NAIZ

Gregorio Eskudero Orioko presoaren giza eskubideak errespetatu ditzatela eskatu dute

Ia preso guztiak Euskal Herriratu badituzte ere, espainiar Estatuko kartzeletan dagoenetako bat da Gregorio Eskudero. Orion hainbat pertsona ezagunek adierazpena sinatu dute bere giza eskubideak errespetatu daitezela eskatuz.

Hainbat oriotarrek sinatu dute adierazpena.
Hainbat oriotarrek sinatu dute adierazpena. (NAIZ)

Gregorio Eskudero Orioko presoa espainiar Estatuan oraindik sakabanatuta dauden 7 presoetako bat da. 21 urte daramatza espetxean eta Dueñaseko kartzelan dago, Palentzian. 30 bat eragilek izenpetu dute Eskuderoren giza eskubideak errespetatu daitezela eskatzen duen adierazpena, tartean, Xabier Sukia bertsolaria, Ibon Gaztañazpi kazetaria, Mikel Markez musikaria edo Laida Iturralde dantzaria.

Azaldu dutenez, adierazpenaren xedea da «Orion gertatu diren giza-eskubideen urraketen aitortza egin eta, ahots-gora eta mugarik gabe, giza-eskubide horiek beraiek balioan jartzea, gure arteko elkarbizitzan lagungarri izango direlakoan». Halaber, agiria sinatu dutenek eskatu dute «beste edozein pertsonari bezala, Gregorio Eskuderori ere, gizaki izateagatik bakarrik dagozkion eskubideak bete daitezela eskatzera gatoz. Besteak beste, bere Euskal Herriratzea, eta bere progresioaren baitako eguneroko bizi-baldintzen hobetzea».

Izan ere, 2002an atxilotu zutenetik lehen graduan izan dute Eskudero denbora luzez, eta gaur egun 70 urte dauzka. Joan den larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Orion, Sarek deituta. Mobilizazioan Euskal Herriratu dezatela eskatu zuten eta presoari babesa adierazi zioten. Une honetan, bera da Urola Kosta eskualdeko presoen artean gerturatu ez duten bakarra.