janaria banatzea espero zuen, «baina ez dugu inolako informaziorik, ezer ez», kexatu da.

Filiz Çifçik bezperan etorbidean egin zen zopa banaketara kale egin zuen, haize hotz eta euripean ez itxaroteagatik.Ez daki haurrek datozen egunetan jateko nahikoa izango duten. «Oraingoz, gure burusiak besterik ez ditugu. Hemen, behintzat, ura edangarria da».